Euskalgintzaren Kontseiluak eta Bagera Donostiako euskara elkarteak elkarretaratzea deitu dute gaur hilak 12, ostirala, Donostiako Alderdi Ederren 18:30etan. Motiboa, oldarraldi judizialaren azken atala: Donostian udaltzain izateko lan deialdian euskara eskatzea diskriminatzailea dela ebatzi baitu abenduaren 22an Donostiako Administrazioarekiko 3. Epaitegiak. Azaroan manifestazio handia antolatu zuen Kontseiluak oldarraldi hau salatzeko, eta ordura arteko hainbat kasuren errepasoa argitaratu genuen epaiz epai. Baina berdin jarraitzen dugu, zerrenda hartako Laudioko kasua, euskara "zaila" zela zioena besteak beste, berretsi egin du abenduan EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak (euskararen kontra berretsi, esan gabe doa), eta jarraian Donostiako udaltzaingoarena iritsi da,
Udaltzain lanpostura aurkeztu nahi zuen herritar batek hasi zuen auzibidea, eta Jose Ignacio Hierro Lage epaileak sinaturiko epaiak arrazoia eman dio. Epaiak dio "kargu publikoetara baldintza berdinetan iristeko oinarrizko eskubidea urratzen duela" euskararen ezagutza eskatzeak, eta hori "hizkuntzagatiko diskriminazioa" dela. Epaileak Konstituzioko 14. artikulua aipatzen du eta azaltzen du horren arabera "debekatua dagoela Espainiaren parte den lurralde batean koofiziala den hizkuntza bat ez jakiteagatik inor diskriminatzea. Gaztelania, ordea, derrigorrez jakin behar da, Konstituzioaren 3.1 artikulua aplikatuta. Euskararekin ez da hala gertatzen, EAEko hizkuntza koofiziala izanik, ezagutzeko eta erabiltzeko eskubidea baitute herritarrek, baina ez ezagutzeko obligazioa".
Donostiako Udalak helegitea aurkez dezake, eta aurkeztuko du seguruenik. Bertako udal taldeetako bik, EAJk eta EH Bilduk, agiri bateratua kaletatu dute epaia salatuz. "Epai hau beste katebegi bat da euskararen normalizazioaren eta euskaldunen eskubideen aurka azkenaldian egiten ari den oldarraldian. Kezkaz ikusten dugu auzitegietatik hartzen ari diren erabakien ondorioek atzerapauso handiak eragin ditzaketela urte luzeetako ahaleginari esker lortutako eskubideetan eta euskararen biziberritze prozesuan. Horrez gain, epaiak zuzen eragiten dio udal autonomiari eta, kasu honetan, Donostiako Udalak bere zerbitzuak eta baliabideak donostiarren beharren arabera antolatzeko eta egokitzeko duen eskumen eta betebeharrari."
Euskalgintzaren Kontseiluak salatu du sententzia hauen bidez botere judiziala hizkuntza-politikaren joko-arauak aldatzen ari dela, euskararen ofizialtasuna bera kolokan jarriz eta, beraz, normalizazio prozesua oztopatuz eta herritarren eskubideak kaltetuz.
Epaia salatu dute halaber ELA eta LAB sindikatuek, eta Bagera euskara elkarteak. Azken honen oharrak dio: "Epaitik epaira kezka hori larritzen ari zaigu, gero eta argiago geratzen ari baita kasuan kasuko ebazpenetik haragoko joera bat dela, oldarraldi judizial bat. Are, euskararen normalizazio prozesua trabatu eta egindako bidean atzerapausoak eragiteko olatu erreakzionario, atzerakoi eta euskarafoboa."
Protestatzeko elkarretaratzea: gaur ostirala, urtarrilak 12, Donostiako Alderdi Ederren 18:30etan.
Erantzun
Sartu