Elhuyar 1972an jaio zen zientzia eta euskara uztartzeko asmoz. Elhuyarrek Kultur Elkarte bezala egin zituen lehen urratsak eta 2002an Fundazio bihurtu zen. Ordutik, Elhuyar Fundazioak etengabe dihardu lanean zientzia eta teknologia gizarteratzeko eta euskararen garapena bultzatzeko. Elhuyar Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da eta hainbat diru-iturriri esker dirau lanean: bazkideen ekarpenak, diru-laguntza publikoak eta Elhuyarrek ekoizten dituen produktuetatik lortutako mozkina. Elhuyarren xedea hauxe da: Euskara zientzian, teknologian eta gizartean sendotzen eta harentzako arlo berriak eraikitzen egiten dugu lan, euskal komunitate aktiboa eta kritikoa helburu
Elhuyar BECen egiten den Umeen Gabonetako Parke erraldoian izango da lehen aldiz, eta haur eta gazteentzako zientzia-eta teknologia-jarduerak eskainiko ditu. Jarduera hauek “STEAM gunea” izeneko txokoan izango dira urtarrilaren 5era. Gunea Eusko Jaurlaritzaren STEAM Euskadi arloaren eta Innobasque-ren laguntzarekin sortu da. Tailerren helburua da 6 eta 16 urte bitarteko haur eta nerabeen zientzia eta teknologiarekiko zaletasuna bultzatzea. Emakume ikertzaileek gidatuko dituzte tailerrak, zientzia eta teknologiako profesionalen inguruan izan ditzaketen irudi estereotipatu okerrak baztertzeko.
Irakurketa-idazketa prozesuan irakurtzeko zailtasunak dituzten ikasleei laguntzeko tresna bat da Irakurle Digitala, web-nabigatzaileetan instalatzeko plugin bat, eta orain 6 hizkuntzatan erabiltzeko aukera dago Elhuyarren TTS ahotsei esker. 2016an gizarteratu zen lehen bertsioa; Elhuyarrek garatu zuen, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailaren babesarekin, eta Berritzegune Nagusiak denon eskura jarri zuen. Tresna hau Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak sustatu du eta Elhuyarrek garatu du.
CAF-Elhuyar sariketaren 30. edizioko sariak “konta(kta)tu” lelopean banatu dira Tabakalerako Kutxa Kultur Plazan (Donostia). Ander Tobalina Novo, Antton Babaze Aizpurua, Uzuri Albizu Mallea, Enekoitz Telleria Sarriegi eta Mikel Ojinaga Juárez dira sarituak. Sorkuntza-beka FEMIAS KOLETIBA taldeak aurkeztutako FemPRONT proiektuak jaso du. Alejandra Bueno de Santiago, Laura Martinez Martin eta Aiskoa Perez Alonsok osatzen dute taldea. CAF-Elhuyar merezimendu-saria Miren Basaras Ibarzabalentzat izan da, euskarazko dibulgazioan erreferentea delako, mikrobiologiaren eremuan bereziki.
Elhuyarrek hitz-jolas bat jarri du martxan Elhuyar Hiztegiaren webgunean, erabiltzaileek euskarazko idazkera errepasatzeko eta hobetzeko aukera izan dezaten. Azkar eta erraz, bost galdera berri erantzun ahal izango dituzte egunero.
Elhuyar Zientzia Azokan izena emateko epea zabalik da. Azokan parte hartu nahi dutenek webgunean eman beharko dute izena. 2025eko edizioan, gainontzekoetan bezala, ikasleek ikertzaileen laguntza jasoko dute proiektuak garatzeko.
Elhuyarrek eta DIPCk hamalaugarren urtez antolatu duten ON ZIENTZIA bideo-lehiaketaren sari-banaketa ekitaldia izan da aste honetan Donostiako Tabakaleran. “El viaje de SiO2” eta “Txantxangorri kuantikoa eta bestelako izaki magikoak” bideoek jaso dituzte sari nagusiak. Errenteriako hiru ikaslek jaso dute Gazte Saria, “Dolly ardia” lanarengatik.
Zientzia eta teknologiaren arloko gaiak eta ikerketak euskaraz gizarteratzeko lanak aitortzea eta bultzatzea du helburu CAF-Elhuyar sariketak. Konta(kta)tu da aurtengo goiburua, eta uztailaren 1a arte izango da lanak aurkezteko aukera. Aurtengo edizioan 13.000 euro banatuko dira, 4 kategoriatan.
Elhuyar Zientzia Azokak 800 gazte bilduko ditu Bilboko Areatzan, maiatzaren 25a bitartean, ikasturtean egin dituzten 200STEAM proiektu erakusteko. 70 ikastetxetako 800 gaztek hartuko dute parte, eta 200 proiektu egongo dira ikusgai. Euskal Herriko ikastetxeetako gazteez gain, Espainiako eta nazioarteko azoketako saridunak ere izango dira: 11 talde etorriko dira. Maiatzaren 25ean (larunbata) egingo da sari-banaketa. Ikasketa-bekak eta Espainiako zein nazioarteko azoketarako bidaiak jasoko dituzte.
“Elhuyar Zientzia Azoka | Gipuzkoa” egin da gaur Usurbilen. Azokan parte hartu duten 73 gaztek ikasturtean egindako proiektuak erakusteko aukera izan dute goizean zehar Usurbilgo frontoian. Han izan dira orobat Jon Abril Olaetxea, Elhuyarreko koordinatzaile nagusia, Agurtzane Solaberrieta Mesa, Usurbilgo alkatea eta Xabier Aranburu Leiva Usurbilgo Hezkuntza zinegotzia.
Webguneko edukiak hainbat hizkuntzatan irakurri ahal izateko aukera eskaintzen duen sistema bat garatu dute Elhuyarrek eta Ikastolen Elkarteko IKT taldeak elkarlanean, eta Orioko Herri Ikastolaren webgunean estreinatu dute. Elhuyarren Elia itzultzaile automatikoa webgunean txertatuta lortu dute eduki guztia, euskaraz bezala, beste zortzi hizkuntzatan ere jaso ahal izatea.
Elhuyarrek eta Euskal Telebistak ekoizten duten Teknopolis saioak 25 urte bete ditu. Urteurrena ospatzeko, ekitaldia egingo da martxoaren 5ean EITBren Bilboko egoitzako Multibox aretoan. Horrez gain, programa berezia izango da martxoaren 10eko asteburuan, Teknopolisek begiak eta oinak espazioan jarri baititu urteurreneko saioa egiteko.
Elhuyarrek Ingurumenari buruz komunikatzeko dekalogoa aurkeztu du Donostian. Dekalogoak biltzen dituen puntu nagusiak azaltzearekin batera, mahai-inguruan hausnarketa egin da klima-larrialdiaren inguruan eta haren berri emateko kontuan izan beharreko gakoen inguruan.