Elhuyar 1972an jaio zen zientzia eta euskara uztartzeko asmoz. Elhuyarrek Kultur Elkarte bezala egin zituen lehen urratsak eta 2002an Fundazio bihurtu zen. Ordutik, Elhuyar Fundazioak etengabe dihardu lanean zientzia eta teknologia gizarteratzeko eta euskararen garapena bultzatzeko. Elhuyar Fundazioa irabazi asmorik gabeko erakundea da eta hainbat diru-iturriri esker dirau lanean: bazkideen ekarpenak, diru-laguntza publikoak eta Elhuyarrek ekoizten dituen produktuetatik lortutako mozkina. Elhuyarren xedea hauxe da: Euskara zientzian, teknologian eta gizartean sendotzen eta harentzako arlo berriak eraikitzen egiten dugu lan, euskal komunitate aktiboa eta kritikoa helburu
Elhuyarrek eta DIPCk hamalaugarren urtez antolatu duten ON ZIENTZIA bideo-lehiaketaren sari-banaketa ekitaldia izan da aste honetan Donostiako Tabakaleran. “El viaje de SiO2” eta “Txantxangorri kuantikoa eta bestelako izaki magikoak” bideoek jaso dituzte sari nagusiak. Errenteriako hiru ikaslek jaso dute Gazte Saria, “Dolly ardia” lanarengatik.
Zientzia eta teknologiaren arloko gaiak eta ikerketak euskaraz gizarteratzeko lanak aitortzea eta bultzatzea du helburu CAF-Elhuyar sariketak. Konta(kta)tu da aurtengo goiburua, eta uztailaren 1a arte izango da lanak aurkezteko aukera. Aurtengo edizioan 13.000 euro banatuko dira, 4 kategoriatan.
Elhuyar Zientzia Azokak 800 gazte bilduko ditu Bilboko Areatzan, maiatzaren 25a bitartean, ikasturtean egin dituzten 200STEAM proiektu erakusteko. 70 ikastetxetako 800 gaztek hartuko dute parte, eta 200 proiektu egongo dira ikusgai. Euskal Herriko ikastetxeetako gazteez gain, Espainiako eta nazioarteko azoketako saridunak ere izango dira: 11 talde etorriko dira. Maiatzaren 25ean (larunbata) egingo da sari-banaketa. Ikasketa-bekak eta Espainiako zein nazioarteko azoketarako bidaiak jasoko dituzte.
“Elhuyar Zientzia Azoka | Gipuzkoa” egin da gaur Usurbilen. Azokan parte hartu duten 73 gaztek ikasturtean egindako proiektuak erakusteko aukera izan dute goizean zehar Usurbilgo frontoian. Han izan dira orobat Jon Abril Olaetxea, Elhuyarreko koordinatzaile nagusia, Agurtzane Solaberrieta Mesa, Usurbilgo alkatea eta Xabier Aranburu Leiva Usurbilgo Hezkuntza zinegotzia.
Webguneko edukiak hainbat hizkuntzatan irakurri ahal izateko aukera eskaintzen duen sistema bat garatu dute Elhuyarrek eta Ikastolen Elkarteko IKT taldeak elkarlanean, eta Orioko Herri Ikastolaren webgunean estreinatu dute. Elhuyarren Elia itzultzaile automatikoa webgunean txertatuta lortu dute eduki guztia, euskaraz bezala, beste zortzi hizkuntzatan ere jaso ahal izatea.
Elhuyarrek eta Euskal Telebistak ekoizten duten Teknopolis saioak 25 urte bete ditu. Urteurrena ospatzeko, ekitaldia egingo da martxoaren 5ean EITBren Bilboko egoitzako Multibox aretoan. Horrez gain, programa berezia izango da martxoaren 10eko asteburuan, Teknopolisek begiak eta oinak espazioan jarri baititu urteurreneko saioa egiteko.
Elhuyarrek Ingurumenari buruz komunikatzeko dekalogoa aurkeztu du Donostian. Dekalogoak biltzen dituen puntu nagusiak azaltzearekin batera, mahai-inguruan hausnarketa egin da klima-larrialdiaren inguruan eta haren berri emateko kontuan izan beharreko gakoen inguruan.
Inor gutxi iristen den lekuak erakutsiz eta jakin-mina piztuz dator zientzia eta teknologiari buruzko saioaren 26. denboraldia. Aurkeztu da Teknopolis zientzia, teknologia eta berrikuntzari buruzko saioaren 26. denboraldia EHUko Bizkaia Aretoko Baroja gelan, Bilbon. Han izan dira Amaia Esquisabel Alegría, Eusko Jaurlaritzako Ikerketa zuzendaria, Gorka García Peral, ETBko Programa eta Arte zuzendaria, Jon Abril Olaetxea, Elhuyarreko koordinatzaile nagusia, eta saioa babesten duten erakundeetako ordezkariak. Hain zuzen, asteburu honetan hasiko da denboraldi berria, eta ordutegi hau izango du: larunbatetan 13:30ean ETB1en eta igandeetan 12:00etan ETB2n.