Gazteen osasun mentala erdigunean jartzea helburu duen Elhuyarren Zurrunbiloa proiektuak kirolaren esparruan egin du hausnarketa oraingoan. 500 nerabe baino gehiagorekin egin du azterketa, eta zenbait psikologo, kirol-entrenatzaile, kirol-ikertzaile eta antropologoren laguntza ere izan du. Nerabeen aurkako biolentzia ikusezinarekin amaitu nahi da, funtsezkoa baita gazteen osasun mentalaren arazoari aurre egiteko behar den eraldaketa soziala gauzatzeko. Kirol esparruko hausnarketa hau egiteko proiektuak Kutxa Fundazioaren eta Elgoibarko udalaren laguntza jaso du.
Nerabeekin egindako azterketatik ondorioztatu da kirola egiten duten nerabeek osasunaren markatzaile hobeak dituztela. Ez hori bakarrik, osasun fisikoa sustatzeaz gain, nerabeen talde-pertenentziaren sentipena indartzeko gaitasuna du kirolak, eta bi horiek funtsezko aldagaiak dira osasun mentalerako. Nerabeen % 85entzat, kirol-taldekideak dira sare sozial sendoena.
Kirolak prestigio handia du gizartean, eta azterketak erakutsi du kiroletik kanpo geratzen diren nerabeek zaurgarritasun-zantzuak azaltzen dituztela. Besteak beste, laguntza eskatzeko gaitasuna murrizten die kirolaren inguruan sortzen den lagun-saretik kanpo geratzeak: % 61k ez du eskatzen laguntzarik behar duenean, nerabeen % 37k duen joera orokorraren aldean. Datu kezkagarria da, laguntza eskatzeko gaitasuna funtsezkoa baita nerabeen osasun mentala bermatzeko.
Kirola ikuspegi inklusibo batetik eta ongizatean zentratuta egiten denean, espazio pribilegiatua da gazteen osasun mentala hobetzeko. Hala ere, nerabeen osasun emozionala ez da beti bermatzen kirolean. Nerabeen osasun emozionalari kalte egin diezaioketen presio-dinamikak ere gertatzen dira. Azterketa honetan, 6 dinamika identifikatu dira, nerabeen aurkako biolentziazko jokaerak direnak: minaren erromantizazioa, jarrera autoritarioak, zaurgarritasuna barregarri uztea, helduen gehiegizko espektatibak, kirolaren hizkera bortitza eta konplize isil moduan jokatzea.
Helburua da nerabeen aurkako biolentziaren ikusezintasunarekin amaitzea, funtsezkoa baita gazteen osasun mentalaren arazoari aurre egiteko behar den eraldaketa soziala gauzatzeko. Horretarako presio-dinamikak identifikatu, genero eta inklusibitate aldetik dauden gabeziak jaso, eta kirolean parte hartzen duten eragileentzako proposamenak jaso ditu Zurrunbiloak (https://zurrunbiloa.eus/kirola-eta-aisia/), zenbait psikologo, kirol-entrenatzaile, kirol-ikertzaile eta antropologoren laguntzarekin. Besteak beste, Iñaki Alonso, futbol-entrenatzailea, Kunina Sport and Education aholkularitzako zuzendaria eta Athletic-eko haurrak babesteko lehen protokoloaren sortzailea; eta Ainhoa Azurmendi, kirol-psikologiako EHUko ikertzailea, Aventoko kirol-aholkularia eta Realarentzat, Gipuzkoako Foru Aldundiarentzat eta kirol-federazioentzat aholkulari-lanak egiten aritutakoa.
Zurrunbiloa proiektua
Zurrunbiloa proiektuak ikuspegi berritzaile batetik heldu dio gazteen osasun mentalaren arazoari. Arazoari modu kolektiboan begiratu eta erantzutea proposatzen du. Gizarteak presioa maila askotan gauzatzen du gazteengan, eta haien osasun emozional eta mentalean eragiten du presio horrek: presio akademikoa, kiroletakoa, estetikoa, soziala… Adituen ustez, helduon gehiegizko espektatibek maila guztietan arrakastatsu izateko presioa egiten diete, osasun emozionala eta mentala urratzeraino. Egiturazko faktoreak aldatu eta presio-dinamikak identifikatu ezean, nekez gaindituko da arazoa.
Proiektuak hiru fase ditu. Lehenengo fasean, adituekin eta testigantzak eman dituzten4lau gazterekin, bost ikus-entzunezkoen serie bat osatu da, besteak beste. Bigarren fasean, Elgoibarren, herri mailako diagnosi bat egin da eta, horri erreparatuta, arazo nagusiak eta haien eragileak identifikatu dira. Eta, hirugarren fasean, gizarteari, emango zaio protagonismoa. Bi urteko ondorioak oinarri hartuta, hausnarketa-prozesu bat irekiko da herrian nerabeen inguruan lan egiten duten eragileekin, herrian egingo den bide-orria adosteko.
Elhuyarrek egin du Zurrunbiloa proiektua, Danobatgroupen babesarekin eta Kutxa Fundazioaren eta Elgoibarko Udalaren laguntzarekin.
Erantzun
Sartu