Martxan da 2025eko Elhuyar Zientzia Azoka. Goizeko 11:00etan eman zaio hasiera, irekiera ofizialarekin. Ekitaldian izan dira, ekimena laguntzen duten euskal zientzia- eta teknologia-sareko eragileekin batera, ekimenaren babesleak; besteak beste: Eider Inunciaga Serna, Bilboko Udaleko Euskara, Herritarren Arreta eta Partaidetza, 2030 Agenda eta Nazioarteko Gaietarako Sailen zinegotzi ordezkaria; Isabel Sarrionandia-Ibarra Fernandez, Bizkaiko Foru Aldundiko Enpresak Sustatzeko Zerbitzuko burua; Eneko Elorriaga Astigarraga, Erabiko Berrikuntzako zuzendaria eta sortzaileetako bat; eta Jon Abril Olaetxea, Elhuyarreko koordinatzaile nagusia.
Azokak iraungo duen lau egunetan, ikasturtean zehar egindako 160 STEAM proiektu baino gehiago erakutsiko dituzte 12-18 urteko gazteek. Guztira, 640 gaztek hartuko dute parte aurtengo azokan. Euskal Herriko ikastetxeetako gazteez gain, Espainiako eta nazioarteko azoketako saridunak ere izango dira gurekin: Vila-realdik (Valentziako Erkidegoa), Kataluniatik, Burgostik, Galiziatik eta Italiatik etorriko dira beste 9 talde.
Aurkeztuko diren 160 proiektuak Garapen Jasangarrirako Helburuekin lerrokatu dituzte (GJH) gazteek, hala nola, Osasuna eta ongizatea, Ekoizpen eta kontsumo arduratsuak, Hiri eta komunitate jasangarriak, Industria, berrikuntza eta azpiegitura eta, azkenik, Klimaren aldeko ekintza. Erronka globalei buruz hausnartu dute, eta beren ingurune hurbilenetik irtenbideak proposatu dituzte. Ikuspegi horri esker, curriculumeko edukietan sakontzeaz gain, etorkizun bidezkoago eta jasangarriagoa eraikitzeko izan dezaketen zereginaz jabetu dira ikasleak.
Ikertzaileak ere izango ditugu Areatzan gazteen proiektuak ebaluatzen. Datu guztiak jasota, sari-banaketa larunbatean bertan egingo da, maiatzaren 31n, 13:00etan. Azokan zehar saritutakoak bilduko dira sari-banaketan, eta agintariak eta zenbait erakundetako ordezkariak ere izango ditugu sariak banatzen, hala nola Bizkaiko Foru Aldundikoak, Eusko Jaurlaritzakoak, Bilboko Udalekoak eta Elhuyarrekoak. Ikasketa-bekak eta Espainiako zein nazioarteko azoketarako bidaiak irabaziko dituzte sarituek. Aurkezle-lanetan, Joanes Echeveste Dernet aktorea eta Sara Alicante Martínez ikertzailea arituko dira, eta azkenak zientzia-esperimentuak egingo ditu. Horrez gain, kolaboratzaile diren ikerketa-zentroetarako egonaldiak zozkatuko dira egunero.
Elhuyar Zientzia Azokan, ikasle gazteek ez ezik, Euskal Herriko ikerketa-zentroek eta unibertsitateek ere parte hartzen dute. Azpimarratzekoa da, gainera, haiek guztiek urtero proiektu honekiko erakusten duten konpromisoa: ikasturte-hasieran, unibertsitateetako eta zentro teknologikoetako 94 ikertzailek (haien artean, 51 emakume) eman zuten izena ikasleekin lan egiteko, eta azoka-egunetan 73 ikertzaile aritu dira (haien artean, 45 emakume) ebaluatzaile-lanak egiten.
Erronka Garbia
Elhuyar Zientzia Azokak IHOBEren Erronka Garbia zigilua lortu du. Erronka Garbia izeneko metodologia aplikatzen duten ekitaldiek lortzen dute zigilua. Metodologia horren helburua da ekitaldiak antolatzen direnean ingurumenarekin lotuta sortzen diren inpaktu negatiboak arintzea eta ekitaldian parte hartzen dutenek horren kontzientzia hartzea.
Hortaz, hainbat helburu finkatu ditu Elhuyarrek: berotegi-efektuko gasen emisioak murriztea; energiaren kontsumoa murriztea eta kontsumitutako energia iturri berriztagarrietatik eratorria izatea; erosketen eta alokatutako azpiegituren ingurumen-inpaktua murriztea; eta hondakinen inpaktua murriztea. Horretarako, garraio publikoaren edo energia berriztagarrien erabilera, tokiko hornitzaileen kontratazioa eta hondakinen gaikako bilketa sustatuko dira beste ekintza batzuen artean. Azoka igarota, adierazleak jasoko dira eta Elhuyar Zientzia Azokaren ingurumen-inpaktua neurtuko da.
Elhuyar Zientzia Azoka urtean zehar
Elhuyar Zientzia Azokaren helburua da gazteei zientzia-bizipenak eskaintzea eta kultura zientifikoa bultzatzea eta zabaltzea, ez bakarrik Areatzan egiten den azoka honetan, baita urtean zehar ere.
2013an lehen edizioa egin zenetik gaur arte, 12-18 urte bitarteko ia 4.000 gaztek aurkeztu dituzte proiektuak Bilbon antolatzen den Elhuyar Zientzia Azokan. Guztira, 1.000tik gora ikerketa-proiektu edo proiektu teknologiko inguru aurkeztu dira.
Elhuyarrek antolatutako Elhuyar Zientzia Azoka ekimenak Eusko Jaurlaritzako Zientzia, Unibertsitateak eta Berrikuntza Sailaren, FECYTen (Fundación Española para la Ciencia y la Tecnología), Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Nafarroako Gobernuaren eta Erabiren laguntza jasotzen du.
Erantzun
Sartu