Teknologia albisteak

Asteburu honetan hasiko da Teknopolisen 28. denboraldia

Erabiltzailearen aurpegia
2025-09-26 : 09:26

Asteburu honetan hasiko da Teknopolis saioaren 28. denboraldia, gaur bertan lehen saioa ETB1en 13.30etan, saio osagarria izango delarik igandeetan ETB2n, 12:15ean. Berrikuntza dauka zientzia eta teknologiaren saio ezagunak: Ahotsa imitatzen duen teknologia berritzaile bat erabiliko da elkarriztetatuen esanak euskarara bikoizteko.

Denboraldi honetan ere ikusleak toki eta gai interesgarrietan barrena eramango ditu Teknopolisek, eta gizartean jakin-mina pizten duten gaiei begiratzeko asmoa du, Euskal Herriko arlo guztietako adituen laguntzaz. Donostiako Zinemaldiaren 73. edizioa amaitzen den egun berean hasiko denez, zinearen teknologiari buruzko programa berezi batekin ekingo dio denboraldi berriari, eta hurrengo asteetan protagonista izango dira, besteak beste, Antartikako paraje hotzetan egiten den ikerketa, BasQ ordenagailu kuantiko berria, basoen kudeaketa, eltxo tigrea, Vera Rubin behatoki harrigarria…

Euskal Telebistako programazioan klasikoa da Teknopolis, eta urtez urte berrikuntzak sartuz joan da. Oraingoan, bikoizketetan hiztunaren ahotsa imitatzen duen teknologia berri batekin dator. Izan ere, Elhuyarrek Euskal Herriko bikoizketa automatikoko lehen plataforma aurkeztu berri du, eta Teknopolis teknologia horretaz baliatuko da elkarrizketatuen hitzak euskaratu behar direnean.

Irailaren 27an hasiko den denboraldi honetan ere Iñaki Leturia Yurrita izango da aurkezlea, eta zuzendariak, berriz, Alaitz Ochoa de Eribe Agirre eta Nagore Rementeria Argote.

Elhuyarrek ekoizten du Teknopolis zientzia-, teknologia- eta berrikuntza-saioa. Euskal Herriko zientzia eta teknologiaren erreferente handienetakoak dira Elhuyar eta Teknopolis bera. Hasiera-hasieratik komunitatea eraikitzea izan du Elhuyarrek xede nagusitzat, eta Teknopolis saioak berak ere hori bilatzen du. Euskal Herrian egiten den zientziaren erakusleihoa izateaz gain, herritarrengan pentsamendu kritikoa sustatzeko egiten du lan. Horretarako, komunitate oso baten laguntza du: babesleak, ikertzaileak, dibulgatzaileak, eta zientzia-edukietan interesa duten herritarrak.

Era berean, ezinbestekoa da Elhuyarren eta EITB Mediaren arteko lankidetza luzea nabarmentzea, bai eta babesle eta lankide diren erakunde guztien laguntza azpimarratzea ere: Eusko Jaurlaritza, Euskal Herriko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, Tknika Lanbide Heziketari aplikatutako ikerketa eta berrikuntzako zentroa eta BRTA Euskadiko Ikerketa eta Teknologia Aliantza.

Erantzun

Sartu