Albistea egin genuen astean nola Eusko Jaurlaritzaren Eklipseko webgunean Euskal Herriko mapa oker eta negargarri bat argitaratu duten, adimen artifiziala jarrita. Hori ikusirik, Galder Gonzalez wikipedistak erronka jarri zion bere buruari, ea baliabide libreekin sor ote zezakeen mapa egoki bat, eguzki eklipse totalak Euskal Herrian izango duen bidea ilustratzeko. Ordu erdian egin zuen (28 minututan zehazki), eta artikulu hartako erantzunean eta Mastodonen. Erantzunetatik hona dakarkigu Sustatuko azalera, interes berezia duelakoan.
Galder Gonzalezek egindako pausoak honakoak izan dira, bere hitzetan:
- Googlen bilatu dut "eclipse total 2026 efemerides zip qgis". Lehen emaitza (AAren laburpenaren azpian) IGNko deskarga zentroa izan da.
- Hortik jaitsi ditut zeuden 3 kapak, ez bainekien zeinek zuen behar nuen informazioa.
- QGisekin ireki ditut eta durtot_estandar zen. "Durtot" horrek "duración total" esan nahi duela ematen du.
- Kolore kodeak pixka bat doitu ditut, behar izan ditut 3-4 minutu pozik geratu naizen arte.
- Gaindegiak dituen baliabideetako "herrialdeak.zip" fitxategia jaitsi dut, maparen mugak jartzeko. Koloreekin ere pixka bat jolastu dut.
- Ez nengoenez pozik, itzalena ere jarri diot azpian, mendiak eta hobeto ikusteko.
- Mapan label bat bilatu dut, eta durtot horretan zegoen erantzuna. Mapa errenderizatu dut PNG batean.
- Photoshopekin ireki dut eta bertan jarri ditut gainontzeko legendak. Datuak, txukun eta bere lekuan.
- Maule-Lextarre Donibane Garazi baino iparralderago dagoela konprobatu dut OpenStreetMapen. Ziurrenik egin nezakeen ere QGis erabilita, baina uste dut denbora gehiago beharko nuela eskuz jarri baino.
- Mezua bidali dut, eta Wikimedia Commonsera igo dut.
- Dagokion Wikipedia artikuluan igo dut: https://eu.wikipedia.org/wiki/2026ko_abuztuaren_12ko_eguzki_eklipsea
Hor dago beraz mapa zehatz hori, iluntasun totalaren minutu tarteak barne, Wikipediako artikuluan eta hemen itsatsita. Eskerrik asko Galder.

Erantzun
Sartu