Elhuyarrek eta Donostia Kulturak elkarlanean antolatzen dute “Emakume zientzialarien argitan” solasaldi-zikloa. Urte-hasierako lauhilekoan, hiru saio eskainiko dira: otsailaren 24an, martxoaren 24an eta apirilaren 28an. Guztiak 19:00etan izango dira, Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian.
Aurrez aurreko elkarrizketen bidez, zenbait arlotan lan egiten duten hiru emakume zientzialari ezagutzeko aukera izango dugu Ana Galarraga Aiestaran Elhuyarreko zientzia-komunikatzailearen eskutik: Virginia Garcia Pena, Usue Mori Carrascal eta Mijo Lizarzaburu Garcia.
Egitasmo honen helburua da emakume zientzialariak ezagutzea. Izan ere, zientziaren eta teknologiaren historian emakumeen ekarpenak ezkutuan geratu dira, eta gaur egun ere nabarmena da emakumeen kontrako diskriminazioa arlo horretan.
2026ko urte-hasierako lauhilekoa
Lehenengo saioa otsailaren 24an izango da. Virginia Garcia Pena izango da hizlaria, eta izenburu hau izango du solasaldiak: “Eguzki-eklipse osoa, gertakari astronomikoa baino gehiago”. Izan ere, abuztuaren 26an, Euskal Herriko leku askotatik, eguzki-eklipse osoa ikusteko aukera izango da.
Virginia Garcia Pena (Pasai Donibane, 1979) astronomoa da. Aranzadi Zientzia Elkarteko bazkide aktiboa da, eta dibulgazio- eta hezkuntza-proiektuak garatzen ditu. 2016an sartu zen Zuzendaritza Batzordean, eta Astronomia Departamentua zuzendu zuen 2018 eta 2023 bitartean. Zortzi urtez aritu zen planetarista-lanetan Eureka! Zientzia Museoan. 2021az geroztik, Espainiako Astronomia Elkarteen Federazioko Zuzendaritza Batzordeko kide da, eta federazio horrek sustatutako Astronomia Emakumeen Taldeko kide.
Usue Mori Carrascal izango da bigarren solasaldiaren protagonista. Solasaldia martxoaren 24an egingo da, eta honako izenburu hau izango du: “Adimen artifiziala, begirada kritiko batetik”.
Usue Mori Carrascal (Donostia, 1987) matematikan lizentziatua da, eta hainbat master egin ditu, besteak beste, modelizazio matematikoan, sistema adimendunetan eta irakaskuntzan. EHUko irakasle agregatua da Konputazio Zientziak eta Adimen Artifiziala sailean, eta akademiatik harago ere lan handia egiten du, adimen artifiziala gizartearen benetako beharretara egokitzeko.
Hirugarren hizlaria, berriz, Mijo Lizarzaburu Garcia filosofo transfeminista eta lodiaktibista izango da, eta apirilaren 28an jardungo du. Solasaldiaren izenburua: “Lodifobia, gorputzen diziplinamendua eta kontrol soziala”
Mijo Lizarzaburu Garcia (Ondarroa, 1998). Gaur egun Filosofia, Zientzia eta Balioak doktorego-programan parte hartzen du Euskal Herriko Unibertsitatean, IAS-Research taldean. Horrez gain, militante feminista ezaguna da. Batez ere, lodifobia eta gorputzen diziplinamendua eta patologizazioa ikertzen ditu, estrategia politiko gisa.
Hiru saioak euskaraz izango dira, 19:00etan, Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian.
Solasaldien audioak Donostia Kulturaren DK Irratiko podcastetan eta Elhuyarren “Emakume zientzialarien argitan” podcastean entzun ahal izango dira. Azken horretan, solasaldi-zikloan parte hartu duten emakume guztien hitzaldiak entzuteko aukera izango da.
Erantzun
Sartu