Gure kulturaren parte diren erraldoiak ezagutzera emateko tresna interaktiboa argitaratu da: Erraldoi.eus . Wikidata eta Wikimedia Commons proiektuen izaera irekia baliatuz, erraldoi.eus-ek gure ondare monumentala herritarren eskura jartzen du, datu irekietan eta elkarlanean oinarrituta.
Euskal Herriko jai eta plazetan, gutxi dira erraldoiak bezain ikusgarri eta maitatuak diren figurak. Belaunaldiz belaunaldi, Iruñetik Tolosara, Bilbotik Gasteizera, erraldoien konpartsek gure herrietako nortasuna eta historia gorpuztu dute. Halere, figura hauen informazio teknikoa —altuera, pisua, egilea edo sorkuntza urtea— sakabanatuta edo eskuraezin egon ohi da askotan. Hutsune hori betetzera dator erraldoi.eus. Datu irekiak ondarearen zerbitzura Erraldoi.eus ez da webgune estatiko soil bat; "artxibo bizi" bat da.
Proiektuaren muina Wikidata da, Wikimedia mugimenduaren datu-base egituratua. SPARQL kontsulten bidez, plataformak informazioa denbora errealean kargatzen du Wikidatatik. Horrek esan nahi du komunitateak Wikidatan egiten duen edozein hobekuntza edo eguneratze automatikoki islatzen dela erraldoi.eus-en. Sistema honek ahalbidetzen du, adibidez, erraldoi bakoitzaren fitxa zehatza egiten: Erraldoi bakoitzaren neurriak, nor den bere egilea eta zer pertsonaia irudikatzen duen, kokapen geografikoa, konpartsa zehatzaren informazioa...
Euskal Herriko konpartsa guztiak mapa interaktibo batean kokatu ditugu, herriz herriko arakatzea ahalbidetuz.
Erraldoi batek argazkirik ez badu, erabiltzaileari zuzenean Commons-era igotzeko aukera eskaintzen zaio. Lotura horiek bereziak dira: argazkia igotzerakoan, plataformak automatikoki pasatzen ditu Wikidata ID-a eta kategoria egokiak. Adibidez, norbaitek aurkitzen badu Noaingo Bufoia, webgunetik bertatik igo dezake haren argazkia, orain falta da-eta,
Era berean, erraldoien kultura ezagutzeko modu berria ere txertatu dugu, Erraldoien Jolasa. Tinder estiloko mekanika bat erabiliz, erabiltzaileak bere ezagutzak proban jar ditzake: erraldoi baten argazkia ikusi eta bere herria, altuera edo sorkuntza urtea asmatu behar du, karta ezkerrera edo eskuinera arrastatuz. Gamifikazio honek ondarea modu arin eta dibertigarrian zabaltzea du helburu.
Teknologia libre eta iturburu irekiarekin garatu da Erraldoi.eus, React 19 eta Tailwind CSS v4 erabiliz.Proiektuaren iturburu-kodea irekia da eta GitHub-en dago eskuragarri.
Nola lagundu? Erraldoi.eus guztion artean osatzeko tresna da. Zure herriko konpartsa falta dela ikusten baduzu, edo erraldoi baten datuak okerrak direla, Wikidatan editatuz lagundu dezakezu. Argazkiak badituzu, igo Commons-era gunean bertan agertzen den botoiaren bidez. Eta hau garatu duen langile honek, Ion Lizarazuk, eskertuko du halaber dohaintza egiten badiozue proiektuari (botoia webgunean horretarako).
Gure erraldoiak handiak dira plazetan, baina orain, herritarren lankidetzari esker, handiak izango dira sarean ere.
Bisitatu proiektua: https://erraldoi.eus
Erantzun
Sartu