Elhuyarrek eta Donostia Kulturak elkarlanean antolatzen dute “Emakume zientzialarien argitan” solasaldi-zikloa. Udazkenean, hiru saio eskainiko dira: irailaren 30ean, urriaren 21ean eta azaroaren 6an. Guztiak 19:00etan izango dira, Ernest Lluch kultur etxeko areto nagusian.
Aurrez aurreko elkarrizketen bidez, giza osasunean eragin zuzena duten hiru faktore nagusiren gainean (ariketa fisikoa, ingurunea eta elikadura) ikertzen eta lan egiten duten hiru emakume zientzialari ezagutzeko aukera izango dugu, Ana Galarraga Aiestaran Elhuyarreko zientzia-komunikatzailearen eskutik: Maialen Araolaza Arrieta, Aitana Lertxundi Manterola eta Eli Gallego Moreiro.
Emakume zientzialariak ezagutzea da egitasmo honen helburua. Izan ere, zientziaren eta teknologiaren historian, emakumeen ekarpenak ezkutuan geratu dira, eta gaur egun ere nabarmena da emakumeen kontrako diskriminazioa arlo horretan.
2025eko udazkeneko solasaldi-zikloa
Lehenengo saioa irailaren 30ean izango da. Maialen Araolaza Arrieta izango da hizlaria, eta izenburu hau izango du solasaldiak: “Ariketa fisikoa, ongizaterako giltza”.
Maialen Araolaza Arrieta (Eibar) ikerketa biomedikoan doktorea da EHUn, Fisioterapian diplomatua eta lizentziatua Ramon Llul Unibertsitatean, eta Telemedikuntzako masterra egina du Kataluniako Unibertsitate Irekian. Doktore-tesian adineko emakume osasuntsuen errendimendu funtzionalaren desberdintasunak ikertu zituen, eta gaur egun ildo ezberdinekin kolaboratzen du. Ikerkuntzan dihardu Deustuko Unibertsitateko TherapIker taldean.
Aitana Lertxundi Manterola izango da bigarren solasaldiaren protagonista. Solasaldia urriaren 21ean egingo da, eta honako izenburu hau izango du: “Ingurunearen osasuna, gure osasuna”.
Aitana Lertxundi Manterola (Zarautz) EHUko (Medikuntza Fakultatea) Medikuntza Prebentibo eta Osasun Publikoko irakasle agregatua da, EHUko Basque-Environmental Health Research Group ikerketa-taldeko ikertzaile nagusia, BIOGipuzkoa Institutuko Ingurumen Epidemiologia eta Haur Garapeneko ikerketa-taldeko CO-IPa eta CIBERESPeko 28. taldeko ikertzailea. 18 urte daramatza ingurumen-epidemiologiaren ildoan lanean. 2007tik, aktiboki parte hartzen du INMA (www.proyectoinma.org) proiektuan, Jesus Ibarluzearekin koordinatuta. Europako hainbat proiektutan aritu da (ESCAPE, HIWATE eta LifeCycle).
Hirugarren hizlaria, berriz, Eli Gallego Moreiro nutrizionista eta dietista izango da, eta azaroaren 6an jardungo du. Solasaldiaren izenburua: “Zer da elikadura osasungarria?”.
Eli Gallego Moreiro (Hondarribia) nutrizionista eta dietista Elikaeskolaren sortzailea eta zuzendaria da. Nutrizionistek eta psikologo klinikoek osatzen dute lantaldea, eta elikadurarekin zerikusia duten nahasmenduak eta patologiak tratatzen dituzte, alderdi psikologikoari ere arreta jarrita. Heziketari ere garrantzi handia ematen diote, baita ingurune sozialari ere. Ikastaroak, tailerrak eta hitzaldiak eskaintzen dituzte, eta Gallegok berak maiz parte hartzen du komunikabideetan, elikadura osasuntsuan hezteko helburuarekin.
Hiru saioak euskaraz izango dira, 19:00etan, Ernest Lluch kultur etxeko areto nagusian.
Solasaldien audioak Donostia Kulturaren DK Irratiko podcastetan eta Elhuyarren “Emakume zientzialarien argitan” podcastean entzun ahal izango dira. Azken horretan, solasaldi-zikloan parte hartu duten emakume guztien hitzaldiak entzuteko aukera izango da.
Erantzun
Sartu