Abuztuaren 5ean, Elon Musken konpainia espaziala den Space X-ren suziri baten abandonatutako etapa batek Ilargia joko du, orduko 8.700 kilometro inguruko abiaduran. Gertakariak kezka pizten du, Ilargia gizateriaren ondarea baita, eta talkak inpaktu iraunkorra eragingo baitu. Elon Musk barruan joango bazen talka egitera kontsolatuko ginen zertxobait, baina ez, tripulaziorik gabe doa gailua.
Abuztuaren 5ean, datorren asteazkenean, Ilargian gertatuko denak 2025 hasierako Blue Ghost misioan du jatorria. Firefly Aerospace helburu komertzialeko lander edo ibilgailu eskifaiarik gabea jarri zuen ilargian. Karga Ilargiraino bidaltzeko, SpaceX konpainiaren Falcon suziri bat erabili zuten, eta espaziontzi mota horrek, Ilargirantz abiatzean, bere etapa edo parte bat espazioan aske utzi zuen suziri nagusitik des-itsatsita.
Suziri zati hori orbita ez egonkorretan egon da iaztik, baina azkenean Ilargiaren grabitateak harrapatu du, eta nahigabeko bide bat eginez, talka ebitaezina da orain. Einstein kraterra deritzon puntutik gertu izango da talka, beste lurreratzerik izan ez den toki batean.
Talka gertatuko da abuztuaren 5eko goizeko 8:40etan (gutxi gora-behera, Euskal Herriko orduan). Ikertzaileek espero dute talkak 20-30 metro inguruko diametroa duen krater bat sortzea Ilargian, nahiko iraunkorra suertatu daitekeena geologikoki. Era berea ilargi-hautsezko hodei bat altxatuko da, hauts edo erregolitz osatua, eta Ilargiko gainazaletik kilometro batzuk gora zuzendu daiteke. Talkaren distira eta hodeia agian ikusteko modukoak izango dira lurretik.
Galderak pizten dira beraz: norena da espaziountziz edo aparailuz betetzen doan Ilargiaen lurrazala (goiko irudiak erakusten duen bezala). Hango materialen ustiaketa nori dagokio? Eta kasu honetan ustiaketaz edo okupazioez aritzen ez bagara ere: nola izan dezake, nahi gabe izanda ere, SpaceX bezalako enpresa batek Ilargiaren geomorfologia aldatzeko aukera?
1967tik nazioarteko itun bat dago, Outer Space Treaty delakoa eta herrialde gehienek onartua (tartean espazio misioak egiten dituzten guztiak), zeinak debekatzen du edozein herrialdek subirautza erreklamatzea Ilargian. Jabetza debekatzen da, eta Ilargia "gizateria osoaren onerako" erabiliko dela esaten du Itunak, baina oso gutxi dio jarduera pribatuez, edo okupazioek eragin ditzaketen arazo praktikoez.
Eta hori horrela izanda... ba SpaceX-ek joko du Ilargian, eta zer gerta ere, ez du erantzukizunik hartuko Elon Musk-ek, horretaz seguru gaude.
Irudian, Ilargian ezarritako objektu artifizialak (1959-2024), Wikimedia Commons. Eguneraketa behar du mapa horrek, gehitzen doazelako gailuak.
Erantzun
Sartu