Teknologia albisteak

Gazteen osasun mentala aztertzen duen Zurrunbiloa proiektua aurkeztu du Elhuyarrek

Erabiltzailearen aurpegia
gaur : 12:39

Gaur goizean aurkeztu da gazteen osasun mentala erdigunean jartzea helburu duen Zurrunbiloa proiektua, Ernest Lluch areto nagusian, Donostian. Han izan dira Jon Abril Olaetxea Elhuyarreko koordinatzaile nagusia, Jose Antonio Hidalgo Mangas Danobatgroupeko lehendakariordea, Garazi Andonegi Beristain eta Aitziber Agirre Ruiz de Arkaute Zurrunbiloa proiektuaren arduradunak, Aroa Colás Fariña, Eneko Sagastume Rajado, Laura De la Iglesia Sánchez eta Garazi Olaizola Badiola gazteak eta Maitane Ormazabal Esnaola psikologoa. Proiektuan parte hartu duten beste hainbat aditu eta erakunderen ordezkari ere izan dira bertan, hala nola EITB eta Elgoibarko Udala.

Gazteen osasun mentala gizarte mailan interpelatzen gaituen gai konplexua da. Datuak ikusi besterik ez dago: euskal gazteen artean, 5etik 1ek osasun mentaleko asaldura bat du diagnostikatua. Antsiolitikoen kontsumoa ere bider 6 egin da gazteen artean. Bereziki deigarria da neskatoei zer adinekin preskribatzen zaizkien antsiolitikoak: 11-12 urte eskasekin. Zer gertatzen ari den gertutik ezagutzeko eta gazteei arretaz entzuteko asmoarekin Elhuyarrek gai honi heldu dio Danobatgroupen babesarekin eta Zurrunbiloa proiektua sortu du.

Zurrunbiloa proiektua hiru fasetan banatzen da, eta haren helburua da gazteen osasun mentalarekin zer gertatzen ari den jakitea eta hura eraldatzeko bideak irekitzea. Lehenengo fasean, adituekin eta testigantzak eman dituzten 4 gazterekin, 5 ikus-entzunezkoen serie bat osatu da, besteak beste. Bigarren fasean, Elgoibarren, herri mailako diagnosi bat egingo da, eta, hirugarren fasean, gizarteari, emango zaio protagonismoa.

Lehenengo faseko bost ikus-entzunezkoetan, 4 gazte eta 10 adituri eman zaie ahotsa, gazteen osasun mentalaren krisiari gazteen begirada kontuan hartzeko. Zenbait adituk zientziaren ikuspegi eraikitzailea ekarri dute: soziologoak, neurozientzialariak, farmazialariak, psikologoak, sexologoak, psikiatrak, irakasleak, osasun digitaleko adituak… Eta denek bat egin dute: sustrai soziala du krisi honek.

Gazteei dagokionez, lau gazteren testigantza zuzenak jaso dituzte ikus-entzunezkoek: Aroa (18 urte), Eneko (23 urte), Garazi (22 urte) eta Laura (24 urte). Orain, beren burua berregin, eta ikasitakoa kontatu nahi dute. Adituek berek aitortuta, hunkigarria, eskuzabala eta oso zintzoa da haien kontakizuna.

Ikus-entzunezkoez gain, zurrunbiloa.eus webgunea ere badugu gaurtik aurrera. Bertan, adituekiko elkarrizketak, gurasoentzako eta gazteentzako aholku edo proposamenak, laguntzarako baliabideak eta zientziaren eduki sakonagoak egongo dira kontsultagai. Nerabeen garapenari buruzko azalpen teknikoagoek ere izango dute tartea webgunean.

Lehen fase honetan, ETBren babesa izan du proiektuak, eta, horri esker, ikus-entzunezkoak Primeran plataforman eta ETBn egongo dira ikusgai, baita zurrunbiloa.eus webgunean ere. Lehenengo atala otsailaren 25ean estreinatuko da zurrunbiloa.eus-en,  PRIMERANen eta Euskal Telebistan (ETB1, 23:45). Hortik aurrera, asteartero bat. "Biba Zuek" saioan ere edukiak aztertuko dituzte, astearteetan, eta, Elhuyarren eta EITBren sare sozialetan, ikus-entzunezkoen hedapena egingo da.

Bigarren eta hirugarren faseak

Sustrai sozialak dituen krisi bat izanik, bigarren fasean komunitatetik erantzuteko baliabideak sortzea da asmoa. Hori dela eta, herri bat hautatu da, Elgoibar (Gipuzkoa), eta herri mailako diagnostiko bat egingo da. Hasteko, herrian osasun mentalaren inguruan dauden baliabide publiko guztien argazkia egingo da. Ondoren, gazteen diagnostikoa abiatuko da eskoletan.

Horretarako, Zurrunbiloa proiektuko ikus-entzunezkoetan testigantzak eman dituzten gazteek lehenengo eskutik partekatuko dituzte bizipenak Elgoibarko nerabeekin, eta nerabe horien pertzepzioa jasoko da. Azkenik, lan-saioak egingo dira Elgoibarren nerabeekin lan egiten duten eragileekin. Eragile horiek gazteen ongizate emozionalaren inguruan herrian egiten egin duten irakurketa jasoko da. Argazki orokor horri erreparatuta, arazo nagusiak eta haien eragileak identifikatuko dira, eta horien inguruko formakuntza-saio batzuk eskainiko dira herri mailan guraso, hezitzaile, teknikari eta abarrei zuzenduta.

Proiektuaren hirugarren faseak gizarteari, emango dio protagonismo osoa. 2 urteko ondorioak oinarri hartuta, hausnarketa-prozesu bat irekiko da herrian nerabeen inguruan lan egiten duten eragile publikoekin, aisialdia, kirola, hezkuntza, kultura, etab… aintzat hartuz. Helburua izango da nerabeen ongizate emozionala zaintzeko gizarte mailan dauden erronkak identifikatzea, etorkizuneko esku-hartzeak irudikatzeko.

----------------------------------------------------------------------------------------------------------------------

Proiektuan parte hartu duten gazte eta ikertzaileak:

Lau gazteak: Aroa Colás Fariña, 18 urtekoa. Eneko Sagastume Rajado, 23 urtekoa. Garazi Olaizola Badiola, 22 urtekoa. Laura De la Iglesia Sánchez, 24 urtekoa.

Hainbat esparrutako adituak: Jon García Ormaza psikiatra, Maitane Ormazabal Esnaola psikologoa, Xabi Martinez Mendia farmazialaria, Nerea Lertxundi Iribar neuropsikologoa, Amaia Bacigalupe De la Hera soziologoa, Nahia Idoiaga Mondragon psikologo ebolutiboa, Maider García de Bikuña Quintana sexologoa, Miriam Arrieta Lertxundi orientatzailea, Naiara Ozamiz Etxebarria psikologoa eta Telmo Lazkano Muga osasun digitalean aditua.

 

 

Erantzun

Sartu