Teknologia albisteak

Klima-larrialdia, osasun bakarra eta agroekologia landuko dira “Emakume zientzialarien argitan” solasaldi-zikloan

Erabiltzailearen aurpegia
atzo : 10:31
  • Elhuyarrek eta Donostia Kulturak elkarlanean antolatzen dute ziklo hau, eta hiru saio eskainiko dituzte 2025eko udaberrian.
  • Aurrez aurreko elkarrizketen bidez, interes sozialeko gaiak landuko dira hiru emakume zientzialari hauekin: Elisa Sainz de Murieta Zugadi, Miren Basaras Ibarzabal eta Mirene Begiristain Zubillaga.
  • Saioak euskaraz izango dira, Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian.

Elhuyarrek eta Donostia Kulturak elkarlanean antolatzen dute “Emakume zientzialarien argitan” solasaldi-zikloa. Udaberrian, hiru saio eskainiko dira: martxoaren 25ean, apirilaren 29an eta maiatzaren 20an. Guztiak 19:00etan izango dira Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian.

Aurrez aurreko elkarrizketen bidez, arlo desberdinetan lan egiten duten hiru emakume zientzialari ezagutzeko aukera izango dugu, Ana Galarraga Aiestaran Elhuyarreko zientzia-komunikatzailearen eskutik: Elisa Sainz de Murieta Zugadi, Miren Basaras Ibarzabal eta Mirene Begiristain Zubillaga.

Egitasmo honen helburua da emakume zientzialariak ezagutzea. Izan ere, zientziaren eta teknologiaren historian emakumeen ekarpenak ezkutuan geratu dira, eta gaur egun ere nabarmena da emakumeen kontrako diskriminazioa arlo horretan.

 

2025eko udaberriko solasaldi-zikloa

Lehenengo saioa martxoaren 25ean izango da. Elisa Sainz de Murieta Zugadi izango da hizlaria, eta izenburu hau izango du solasaldiak: “Klima-larrialdia, ikuspegi sozioekonomikotik”.

Elisa Saenz de Murieta Zugadi (Bilbo, 1977) geologoa da, eta 2010ean hasi zuen bere ikertzaile-ibilbidea, BC3 klima-aldaketa ikertzeko zentroan, eta han egin zuen doktoretza-tesia. Egun, BC3ko eta EHUko ikertzailea da, eta, bereziki, klima-aldaketaren eraginak eta egokitzeko neurriak ikuspegi sozioekonomikotik aztertzeaz arduratzen da.

Miren Basaras Ibarzabal izango da bigarren solasaldiaren protagonista. Solasaldia apirilaren 29an egingo da, eta honako izenburu hau izango du: “Gure osasuna planetaren osasunera lotua dago”.

Miren Basaras Ibarzabal (Bilbo, 1968) mikrobiologoan doktorea da, eta ibilbide luzea du EHUn, irakasle- eta ikertzaile-lanetan. Horrez gain, ezaguna da zientzia gizarteratzeko egiten duen lanarengatik, eta hainbat sari jaso ditu horregatik, tartean, CAF-Elhuyar Merezimendu saria. Gaur egun, mikrobiota ikertzen dabil, bereziki, sexu bidezko infekzioekin erlazionatua.

Hirugarren hizlaria, berriz, Mirene Begiristain Zubillaga ekonomialaria izango da, eta maiatzaren 20an jardungo du. Solasaldiaren izenburua: “Elikadura-burujabetza, agroekologiatik eta feminismotik”.

Mirene Begiristain Zubillaga (Andoain, 1972) ekonomian doktorea da, eta, irakaslea eta ikertzailea EHUren Ekonomia eta Enpresa Fakultatean. Bereziki, nekazaritza eta elikagai-sistemak ikertzen ditu, agroekologiaren eta feminismoaren ikuspegietatik. Euskal Herriko hainbat esperientzia eta prozesu kolektibotan parte hartzen du, elikadura-burujabetza helburu.

Hiru saioak euskaraz izango dira, 19:00etan, Ernest Lluch Kultur Etxeko areto nagusian.

Solasaldien audioak Donostia Kulturaren DK Irratiko podcastetan eta Elhuyarren “Emakume zientzialarien argitan” podcastean entzun ahal izango dira. Azken horretan, solasaldi-zikloan parte hartu duten emakume guztien hitzaldiak entzuteko aukera izango da.

Erantzun

Sartu