Zientzia eta teknologiari buruzko bideo laburrak eta originalak ekoiztea eta hedatzea du helburu ON ZIENTZIA bideo-lehiaketak, zeina Elhuyarrek eta Donostia International Physics Centerrek (DIPC) urtero antolatzen duten, Teknopolis telebista-saioaren barruan. Gaur banatu dira aurtengo sariak, hamabosgarrenak jada, Tabakaleran.
Aurten 94 lan jaso dira, eta bideo gehienak euskaraz aurkeztu badira ere, badira gaztelaniazko eta ingelesezko bideoak ere, parte-hartzaileen artean mundu osoko jendea baitago. Izan ere, lan gehienak Euskal Herritik aurkeztu badira ere, hainbat bideo jaso dira Perutik edota Filipinetatik, besteak beste. Aurkeztu diren bideo guztiak ikusgai daude lehiaketaren webgunean: www.onzientzia.tv
Epaimahaikideek lan hauek saritzea erabaki dute, kategoria bakoitzean:
Dibulgazio bideo onenaren saria (3.000 €) euskarazko eta gaztelaniazko lan banari ex aequo ematea erabaki du aurten epaimahaiak. Batetik, Isadora, Renata eta Leonel Virosta Gutiérrez anai-arreba kantabriarrek irabazi dute sari nagusia, "¿Cómo se forman realmente los bebés?” bideoarengatik. Epaimahaiak hauxe nabarmendu du: “Bideoa gai da eskulanen bidez eta oso ondo konbinatutako baliabideekin, bizitzaren konplexutasuna oso modu eraginkorrean azaltzeko”. Bestalde, Unai García Lopez andoaindarrak ere irabazi du sari nagusia, "Etorkizuna gaur” bideoarengatik. Epaimahaiaren ustez, “oso ongi pentsatutako kontakizuna da, irudien erabilera egokiarekin. Denon ahotan dagoen gai baten inguruan pentsarazi eta gogoeta eragiten du”.
Euskarazko bideo onenaren saria (2.000 €) Joseba Zabala asteasuarrak jaso du, “Ezkutuko erraldoiaren eragina” lanarengatik. Epaimahaiaren hitzetan, “ikusteko oso atsegina izateaz gain, baztertutako hipotesien balioa erakusten du; zientziak nola egiten duen aurrera azaltzen duen bideo ederra da”.
Gazte Saria (1.000 €) Donostiako Ubay Moll Ruiz ikasleak jaso du, ”Platano erradioaktiboak” lanarengatik. Epaimahaiaren ustez, “kontzeptu ezberdinak ongi azaltzen dituen bideoa da, estetikoki koherentea eta hasieratik bukaerara osotasuna duena”.
Aurten, gainera, Nazio Batuen Erakundeak 2025a Zientzia eta Teknologia Kuantikoaren Nazioarteko Urtea izendatu duenez, epaimahaiak ezohiko sari bat ere eman du: Kuantikari buruzko bideo onenaren BasQ saria (500 €). Bartzelonako Enric Ponce de León fisikariak jaso du, ”Quantum Café” lanarengatik. Epaimahaiaren hitzetan, “bideo originala da, eta asmatu du kafetegi batean gertatzen diren gauzekin oso kontzeptu abstraktua eta ulergaitza azaltzen”.
Sariak banatu dituzte Adolfo Morais Ezquerrok, Zientzia eta Berrikuntza sailburuordeak; Jon Abril Olaetxeak, Elhuyarreko koordinatzaile nagusiak; Aran García Lekuek, DIPCko proiektu estrategikoen zuzendariak; Marian Iriarte Ormazabalek, EHUko errektoreorde eta epaimahaikideak; eta Javier Aizpurua Iriazabalek, BasQ zuzendari zientifikoak.
Epaimahaikideei dagokienez, hauek izan dira bideo laburrak epaitu dituztenak: Marian Iriarte Ormazabal, EHUko Harreman Instituzionaletarako eta Kulturako Errektoreordea; Jon Mattin Matxain Beraza, EHUko Kimika Fakultateko dekanoa eta DIPCko elkartua; Itxaso Azcune Tolosa, DIPCko komunikazio-teknikaria; eta Nagore Rementeria Argote, Elhuyarreko kidea eta Teknopolis programako zuzendaria.
Saio berezi batean emango du Teknopolis telebista-saioak sari-banaketa, bai eta saritutako lanak eta saridunen adierazpenak ere. Ekainaren 7an 13:30ean izango da ikusgai saioa ETB1en, eta ekainaren 8an 13:30ean ETB2n.
Erantzun
Sartu