Elhuyar Hiztegiak erreferentziazkoa izaten jarraitzen du 30 urte geroago ere, eta horren erakusgarri dira 2025eko datuak: 75 milioi kontsulta baino gehiago izan zituen. Hogeita hamar urteotan hiztegiko hitzak, adierak eta adibideak egokitu diren bezalaxe, horiek kontsultatzeko modua ere guztiz aldatu da. Hiztegi fisikoak izatetik —alegia, paperekoak erabiltzetik—, kontsultak mugikorrean, tabletan eta ordenagailuan egitera pasatu gara: mugikorreko aplikazioa 100.000 aldiz baino gehiago deskargatu da, eta webguneak astean 150.000 bisita ditu, batez beste.
Erabilera-datuek argi erakusten dute proiektua garrantzitsua eta erreferentziazkoa dela: Elhuyar Hiztegiaren atzean aditu-talde batek egiten du lan, eta hitzak, adibideak eta oharrak ondo aztertu ondoren txertatzen dira hiztegian. Bestalde, gure ataria (hiztegiak.elhuyar.eus) hiztegi bat baino gehiago da, eta beste hauek ere eskaintzen ditu: euskararen erabileraren inguruko gomendioak (#ElhuyarrenGomendioak), idazten laguntzeko tresnak (Idazlagun) eta euskara errepasatzeko eta hobetzeko jolasak (#HitzJolasa).
|
Sarrera berriak |
Aldaketak |
||
|
Sarrera |
Hizkuntza |
Sarrera |
Hizkuntza |
|
abusatzaile |
euskara |
apopilo egon |
euskara |
|
pikokada |
euskara |
pinazi |
euskara |
|
bioacumulación |
gaztelania |
lavadora |
gaztelania |
|
condición suficiente |
gaztelania |
localización |
gaztelania |
|
écoutille |
frantsesa |
raffinerie |
frantsesa |
|
wish list |
ingelesa |
urgent |
ingelesa |
Gainera, hiztegia etengabe eguneratzen da, proiektu bizia da. 2025ean, hiru hiztegi elebidunetan —euskara-gaztelania, euskara-frantsesa eta euskara-ingelesa— 2.800 sarrera inguru eguneratu dira. Horietatik, 2.000 inguru sarrera berriak dira, eta beste 800 sarreratan moldaketak egin dira, hainbat arlotan. Eguneraketa horien bidez, hiztegiaren kalitatea eta erabilgarritasuna hobetu nahi izan dira.
Eguneraketa horiek egiteko, Elhuyar Hiztegiak hainbat iturri erabiltzen ditu. Besteak beste, kontuan hartzen dira Euskaltzaindiaren Hiztegian egindako eguneraketak, erabiltzaileen iruzkinak eta proposamenak, eta hedabideetan zein bestelako argitalpenetan agertzen diren hitz eta erabilera berriak. Azken horiek Elhuyarrek garatutako hizkuntza-teknologien bidez identifikatzen dira.
Bestalde, Elhuyar Hiztegian hizkuntza berdinzalea sustatzea helburu hartuta, 2025eko eguneraketetan bereziki landu zen genero-ikuspegia, hiztegian desberdinkeriarik eta bereizkeriarik gabeko tratamendua bermatzeko.
Elhuyar Hiztegiak 30 urte
Hogeita hamar urte pasatu dira Elhuyarren lehen hiztegi elebiduna, euskara-gaztelania hiztegia, kaleratu zenetik. 1996. urtean hasi zuen ibilbidea Elhuyar Hiztegiak, zeina ezinbesteko lanabes bihurtu baita gaur egun euskaraz aritzen direnentzat eta ikasten ari direnentzat. Elhuyar Hiztegiak unean uneko egoerara eta teknologietara egokitzen jakin du hasiera-hasieratik; lehen argitalpenean, paperezko edizioarekin batera, CD-ROM formatuan eskaini zen. 1999an, hiztegiak Internetera egin zuen salto; hiztegien onlineko ataria jarri zen martxan, eta hiztegia gizartearen eskura jarri zen. Ondoren etorri ziren frantsesa-euskara (2004) eta ingelesa-euskara hiztegiak ere (2007); orain, guztiak daude kontsultagai webgune bakarrean: hiztegiak.elhuyar.eus. Gainera, 2011n, hiztegien aplikazioa garatu zen, hiztegia mugikorretan eta antzeko gailuetan kontsultatzeko, eta 2023an Windows, Linux eta Mac sistema eragileetarako mahaigaineko aplikazioa.
30 urte hauetan, hiztegiko hitzak, adierak eta adibideak egokitu diren bezalaxe, horiek kontsultatzeko modua ere guztiz aldatu da. Proiektua etengabe eraldatu da 30 urteotan, eta bide horretan jarraituko du hemendik aurrera ere Elhuyar Hiztegiak, gizartearen beharretara egokitzen.
Erantzun
Sartu