Teknologia albisteak

Elhuyar Hiztegiak 65 milioi kontsultako muga gainditu du

Erabiltzailearen aurpegia
gaur : 11:27

Elhuyar Hiztegiak erreferentziazko izaten jarraitzen du, eta horren erakusgarri da 2024an izan duen kontsulta-kopurua: 65 milioi. Webguneak ia 100.000 bisitari izaten ditu astean. Aurreko urtearekin alderatuta bisita-kopuruak % 24 egin du gora. Gainera, 100.000 deskarga baino gehiago ditu mugikorreko aplikazioak.

Elhuyar Hiztegiko edukia etengabe eguneratzen da, proiektu bizia da, eta hainbat lan-ildo izan ditu martxan 2024an: “Hitz-jolasa” martxan jarri da, hiztegira hitz berriak sartu dira, beste batzuk aldatu egin dira, eta, hizkuntza berdinzalea helburu, lanketa espezifikoak bideratu dira.

2024ko urrian, Elhuyarrek “Hitz-jolasa” jarri zuen martxan Elhuyar Hiztegiaren webgunean, erabiltzaileek euskarazko idazkera errepasatzeko eta hobetzeko aukera izan dezaten. Azkar eta erraz, bost galdera berri erantzun daitezke egunero. Guztiok idazle bihurtu gaituen aro digital honetan, hizkuntza-mailaren inguruko kezka piztu da. Hori aintzat hartuta, hitz-jolasaren helburua da zalantzazkoak diren kasuen aurrean ondo idatzitakoak identifikatzen ikastea, norberaren idazkera hobetzea helburu. “Hitz-jolasa” online jarri denetik,  egunean, batez beste 650 aldiz jokatu da.

Hiztegia etengabe eguneratzen den baliabidea da; 2024an, esaterako, 2.300 aldaketa inguru egin dira: 415 sarrera berri gehitu dira, eta, beste 1.885 kasuetan, moldaketak egin dira:

 

Sarrera berriak

Aldaketak

Sarrera

Hizkuntza

Sarrera

Hizkuntza

bapeagailu

euskara

berpizte kardiopulmonar

euskara

arrazializazio

euskara

futbolin

euskara

dana

gaztelania

coche híbrido

gaztelania

lapalissade

frantsesa

reposición

gaztelania

fake news

ingelesa

climatic change

ingelesa

 

 

éboulement

frantsesa

 

Eguneratze horiek egiteaz gain, Elhuyar Hiztegiak hizkuntza berdinzalea erabiltzea du helburu, eta, hori horrela dela ziurtatzeko, 2024an ere hiztegiko eguneraketa guztietan genero-ikuspegia landu da, eta lexikoaren eta hizkuntzaren erabilera baztertzailea berrikusi eta moldatu da, desberdinkeria eta bereizkeriarik gabeko tratamendua bermatuko duen hiztegi bateranzko pausoak emateko.

Aldaketa horiek guztiak egiteko, hainbat iturri erabiltzen ditu Elhuyar Hiztegiak: corpusak, beste zenbait baliabidetatik erauzitako edukia, Euskaltzaindiaren Hiztegia eta erabiltzaileen iruzkin eta proposamenak.

Edukiak etengabe eguneratzeaz gain, Elhuyar Hiztegiak teknologikoki ere aurrerapausoak eman ditu 2024an.

  • Mugikorretako aplikazioak (iOS eta Android) berritu dira, eta 100.000 deskarga baino gehiago izan dituzte.
  • Geroz eta ordenagailu gehiagotan instalatuta dago mahaigaineko aplikazioa.

 Elhuyar Hiztegia proiektu bizia da, eta proiektuaren hainbat alderdi lantzen dira urtez urte. Horretarako ezinbestekoak dira modu batean ala bestean babesa eskaintzen diguten erakunde eta norbanakoak, Elhuyarren bazkide direnak edo Elhuyar Hiztegiaren proiektua bera babesten dutenak.

Erantzun

Sartu