Zabalik da Elhuyar Zientzia Azokan izena emateko epea. Azokan parte hartu nahi dutenek webgunean eman beharko dute izena.
2026ko edizioa maiatzaren 6tik 9ra egingo da, Bilboko Areatzan. Lau egunetan zehar, DBH eta Batxilergoko gazteek ikasturtean zehar garatutako zientzia eta teknologiako proiektuak aurkeztuko dituzte. Euskal Herriko ikastetxe guztietako DBHko eta Batxilergoko gazteek parte har dezakete azokan. Zientzia eta teknologiako proiektuak ezagutarazteko eta euskararen erabilera sustatzeko ere bada Elhuyar Zientzia Azoka
Ikasleak berek erabakitako gaien inguruan arituko dira talde-lanean, guztiak ere Garapen Jasangarrirako Helburuekin (GJH) lerrokatuta, hala nola, Osasuna eta ongizatea, Ekoizpen eta kontsumo arduratsuak, Hiri eta komunitate jasangarriak, Industria, berrikuntza eta azpiegitura eta, azkenik, Klimaren aldeko ekintza. Erronka globalei buruz hausnartuko dute, eta irtenbideak proposatu dituzte, beren ingurune hurbilenetik abiatuta. Ikuspegi horri esker, curriculumeko edukietan sakontzeaz gain, etorkizun bidezkoago eta jasangarriagoa eraikitzeko izan dezaketen arduraz jabetuko dira ikasleak.
Ikertzaileen laguntza, funtsezko zutabea
Urtero bezala, gazteek benetako profesionalen laguntza jaso ahal izango dute euren proiektuak garatzeko. Izan ere, Euskal Zientzia eta Teknologia sareko 200 ikertzailek baino gehiagok eman dute izena gazteei laguntza eskaintzeko. Horietatik % 60 emakumeak dira. Interesa duten ikertzaileek oraindik ere aukera dute aurtengo edizioan parte hartzeko.
Ibilbide luzeko azoka
Elhuyar Zientzia Azokak 14 urte beteko ditu aurten. 2013tik hona, 9.000 gazte baino gehiagok hartu dute parte, eta 2.500 ikerketa- eta teknologia-proiektu baino gehiago aurkeztu dituzte guztira. 2025ean Bilbon egindako azken edizioan, 640 gaztek baino gehiagok parte hartu zuten 160 proiekturekin, eta nazioarteko parte-hartzaileak ere izan ziren.
Iazko edizioan saria lortu zutenek eta aurten saria lortzen dutenek aukera izango dute nazioarteko zenbait azoka bisitatzeko, bai eta Euskal Herriko ikerketa-zentroetara hurbiltzeko ere, benetako profesionalak gertutik ezagutzeko.
Elhuyar Zientzia Azokaren babesleak: Eusko Jaurlaritza, FECYT-Zientzia, Berrikuntza eta Unibertsitate Ministerioa, Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia, Nafarroako Gobernua eta Erabi.
Erantzun
Sartu