Elhuyarren helburua da hizkuntza-teknologien eta adimen artifizialaren esparruan gizartean sortzen ari diren erronkei erantzuten jarraitzea. Bide horretan, eta erraldoi teknologikoei aurre eginez, beste pauso bat eman du, Euskal Herriko bikoizketa automatikoko lehen plataforma sortuz.
Ikus-entzunezko bat beste hizkuntza batera automatikoki bikoiztea oso erraza izango da hemendik aurrera: edukia igo, helburuko hizkuntzara itzuli eta bikoizteko aukerari klik egitea nahikoa izango da. Gainera, erabiltzaileak uneoro ikusi ahal izango du sortzen ari den emaitza, eta, beharren arabera, emaitza horiek aldatzeko aukera izango du prozesuko urrats bakoitzean.
Bikoizketa egiteko aukera horiek guztiak Adituk eskainiko ditu hemendik aurrera; beraz, azpitituluak sortzeko plataforma izatetik bikoizketa automatikoa eskaintzera pasatuko da Aditu. Plataforma horren helburua izango da ikus-entzunezko eleaniztunak sortzeko prozesua erraztea; horretarako, hainbat aukera berri gehitu dira, hala nola ahotsa imitatzeko aukera eta azpitituluak ahots bihurtzeko aukera.
Aditu plataformak, beraz, 3 erabilera nagusi izango ditu hemendik aurrera:
1. Bideoen eta audioen transkribapenak eta azpitituluak automatikoki sortzeko eta horiek lantzeko aukera eskainiko du.
2. Transkribapenak zein azpitituluak automatikoki itzultzeko aukera emango du. Horiek bistaratu eta moldatzeko aukera izango du erabiltzaileak.
3. Bikoizketa egiteko aukera emango du. Helburuko ahotsa sortzeko, gainera, hainbat aukera agertuko dira: hizlari bakoitzarentzat ahots bat hautatzekoa (Elhuyarrek aurrez sortutako ahotsak dira), jatorrizko ahotsa imitatzekoa, atzeko audioa mantendu edo kentzekoa…
Aditu gero eta eremu gehiagotan erabil daitekeen plataforma da: ikus-entzunezkoen produkzioan, edukiari irisgarritasuna emateko; administrazio publikoan eta enpresetan, komunikazio-aukera berriak sortzeko; industrian, makinen eta pertsonen arteko elkarrekintzak ahots bidez egiteko… Adituk eskaintzen dituen aukera hauek guztiak aditu.eus webgunean ikus daitezke.
Adimen artifizialean eta sare neuronaletan oinarritutako plataforma honek punta-puntako teknologia erabiltzen du, etengabe eguneratzen den teknologia. Konfidentzialtasuna eta segurtasuna ere bereziki zaintzen ditu, eduki guztiak modu konfidentzialean tratatzen baitira.
Orairen eskutik garatu da teknologia
Teknologia hauek guztiak Orai adimen artifizialeko zentroan sortutakoak dira. Orai NLP alorrean (Natural Language Processing) espezializatuta dagoen zentroa da, eta duela hiru urte sortu zuen Elhuyarrek, enpresa eta erakundeei goi-mailako ikerketa eta soluzio teknologiko adimendunak eskaintzeko eta industria-ehunaren lehiakortasuna, administrazioen eraginkortasuna eta pertsonen bizitza hobetzeko.
Aditun integratutako transkripzio eta itzulpen automatikoko sistemez eta ahots pertsonalizatuak sortzeko sistemez gainera, Oraik hainbat lan-ildo ditu zabalik; besteak beste, halako tresnak ingurune industrialean integratzeko garapenak eta enpresetarako laguntzaile adimendun egokituak. Gainera, hizkuntza ugaritarako soluzioak sortzeko aukera ere eskaintzen du: euskara, gaztelania, frantsesa, ingelesa, katalana, okzitaniera, aragoiera, galegoa, italiera…
Erantzun
Sartu