2026ko abuztuaren 12ko eguzki-eklipsea azken urteotako gertaera astronomiko garrantzitsuenetako bat izango da: azken 100 urteetan Euskal Herrian ikusgai izango den eguzki-eklipse oso bakarra. Artikotik eta Groenlandiatik barrena etorriko den eklipsea da; mendebaldean hasi, eta ekialderantz urrunduko da. Gertakariari begira, Elhuyar Zientzia hedabide digitalak eguzki-eklipseaz gozatzeko edukia jarri du gizartearen eskura: Fenomeno astronomikoaren gakoak hainbat formatutan daude eskuragarri: bideoak, audioak, elkarrizketak, hitzaldia...
Elhuyar Zientziak, gertaeraren garrantziaz jakitun, eduki-sorta aberatsa jarri du gizartearen eskura: “Eklipse-tantak” audio-pilulak, idatzizko baliabideak, ikus-entzunezkoak eta beste hainbat eduki daude berariaz sortutako banda monografiko batean.
Besteak beste, Elhuyar aldizkariaren ekaineko zenbakiak eguzki-eklipseari monografiko bat eskainiko dio. Erreportajeen bidez, eguzki-eklipseen alderdi zientifikoaren, bizidunongan sortzen duen eraginaren eta Eguzkiari berari buruzko azken ikerketen berri emango du Elhuyar aldizkariak, baita paperean ere. Horretaz gain, harpidedun berriek eklipsea ikusteko betaurrekoak jasoko dituzte opari.
Baliabideak gehituz joango da modu dinamikoan abuztura bitarte; esate baterako, Euskadi Irratiko Norteko Ferrokarrilaren eta Euskal Telebistako Teknopolis saioaren programa bereziak gehituko dira. Horiek guztiak banda monografikoan egongo dira ikusgai.
Norteko Ferrokarrila irratsaioa
Norteko Ferrokarrila irratsaioan, Euskadi Irratian, eklipseari buruzko programa bat emitituko da zenbait astronomorekin. Denboraldiaren bukaeran izango da, ekainaren 26an, eta, bereziki abuztuan izango den eguzki-eklipse osoaz hitz egingo den arren, fenomenoa bera aztertuko dute zientziaren ikuspuntutik.
Teknopolis telebista saioa
Ekainaren 20ko asteburuan, denboraldi honetako azken saioa abuztuaren 12ko eklipseari eskainiko diote. Fenomeno astronomiko horren atzean dagoen zientziaz hitz egingo dute, eta bat-batean iluntzeak agerian utz ditzakeen sekretu kosmikoez arituko dira. Izan ere, eklipse bat momentu paregabea da eguzkiaren inguruko ikerketa egiteko, edo aurretik egindako ikerketak baliozkotzeko.
Tailerrak eta hitzaldiak
Aurrez aipatutako baliabideez gain, Elhuyarrek gazteentzako tailerrak eta helduentzako hitzaldiak prestatu ditu, fenomenoak gizartean sortzen duen interesari erantzuteko. Alde batetik, eklipsea ulertzeko, modu seguruan ikusteko eta zientziarekiko jakin-mina pizteko tailerrak izango dira. Eta, bestetik, “Eklipsea, zorioneko itzala” dibulgazio-hitzaldian, eklipsearen ikusgarritasunaz gain, gertaerak zer inplikazio dituen azalduko da, bai historikoa, baita zientifikoa ere.
Erantzun
Sartu