
Gaurtik aurrera, Alava.net webgunean bertan kontsultatu ahal izango dira Arabako Foru Aldundiak deitu eta kudeatzen dituen lan eskaintzak.
Sustaturen argazkien sekzioa iragan irailean ireki genuen. Lanegunetan, egunero aldatu dugu irudia, bat baino gehiago erakutsiz egun batzuetan. Orain, ikusmira grafiko honi XML feed edo jario bat ezarri diogu.
Joan den asteburuan "Otehitzari biraka" ikuskizuna estreinatu zuten, Donostian, Kukai dantza-taldeak eta Tanttaka antzerki-ekoiztetxeak; Jorge Oteizaren hitz, pentsamendu eta irudien aitzakiaz eta laguntzaz osaturiko dantza eta antzerki nahasketa antzekoa.
Gaur, hilak 28, arratsaldeko 16:00etan banatu dituzte 2005eko Argia Sariak, Lasarte-Oriako Txitxardin Beltxa jatetxean. Ohi bezala, prentsa idatzia, irratia, telebista, Internet eta merezimenduzko sariak eman dituzte. Interneten atalari dagokion Argia saria Azpeitiko Uztarria.com webguneari eman diote. Sareko Argian argitaratu berri dituzte saridunak.
Barne gatazka bat da lerrootan irakurri den moduan. Eskatzen dena betez, enpresa-proiektua desagerraraziko lukete. Prentsa ohar hau da zuzendaritzaren azalpena eta bidaltzen dugu Sustatura, lehen ere hor agertu delako Bai Esan-en gaineko iritzia.
Ezagutzen duzue Cocidito Madrileño? Ba horixe izango da Euskal Herrian gehien ikusiko den antzerki lana. Zergatik? galdera horixe egin gura nuke Sustatun. Irrati-formulan ezagun egin den tartea antzerkian ikus daiteke herriz herri, eta herri gehienetan. Udaletako langileek ez dute dudarik izan Cociditoa kontratatzerako orduan.
Testuak nahiz webguneak gaztelaniatik euskarara, eta alderantziz, itzultzeko proiektu bat garatzen ari da Eleka; Estatuko beste bi hizkuntzak ere hartzen ditu proiektu horrek: katalana eta galegoa. Kode irekiko (software librea) eta banaketa libreko sistema bat izango da.
Ostiral honetan dira banatzekoak Argia Sariak, euskal komunikabideetako Oscarrak. Urtero bezala, gonbidatu mordoxka bilduko da Lasarteko Txitxardin-Beltxa jatetxera, giro onean, eta postreen garaian jakinaraziko dituzte saridunen izenak.
Zer esan dezakegu teknologia berriei buruz? Kalte egiten al diote hizkuntzei?
Bart gauen botatako elurrak eta egindako izotzak Euskal Herriko errepideetako egoera larritu dute. Auto istripuak izan dira han eta hemen, herri batzutan argi gabe gelditu dira eta ikastetxe batzutan ez da eskolarik egon gaur goizean.
Heldu samar harrapatu naute teknologia berriek, aitortzen dut. Baina urratsak egitea kalbario gertatzen bazait, ez dut uste nire neuronek dutenik erru osoa. Ez da egongo teknologian beste arlorik, hedatuen artean, hain laguntza zerbitzu gutxi daukanik. Gaur gaurkoz, dorpeok jai dugu!
Santurtziko Serantes antzerki saria irabazi zuen iaz Teresa Calo aktore eta idazle donostiarrak "¡Ay Manolo!" deritzan obra honekin, eta testutik antzeztokirako jauzia ikusteko aukera zorionekoa izan dugu, Santurtzin eta Madrilen estreinatu ostean Donostiako Lugaritzen eman baitute joan den asteburuan. Aukera zorionekoa esan dut gutxitan gertatzen delako, eta emaitza pozgarria izan delako.
Animatu enpresak egin du "Mamutxen Eremua" jokoa. J2ME teknologian eginda dago. Jokoan jokalariak Mamutxak aurkitu behar ditu, bidean topatuko dituen pertsonaiek emango dizkioten pistei esker.
A-15 autobidea itxi egin dute noranzko batean, izotzagatik. Andoaindik Iruñara bitartean dago itxita; Iruñatik Donostiarako bidea zabalik dago. Etxegarateko gaina ere itxita dago, kamioi batek istripua izan du-eta. Goizean zehar txapazko istripuak egon dira leku askotan.
Eusko Jaurlaritzak Hizkuntzak Internet bidez ikasteko martxan jarri duen e-lea programari buruzko informazioa jaso ondoren, Hiru.com atarira sartu naiz informazio bila.
Entzun dudanez oso ona da: lau hizkuntza ikasteko aukera, CD baten datorren programa edo Internet bitartez ikasteko aukera, eta gainera prezio onean.
2005eko urtarrila-apirila bitarteko emanaldiak lotu ditugu. Urtarrilaren 28an, Mugaldekoak. 19:30etan. Ernest Lluch-Amarako Kultur Etxean. Doan.
Hurrengo hilabeteetan toki, ordu eta prezio berean, Iban Zaldua-Jabier Muguruza-Roberto Yabén, Gaizka Sarasola eta Zura taldea pasako dira.
Atzo, igandea, hilak 23, Donostiako Antzoki Zaharrean estreinatu zen "Euskararen 7 bekatu nagusiak" antzezlana, II. Korrika-AEK bekari esker Aizpea Goenagak idatzi eta Olatz Beobide-Edi Naudok zuzendua. Donostian estreinatu baina, 14. Korrikarekin batera, Euskal Herriko hainbat txokotan eskainiko dute datozen asteetan.
Bitacoras.com-ek antolatu du 2004ko bitakora onenen sariketa. Aurtengoa hirugarren edizioa izango da. Gaztelaniazko blogentzako sariketa da, baina euskarazkoek ere izango dute lekua.
San Valentin eguna gertu dagoela eta, Muskizko Ostabe elkartekoek e-posta mezuen lehiaketa antolatu dute. Otsailaren 10a da mezuak bidaltzeko azkeneko eguna.
Gaindegia, Euskal Herriko ekonomia eta gizarte garapenerako behategia, aurkeztu da. Gaindegiaren sortze helburuak Euskal Herriaren eraketa eta garapenari begira jarrita daude. Bi webgune aurkeztu dituzte: Gaindegia.org eta Datutalaia.net .