Teknologia albisteak

Euskarazko blog komunitatea sortu da Goiena.net-en

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2005-03-08 : 10:03

Debagoieneko Goiena.net atarian izan dugu blog komunitatearen berri. Oraingoz, sei blogari daude, baina pixkanaka komunitatea handitzen joatea nahi dute. Joxe Aranzabal, Mikel Irizar, Leire Kortabarria, Edu Mendibil, Antonio Zabala eta Goio Arana dira Goiena.net-eko lehenengo sei blogariak.

Eibar.ORG izan zen euskal blog komunitateen aitzindari eta bide horri jarraituz, Debagoieneko blog komunitatea sortu du Goiena.net-ek.

Goiena.net -en babespean sortu dira sei blogak. Baina, blogak pertsonalak izanik, guztiek dute bereizgarriren bat. Helbide honetan aurkituko dituzu orain arteko blog guztiak: www.goiena.net/blogak Automatikoki ematen ditugu helbide horretan, bai azkenengo mezuak eta baita blogetan izaten diren erantzunak ere.

Dauden blogak eta blogariak

  • Faroa: Joxe Aranzabalek Goiena.net-en jarri du orain bere Faroa. Lehen ere ezaguna dugu euskal blogosferan Joxe.
  • Piperrautsa: Mikel Irizarrek izen bereko zutabea du egubakoitzetako Goienkaria-n. Berak dioen moduan, "ogibidez bankari, ofizioz mahastizain eta afizioz komunikatzailea" dugu Irizar.
  • Arrosak latan: Leire Kortabarria kazetari oñatiarraren bloga. Bere "eguneroko gogoetak, iritzi artikuluak eta klasifikaezinak" batzen ditu blogean.
  • Mathiasen kopilotua: Edu Mendibil kazetari bergararraren bloga. Mathias Ruszt-en omenez eman dio izen hori blogari. "Interneten nabigatu eta naufragatu, abenturak eta desbenturak konpartituko" ditu Mendibilek.
  • Zinema: Antonio Zabala bergararrak astero egiten du film baten gaineko kritika Goienkaria-n. Bere blogean ere jasoko ditu kritika horiek.
  • Superbai: Goio Arana arrasatearraren bloga da Superbai. Diseinatzailea da Goio eta Arteman komunikazio enpresan dihardu lanean.

Euskaratutako Coreblog softwarea erabili dugu blogak egiteko. CodeSyntax enpresa eibartarrak izan du alde teknikoaren ardura.

Erantzun

Sartu