Teknologia albisteak

Agiriak.net, euskarazko dokumentu fondoa

Erabiltzailearen aurpegia
Artez Euskara Zerbitzua - Artez Euskara Zerbitzua
2005-03-10 : 11:03

Urteak dira euskaldunok erdaraz dauden dokumentuak euskaratu eta jendartearen eskura jartzen hasi ginela. 1950ean, frankismo garai ilunean, Nemesio Etxanizek mota honetako lehen liburua kaleratu zuenetik lan ezberdinak egin dira helburu honekin, eta azken lanetako bat Agiriak.net webgunea dugu.

Agiriak.net fondoak eguneroko harreman sozio-ekonomikoetan eta eguneroko bizitzan baliagarri diren dokumentu eta inprimaki estandarrak biltzen ditu.

Euskaraz bizi eta lan egiten dugunoi gaur egun eskura ez ditugun idazki estandarrak eskaintzea da fondoaren helburua, eta azken urteetako lanari esker 100 idazki ditu gaur egun fondoak.

Mota askotako dokumentuak guztien eskura

Duela gutxi arte harpidedunek bakarrik zeukaten aukera fondo hau jasotzeko, baina interneten jartzearekin jauzi kualitatibo eta kuantitatiboa eman dugu eta nahi duenaren eskura jarri ditugu dokumentu guztiak. Webgunean hainbat eratako dokumentuak aurkitu daitezke: lan kontratuak, elkarteak legeztatzeko estatutuak, ikastetxe bateko barne araudia, eutanasia egiteko baimena,...

Harpidetzeko aukera dago

Dokumentuetara sarbidea edukitzeko nahikoa da webgunean sartzea eta behar duzun dokumentua aukeratzea. Agiri batzuk doan jasotzeko aukera dago eta beste batzuk ordainduz jaisten dira. Beste aukera bat harpidetzarena da, harpideek dokumentu guztiak batera jaisteko aukera dute. Aurten gainera harpidetza anitzaren figura sortu da. Harpidetza mota honekin harpide erabiltzailea bat baino gehiago izan daitezke. Honek, aukera ematen die egun harpide diren udalei, fondoa herriko elkarte, denda, enpresa eta abarreri zabaltzeko.

Agiri berriak gehituz

Urtero fondoari agiri berriak gehitzen zaizkio, bai guk sortuak edo eta jendeak bidalitakoak, azken baten webguneak horretarako aukera ere ematen baitu. Norbaitek, egun fondoan ez dagoen, agiriren bat balu berau bidaltzeko aukera du eta aztertu ondoren fondora gehitzen da doan jaisteko aukera emanez jendarte osoari. Bidaltzen diren Agiriak estandarrak izan behar dute, hau da, leku askotan erabiltzeko modukoak eta euskara egokia izan behar dute: ulergarria, edukia ondo antolatuta, etab.

Bestalde, norbaitek egun fondoan ez dagoen agiriren bat beharko balu, gurekin kontaktuan jar daiteke eta agiri horren sortze lana ere egin ohi dugu.

Euskaraz bizi eta lan egin nahi duen orok badu jada horretarako beste aukera bat atari honekin. Orain arte euskara lortzeko sailak ziren dokumentuak jendarte osoaren eskura jarri ditugu, erabili ditzagun bada. Sar zaitez www.agiriak.net helbidean.

Erantzun

Sartu