Apirilaren 17ko hauteskunde kanpaina ez da ofiziala, baina alderdiak hasi dira honezkero lehenengo ekitaldiak eta enparauak antolatzen. Interneten ere hasi da nabaritzen, bai, hauteskundeak ate-joka datozela. Badirudi kanpaina honetan Internetek inoiz baino zeresan handiagoa izango duela, baina egia esan, hauteskundeetarako 40 egun falta direnean, sarean berri gutxi.
Aurreko hauteskundeetan ere aipatu izan dugu Sustatun bertan, gure inguruko alderdiek ez dituztela aintzat hartzen Internet eta internautak. Webgune kaskarrak, eguneraketa gutxi... Makaleko aldea Estatu Batuetako egoerarekin konparatzen badugu. Internet gizartean hartzen ari den garrantzia egunetik egunera handitu arren, oraindik ez dirudi alderdi politikoek errentagarritasunik ikusten diotenik.
Hala ere, hasi dira lehenengo mugimenduak. Eta ziurrenik, berandu bada ere, datozen egunotan aldaketa gehiago ere ikusiko ditugu. Webgune berriak, webgune zaharretan berrantolaketak eta hobekuntzak, blogak eta RSSak...
Aurki atarian, esate baterako, Politika eta Gizartea izeneko atal bat dago, eta horren bidez 12 iturriren jarraipena egin ahal izango dugu.
EAJ eta EA izan dira beraien webguneak berrantolatu dituzten lehenengoak. Oraindik ere badute zer hobetu, baina duela 4 urteko webguneekin alderatuz gero, hobekuntza nabarmena da: albistegi dinamikoak, ekitaldien agenda eguneratuak, eta euren edukiak sindikatzeko aukera, RSS famatuak.
RSSen aukera hori, duela lau urte existintzen ez zena, gaur egun alderdi abertzale guztien webguneetan aurkituko dugu. Aralarrek ere bere albistegia RSS bidez banatzen du, eta orain.info webgunean ere (Batasunaren webgune erdi-ofizialean) aukera hori aurkituko dugu. Azken horretan ez dago etiketa laranjatxorik, baina behean RDF/RSS lotura erakusten da.
Konstituzionalisten artean, aldiz, mugimendu gutxiago. Euskal sozialisten webgunean RSS-rik ez. Egitura aldetik ere, aurrekoak baino eskasagoa. Informazio asko pop-up-etan irekitzen da, URL garbirik ez, egitura nabarra, Interneteko estandar bakarra ere ez du betetzen... Euskararen lekua, txikia baino, hutsa. Hauteskundeko lema bakarrik aurkitu dugu euskaraz. Hori bai, eurak dira hauteskunde kanpaina hasi duten bakarrak: lema goi-goian (Guztiontzako lehendakaria), posta bidez botatzeko informazioa, eta abar.
Euskadiko PPren webgunea ere antzekoa, akats berberekin. Kasu honetan sarrera orrian euskara/gaztelania aukeratzeko esaten dizu, baina euskarazko atalera ezin da sartu. Gaztelaniakoan sartuz gero, 2005eko hauteskundeei buruzko atal bat iragartzen dute, baina bertan klikatuta, errorea ematen du, "Página no encontrada".
Ezker Batuaren webguneak ere berrikuntza txiki bat gustura hartuko luke. Aurrekoen arazo eta akats beretsuak ditu, eta kasu honetan ere euskararen lekua oso txikia (zerbait esatearren). Menu batzuk, albisteren bat, eta kitto. Gainontzeko guztia erdara hutsean. Eta sareko estandarrak? Hori ere urruti oraindik.
Hautagaien webguneen artean, oraindik eta berrikuntza gutxiago. Hasteko, alderdi askok ez dutelako hautagairik aurkezten (Aralarrek, Batasunak, Ezker Batuak). Baina gainontzeko hiru alderdien artean ere, kontu aipagarri gutxi. Ibarretxe lehendakaria izan da mugitu den bakarra.
Aste honetan aurkeztu du EAJ-EA koalizioak Ibarretxe lehendakari izateko hautagaitza, eta horrekin batera ibarretxe.com webgunea plazaratu dute. Webgune berria, ondo egituratua eta gaur egungo estandar guztiak betetzen dituena. Eduki aldetik, ostera, eskas samarra: albistegia eta lau orri estatiko besterik ez. Agian, gero etorriko dira gehiago...
Bere aurkari nagusiak oraindik geldi. Patxi Lopezek aspaldi aurkeztu zuen bere webgunea, baina abuztutik eguneratu gabe dagoela ematen du. Maria San Gilek ezta hori ere. Mariasangil.com okupen esku dago, eta MariaSanGil.net, udal hauteskundeetan erabili zuen webgunea geldirik dago.
Bush eta Kerryren arteko lehian Internetek, sareko albistegiek eta blogek garrantzi izugarria izan omen zuten; ez dirudi gurean horrelakorik egongo denik, baina hemendik eta hauteskundeetara, ziurrenik, mugimendu gehiago egongo da. Adi egongo gara.
Gaztelaniaz hauteskundeen gaineko blog bat hasi du batek: Elecciones Euskadi 2005
www.ppvasco.com webgunean sartu eta elecciones2005 atalean nago. Bertan, hasierako hitz guztietako "p" hizkiak gorriz daude. Zer da, txantxa bat? Publizitate subliminala?kar kar kar... Bukaerarako nekatu egingo zen idazlea, eta gainontzekoak normal daude.
PPren webguneetan azken orduko eguneraketa batzuk.
Batetik, goian aipatzen genuen 2005eko hauteskundeen orrialdea egin gabe zegoela oraindik eta errorea ematen zuela. Ez da horrela. Eguneratu dute eta orain badabil: elecciones 2005
Bestetik, Maria San Gilek bere kanpaina hasi du, eta webgune bat iragartzen du: msangil.com. Oraingoz, behintzat, Flash aurkezpen bat besterik ez; PPren webgunera bidaltzen zaitu.