Teknologia albisteak

Googleren zerbitzu berriak: mapak, mahaigaineko bilaketa eta albisteen pertsonalizazioa

Erabiltzailearen aurpegia
Mikel Larreategi - CS
2005-03-14 : 10:03

Google berriz etorri zaigu bere ahalmena erakustera. Azken aldi honetan hiru zerbitzu interesgarri argitaratu ditu: Google Maps, Google Desktop Search programaren bertsio egonkorra eta Google News berritua.

Google Maps zerbitzua orain dela hilabete inguru egin zuten publiko. AEB eta Kanadako bazter guztiak biltzen ditu bertako mapa eta planoak eskaintzeko. Gipuzkoako Foru Aldundiak B5M zerbitzuarekin egiten duen antzera, baina erabiltzeko erraztasun askoz handiagoarekin. Mapa alde batetik bestera mugi dezakezu, helbide zehatzak aurkitu, tokien argazkiak ikusi, eta guztia oso azkar dabilen interfaze baten.

Bilaketa sistema zure ordenagailuan

GDS edo Google Desktop Search izan da bigarren berrikuntza. Orain arte beta probatan aritu dira, eta bertsio berri lau berritasun nagusi dakartza: PDF formatuko fitxategiak indexatzea, Mozilla eta Thunderbird eposta programetako mezuak indexatzea, Firefox nabigatzailearen historikoan bilaketak egin ahal izatea, eta askok berritasun garrantzitsuena dela diotena: nahi duzun indexatzailea programatu ahal izatea.

Zuk nahi dituzun albisteak

Zerbitzu horietaz gain, atzo bertan egin zuten publiko Google News berritua. Gaztelaniazko bertsioan 700 bat informazio iturritako informazioa kontsultatzeko aukera ematen du. Albisteak gaika sailkatzen ditu eta albiste bakoitzerako sarreratxo bat eta komunikabide ezberdinetako albiste horretarako lotura ematen dizkigu.

Azken aldian Google News-en bertsio asko kontsultatu ahal izan ditugu, hala nola, Suitzakoa edo Txinakoa. Google News España sortu zenean ere eman genuen horren berri Sustatun.

Hala ere atzo aurkeztu zuten berritasuna oso interesgarria da: pertsonalizazioa. Google News pertsonalizatzeko aukera daukagu orain. Yahoo-k bere My Yahoo zerbitzuan egiten duen bezala, nahi dugun taldekatzearekin ikusiko ditugu albisteak. Orain arte antolaketa finko bat aurkezten zuen Google Newsek. Pertsonalizatzeko ematen duten aukera berriarekin, defektuz datozen moduluak tokiz mugitu, beste Google News bateko moduluak gehitu... Gainera zure pertsonalizazioa konpartitzeko aukera ematen dizu. Adibide honetan esaterako, Europako herrialde ezberdinetako albisteak ikus ditzakegu, leku bakoitzeko Google Newsetako albisteekin.

Baina gauza ez da hor geratzen. Google Alerts-en antzeko zerbait ere integratu dute. Alerta zerbitzu horrek zuk definitutako hitz gako batzuk dituzten albisteak eposta mezu baten bidaltzen dizkizu. Bada, hitz gako bat duten albisteak ere integratu daitezke Google News pertsonalizatuan. Adibide honetan, esaterako, Euskal Herria eta Euskadi hitz gakoak dituzten atalak gehitu ditut.

Argitaratu dituen zerbitzu guztietan, gauza bati ematen dio garrantzia Googlek nire ustez: erabilterraztasunari. Google News pertsonalizatzea bost minutuko gauza da, Google Maps-en mapa alde batetik bestera mugitzea, sagua pantailan zehar mugitzea bezain erraza da, eta Google Desktop erabiliz ordenagailuan bilaketak egitea, Google-n bilaketak egitea bezain erraza.

Erantzun

Sartu