Geoff Huish, 26 urteko galestarra, seguru zegoen Galesek ez zuela Ingalaterraren aurka irabaziko. Hala esan zien tabernan partidua ikusten zeuden bere lagunei: "Galesek irabazten badu, barrabilak moztuko ditut". Galesek irabazi eta Huishek, hitzeman bezala, barrabilak moztu zituen.
Miren Azkarate, Kultura Sailburua Parisko Expolangues azokan izango da gaur. Han Parisko Euskal Etxearekin izenpetuko du hitzarmena bertan ematen diren euskara eskolak sendotzeko. Habe-ren webgunearen bidez ematen diren eskolak egonkortuko ditu hitzarmenak. Expolangues azoka larunbatera bitartean egingo da Parisen, "Munduko hizkuntzak. Hizkuntzen mundua" izenburupean.
Eustaten Inkestan esaten da 2004ko laugarren hiruhilekoan EAEko Internet erabiltzaileen %15,7ak nabigatzen duela euskaraz. Sustatun beste modu batera ulertzen dugu euskaraz nabigatzearen hori. Zehatz-mehatz neurtuta jakin dugu Sustatuzaleen % 31k nabigatzen duela euskaraz. Eta zuk?
Aurki.com-ek atal berria du: Jarioa. Euskarazko sareko hainbat informazio iturritatik elikatzen den albistegia da Jarioa. Gaika sailkatzen ditu albiste edo artikuluak eta ekarritako azken berriak agertzen dira azalean. Harpidetzeko aukera ere badu. Beta fasean dago oraindik Jarioa, baina laister egongo da behin betiko bertsioa.
Atzo aurkeztu zuten Basaurin 2005hiritarrok.net webgunea. Atari horretan alkateak, talde politiko batek edo bizilagunek proposamenak egin ditzakete eta horiei buruz eztabaidatu. Basaurin hasi dute proiektua, baina EAEko beste hamaika udalerritara zabalduko dute.
Euskal material Didaktikoaren I. Topaketak: Hezkuntza Premia Bereziak. 2005ko martxoaren 4 eta 5ean izango dira, UEUren Ikastetxe Nagusian, Markeskoa Jauretxean, Eibarren.
Interneteko ikono berrietako bi batuz sortu da Podcastinga: iPod eta weblogak. Blogen antzerako funtzionamendua du Podcastingak, baina testuak beharrean, soinu artxiboak banatzen dira RSS bidez.
Sopelako AEK-k hamabigarrenez egingo du Esaera Zaharren txapelketa. Martxoaren 5ean jokatuko da eta, dagoeneko, aukeratu ditu egun horretarako 100 esaera zaharrak. Parte-hartzaileek otsailaren 25era bitartean dute izena emateko astia.
Estreinekoa egin du bart Beste Gu Euskal Telebistako saioa berriak. 12 urte kale gorrian egin dituen gaztea eta estralurtarrekin komunikatzen dela dioen emakumea ezagutu ditugu lehenengoan, eta izen ezagunik ez baina testigantza haundia duten beste bi lagun aurkeztuko dizkigu Dani Arizalak datorren ostegunean.
Gertaera garrantzitsuenekin batera sortutako iritzi esanguratsuenak eta elkarrizketa deigarrienak aurki daitezke urtekarian. Aurtengoan, gainera, Anjel Lertxundik eta Jon Alonsok 2004ko kronika bana idatzi dute, kulturaren esparrutik joan den urteari begirada kritiko zorrotza eginez.
Alaitz Sarasola ordiziarrak eskuratu du lehiaketako lehen saria. Gurutzegrama eta maitasunaren artean egiten duen konparaketa nabarmendu du epaimahaiak. Bigarren saria Nahikari Gabilondo zarauztarrak lortu du eta Bergarako Onenaren saria Iosu Aranzabalek. Irakurle gazteen saria Oiartzungo Goiatz Labandibarrek eskuratu du. Azkenik, Miren Rubio lesakarra izan da SMS bidezko III. Maitasun Mezuen Lehiaketaren irabazlea.
Maryland-eko Unibertsitateak egin du ikerketa. Horren arabera, spama ezabatzen 22.000 milioi dolar gastatzen dituzte urtero estatubatuarrek. Euskal Herriko daturik ez, baina zenbat gaude spam-arekin nazkatuta?
Hizkuntz eskubideak giza eskubideak eta oinarrizko eskubide dira, eta horien aipamenik ez da egiten Europako Itun Konstituzionalaren testuan Hizkuntz Eskubideen Behatokiaren arabera. Europako Itun Konstituzionalaren azterketa hizkuntz eskubideen ikuspegitik izeneko txostena aurkeztu dute.
Jose Angel Lopetegik Argia astekarian argitaratzen ditu Winston Arizmediren komikiak. Orain, Interneten ere irakurri ahal izango dira Arizmendi estatubatuar gaztearen ibilera umoretsuak.
Eustatek egin du inkesta EAEko biztanleen artean. 2004ko laugarren hiruhilekoan EAEko Internet erabiltzaileen %15,7ak nabigatu du euskaraz; 2003ko laugarren hiruhilekoan, aldiz, %12,5ek erabili zuten euskara Interneten.
Sormen lehiaketa deitu berri du Kilometroak 2005 jaiak, 14 urtetik gorakoendako. Fernando Morillo idazleak hasitako nobelarako bukaera bat proposatu behar da. Argitaratuko den liburuan irabazlearen izena agertzeaz gain, nekazal turismo baten egonaldia emango dute sari bezala.
Orain arte, Skypen beta bertsioa zegoen Linux eta Mac OS X-entzat. Orain, baina, egin dute behin behineko bertsioa: Skype 1.0. Bi plataforma horiek dituztenek badute orain aukera ordenagailu bidez deiak egiteko.
Ivan Noble BBCko kazetariari burmuinean tumorea diagnostikatu zioten 2002an. Harrezkero, bere blogean eman du minbiziaren aurkako borrokaren berri. Baina, joan den larunbatean bere azken mezua idatzi zuen, "The time has come" (Ordua iritsi da) tituluarekin. Atzo hil zen Noble, 37 urterekin.
Espainiako Barne Ministerioak aukeratu ditu Europako konstituzioaren erreferendumean boto elektronikoa probatuko duten 52 hiriak; Espainiako probintzia bakoitzeko bat. Hego Euskal Herrian, beraz, lau hiritan egingo dute proba: Barakaldon, Irunen, Laudion eta Tuteran.
Beatlesen abestiak Metallicaren estiloarekin egiten dituzte. Emaitza: abestien fusio bitxi bat, bai soinuari, bai tituluei eta bai letrei dagokienean. Interneten dituzte abestiak, edozeinek eskuratzeko moduan. Momentuz, zortzi abesti dituzte webgunean.