Dagoeneko zortzigarren urtera iritsi da Igartza Saria, Beasaingo Udalak, CAFek eta Elkar-ek sorturiko idazle gazteentzako beka. Julen Gabiria edo Xabier Etxeberria bezalako idazleak ezagutarazi ditu, eta bidea egiten hasitako beste batzuei bultzada eman, hala nola Unai Elorriaga, Jasore Osoro edo Fernando Morillori. Deialdi berrian parte hartu nahi duenak hemen ditu oinarriak.
Beasaingo Udalak, Beasaingo CAF (Construcciones y Auxiliar de Ferrocarriles) enpresaren babesarekin eta ELKAR argitaletxearen laguntzarekin, euskal kultura zabaldu eta idazle gazteen lanari laguntza emateko asmoz, VIII. IGARTZA LITERATURA-SORKUNTZAKO BEKA sortu du idazle berrientzat. Bekak, 6.000 euroko diru-laguntza izango du, ondorengo oinarrien arabera:
1. Deialdi honetara, narratibako lanak (eleberri edo ipuin-bildumak) egiteko proiektuak aurkez litezke, jatorrizkoak eta euskaraz sortuak, beren zatiren bat edota osotasuna inon argitaratu gabea dutenak, sarituak izan ez direnak eta beste inondik moldatuak ez direnak.
2. Deialdian edonork parte har lezake, baina, egile berrientzat bideratua dela kontuan hartuta, bi baldintza hauek bete beharko dira: Lana entregatzean 35 urte bete gabe izatea eta aurretik lan argitaraturik izatekotan, bakarka bi liburu baino gehiago argitaratuak ez izatea. Bi baldintza horien muga, proiektuak jasotzeko unekoa (2005-07-01ekoa) da.
3. Partehartzaile bakoitzak, lau aldakitan eta bere benetako izena agerian jarri gabe, ondorengo agiriak aurkeztu behar ditu bere proiektuarekin batera:
4. Proiektuak, 2005eko uztailaren 1era arte bidal litezke helbide honetara:
VIII. Igartza Literatura-sorkuntzako Beka
Euskara Zerbitzua
Udaletxea
Loinazko San Martin plaza
20.200 Beasain (Gipuzkoa)
5. Julen Gabiriak, Jasone Osorok eta Karmele Jaiok osatutako epaimahaiak, jasotako proiektu guztiak aztertu eta haien arteko bat izendatuko du irabazle 2005eko irailaren 9a baino lehen. Aurkeztutako lanek behar adinako kalitaterik ez dutela iritziz gero, beka eman gabe utz dezakete epaimahaikoek.
6. Bekako diru-kopuruaren erdia, irabazle izendatu bezain laster jasoko du irabazleak, eta beste erdia, idazlan amaitua entregatu eta epaimahaikoek onespena emandakoan, lehen erdia jasotzen duenetik urtebetera hain zuzen ere.
7. Irabazleak, izendapena jaso eta urtebeteko epea izango du gehienez, idazlan amaitua Beasaingo Udalari helarazteko. Luzera aldez aurretik zehazten zaila bada ere, liburua osatzeko adina izan beharko du: 75 bat orrialde gutxienez. Bitarte horretan egileak hasierako proiektua aldatu nahi izango balu, epaimahaikoei jakinarazi beharko die aldaketaren berri eta haien onespena jaso beharko du.
8. Idazleak bere lana entregatuko ez balu, edo idazlan horren izaera eta kalitatea, epaimahaikoen iritziz, proiektuan azaldutakoen aldean nabarmenkiro kaxkarragoak balira, idazleak itzuli egin beharko du jasotako dirua.
9. Dirulaguntza jasotako idazlanaren jabetza, egilearena izango da. Alabaina, lan horrek ezin izango du beste inongo beka edo saririk jaso, ez laguntzaren aurretik ez eta ondoren ere, argitaratu osteko sariak izan ezik. Elkar argitaletxeak argitaratuko du idazlana eta egile-eskubideak ohiko moduan ordainduko dizkio egileari. Epaimahaikoek onespena ematen dutenetik sei-zazpi hilabeteko epean kaleratu beharko da liburua, eta bertan, bekaren aipamena egingo da nahitaez.
10. Beka-deialdi honetan parte hartzeak, bertako oinarriak ontzat ematea dakar. Horien ulermenean zalantzarik balego, epaimahaikoei dagokie erabakitzea eta epaimahaikoek egin ezean, Beasaingo Udalak erabakiko du.
OHARRA: Edozein argibidetarako helbideak eta datuak:
Beasaingo Udaleko Euskara Zerbitzua.- Loinazko San Martin plaza.- 20200 BEASAIN (Gipuzkoa). Telefonoa: 943 02 80 63. Faxa: 943 02 80 67. Posta elektronikoa: euskeraABILDUAbeasain.net
Erantzun
Sartu