Aurki berritua aurkeztu dute Donostian
Otsailean eman genuen Sustatun Aurki berrituaren gaineko albistea. Orduan beta fasean zegoen. Gaur aurkeztu dute Donostiako Koldo Mitxelenan Aurki berrituaren behin betiko bertsioa.
Aurki.com eraldatuta dago. Jarioa izeneko proiektuari esker, albisteen agregatzaile automatikoa bihurtu da, eta euskal blogosferaren jarraipenerako zerbitzu oso bat ere bada, gainera.
Zer agregatzen du?
Euskarazko 175 informazio iturri inguru agregatzen ditu, 14 talde tematikotan antolatuta: Politika, Euskara, Udalak, herrietako berriak...
Informazio iturri horiek Interneten aurkitu dituzte: euskaraz Interneten RSS estandarrean informazioa eskaintzen dutenak dira. RSS edukien sindikaziorako formatu punta-puntakoa da Interneten. Bere aplikazioak gero eta hedatuagoak dira, informazioa eta albisteak zabaltzeko, blogen eremuan, administrazioan, enpresa munduan eta abar.
Euskal blogosfera Aurki.com-en
RSS iturriak denetarikoak dira euskaraz Interneten, baina haien artean, gero eta garrantzi handiagoa daukate blogek, euskal blogosferak alegia. Aurki.com-ek arakatzen dituen iturrien artean heren bat izango dira jada blogak. Argitalpen pertsonalerako Interneteko fenomeno berriak euskaraz zer ematen duen ikusteko, Aurki.com da leihorik zuzenena une honetan.
CodeSyntaxek egin du Jarioa
Jarioa proiektuak Gipuzkoako Foru Aldundiaren babesa jaso du, Euskararen Normalkuntzarako Zuzendaritza Nagusiak 2004. emandako dirulaguntzen bitartez.
CodeSyntax enpresa eibartarrak egin du lana. Interneterako softwarea eta aplikazioak egiten ditu enpresa gipuzkoar honek. Proiektua sareratzeko, Aurki.com ataria eraldatzea izan da modua. Aurki.com domeinua eta zerbitzua, Eibar.org elkarteak, Interneten eta teknologia berrien erabiltzaileen elkarteak, dauka sarean 2000. urtetik.
Aurkezpena
Gaur eguerdian egin dute aurkezpena Donostiako Koldo Mitxelenan. Bertan izan dira:
- Xabier Huitzi (Gipuzkoako Foru Aldundia, Euskararen Normalkuntzarako Zuzendaritza Nagusia )
- Luistxo Fernandez (CodeSyntax eta Eibar.org)
- Josu Azpillaga ( CodeSyntax)
Erantzunak kargatzen...