Sustatu logoa Teknologia albisteak

Korrika: Lekukoak barruan zeraman testua Eguzkitzarena zen

Iban Arantzabal - Bilbo
2005-03-20 16:03

Fernando Landaburu Bizkaiko AEKren koordinatzaileak hartu du beregain AEKren izenean korrika posible egin duten guztiei eskerrak emateko ardura eta Euskal Idazleen Elkarteko lehendakari Tere Irastortzak izan du Euskal Herria euskalduntzen. Ni ere bai! leloarekin 11 egunetan eskurik esku aritu den lekuko barruko mezua irakurtzeko konpromisoa.

Bera izan da Andolin Eguzkitza zenak euskararen gainean esandako berbak gogoratzeko aukera izan duenak; horixe izan baita korrika 14ren mezua: Andolin Eguzkitza euskaltzain eta euskaldun berri zenak euskara ikastea zer suposatu zitzaion eta konpromiso hori hartu izanak zer ekarri zion.

Andolin Eguzkitzaren testua

Aspaldian bihurtu nintzen euskaldun, eta nire bizitzan urte gehiagotan izan naiz euskaldun erdaldun hutsa baino. Nik momentu batean erabaki nuen euskalduna izan nahi nuela. Eta gainera ez zait batere kostatu. Hain da ederra esperientzia… Hain pozik nengoen ez zitzaidala batere kosta. Hizkuntza oso polita iruditzen zitzaidan. Nik euskaldun jendea ez nuen benetan ezagutzen. Niretzat unibertso berri bat ezagutzea izan zen, eta denetarik irakurtzen nuen. Kontua zen ikastea.

Nik beti esan dut abantaila bat daukadala euskara etxetik dakitenekin: eurek nik sentitu nuen plazer hori ez dutela inoiz eduki. Beste unibertso bat aurkitu nuen eta niretzat euskara ikastea plazer hutsezko prozesua izan zen.

Bestetik, euskaldun berria izan arren, euskaldun oso izatea posible dela erakusteko ere balio du. Euskararen kontra esaten zirenak, ikastezina eta oso zaila zela, argudio hutsal eta gezurrezkoak direla ikusi da. Euskaldun izateko aukera hartzen baduzu posible da, horixe dela posible!.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu