Lauaxeta... ahazturik?
Azken hilabeteotan dozenaka, ehundaka, alditan entzun ditugu Cervantes-en Kixoteari buruzko berriak: bere laugarren mendeurrena dela, aipatutako liburuaren berrargitalpena dela edo telebistan egunero eskaintzen dizkioten hogei-hogeita hamar segunduak direla. Bada, euskaldunok badaukagu (edo eduki beharko genuke) beste mendeurrenik ospatzeke.
Askotan agerian laga izan dudan kezketako bat euskal literaturak irakaskuntzan daukan presentziaren ingurukoa da. Izan ere, eta salbuespenak salbuespen, ez dakit zein neurriraino irakasten den behar den moduan euskal literatura gaur egun: denbora asko galtzen da berehala ahazten diren joskera-analisiak ikusten eta bitartean bazterrean geratzen dira ergatiboaren erabilera zuzena edo euskal literaturaren gainbegirada, besteak beste. Zenbait liburu ahazturik geratu direlakoan nago: non lortu gaur egun Biotz-begietan, Etiopia edo Abarrak? Azkenekoa leku gutxitan eta aurreko biak Jainkoak ekarrita. Eta zenbait autorerekin gertatzen dena zer esanik ez. Badaude, hala edo nola, ahaztura horri kontra egiten dietenik baina ez dakit zein neurrira arte suertatzen diren arrakastatsu; izan ere, jaso al du Koldo Izagirrek XX.mendeko poesia kaierak bilduman egindako lanak behar bezalako erantzunik?
Ildo nagusiari berriro helduz, ez dut uste Lauaxetaren bizitza edo poesia buruz, memoriaz, jakitea behar-beharrezkoa denik, baina aurten Lauaxeta jaio zenetik 100 urte bete direla jakitea ez legoke txarto. Bai jaunak! 1905ean jaio zen Esteban Urkiaga Lauaxeta, bere garaian euskal literaturak eman zuen idazle garrantzitsuenetarikoa bai artikulugintzan eta baita poseían ere, nahiz eta bere produkzio literarioa luzeegia ez izan 1937an erahil baitzuten. Alabaina, zenbatek izango du, oraintxe, du ospakizun honen berri? Ingurura begiratzen dut eta inor gutxik, tamalez. Ezagutzen dut kamisetan Mendigoxaliarena poemaren zati eder hori (Dana emon bihar yako / matte dan azkatasunari) daroan baten bat eta Lauaxeta XVIII. mendeko aipaiza esan duenik. Beno, apaizgoaren kontu horrekin zer edo zer hurbildu dira.
Beharrezkoa zaigu Amorebieta parteko ikastola famatuaren izenaren atzean zer dagoen jakitea. Bestalde, lehen aipatu ditut zulo beltz batean-edo eroritako liburu batzuk baina... non lortu Bide-barrijak, Lauaxetaren lehenengo poema-liburua? Eskerrak liburutegiak dauden. Aurten ekitaldi ezberdinak antolatu dituzte (Sabino Arana Fundazioak, Mungiako Udalak, Lauaxeta ikastolak, etab.) idazle bizkaitarrari omenaldia egiteko: ia zer nolako erantzuna ematen dion herriak herriagatik hil zen poetari.
Emango nituzke mintzagai izandako idazleari buruzko bio-bibliografiak baina nik baino hobeto eta arinago beste zenbaitek ere egin dutenez gero, papereratu ditzadan Lauaxetaren ahazturaren kontra ibili diren zenbait iturri:
Liburuei dagokienez, euskal literaturaren historiak alde batera lagata, bi iturri aipatuko nituzke: Mikel Zarateren Bizkaiko euskal idazleak (antza denez hau ere zulo beltz batean irten ezinik dabil) alde batetik eta Jon Kortazarrek prestaturiko azterketa eta edizioak.
Modernitatean murgildu nahi izanez gero, hona hemen zenbait lotura, Susa Argitaletxeak prestatuak. Ia teknologiak eskaintzen digun dinamikotasun honen bidez zulo beltzak argitu egiten ditugun:
Erantzunak kargatzen...