Sustatu logoa Teknologia albisteak

Agur, Artandape

Atzo goizean joan nintzen ARTANDAPEren Korrikari buruzko monografikoa inprentara eramatera, eta tartean dei bat jaso nuen aldizkaria ateratzen duen ABARRAK elkarteko araduradun batena: "Joxe, zenbaki hau azkenengoa da".

Urtebete pasatxo egin ondoren, beraz, bertan behera geratzen da Arrankudiaga, Arrigorriaga, Ugao eta Zaratamoko aldizkari euskalduna. Aldizkari euskaldun bakarra, zailtasun ekonomikoen eta instituzio lokaletatik (batzuetatik beste batzuetatik baino gehiago) adierazitako erabateko interes faltaren ondorioz. Ondoren doakizue ABARRAKek aldizkarian bertan argitaratutako oharra.

"Ia guriak egin du" zioen Xenpelarrek bere bertso ezagunean. Gureak bai egin duena, zoritxarrez. ARTANDAPEko azken alea duzu eskuartean. Ezin aurrera jarraitu, ezin zorra handitzeari eutsi. Pena da, baina porrot ekonomikoa onartu beharra dago. Arrazoi asko dago erabaki honen atzean; azter ditzagun, bada:

Etxeko akatsengatik has gaitezen, bidezkoa da eta. Iaz Eusko Jaurlaritzak ematen duen subentzioetara epez kanpo aurkeztu ginen. Negoziazioetan ibili baginen ere, ez ziguten eskabidea onartu eta 6.000 euro galdu genituen. Ordutik hona burua altxatu ezinik ibili gara.

Euskarazko aldizkari batek ez dauka interes komertzial handirik enpresetarako. Erdarazko produktuak badauka publiko osoari heltzeko segurtasun osoa, guztiok gaztelaniaz dakigu eta. Ez dugu publizitate aldetik aurreikusitakoa jaso, ezta urrik ere.

Instituzio publikoetatik dirulaguntza jaso dugu (iaz proiektuaren %55), baina beti urtearen erditik amaiera aldera, eta aldizkariko gastuak hilero ordaindu behar izaten dira. Horrela ez dago bizirik irauterik.

Aurten Diputazioak eta Eusko Jaurlaritzak herri aldizkariei aurrekontuaren %40 auto finantziazioa eskatzen diete. Iaz baino %5 gehiago. Ondoren jotzen duzu eurek ateratako EBPN (Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia) –ra eta “gutxieneko baldintza batzuk beteta, diruz laguntzea” irakurtzen duzu eta barregura sortzen dizu. Udalaren batean “irabazteko asmorik gabeko elkartea” izango ez bagina bezala tratatzen gaituzte diru zuriketaren orduan.

Denbora gehiago eman dugu balantzeak koadratzen eta ekonomiari erreparatzen aldizkariari berari baino. Eskerrak kazetari multifuntzionala izan dugun eta berak gure hutsuneak bete dituen.

Beste arrazoi nagusienetako bat gure inkonpetentzia izan daiteke, ezelango dudarik gabe. Dena dela, alde positiboak ere egon dira, eta txalotu beharrekoak: Joxe, kazetaria, fenomeno bat izan da. Langile nekaezina eta denerako prestua. Bikaina benetan. Orain langabezira doa. Erredakzio taldea, benetan bikaina. Eskerrik asko.

Artikuluak, gutunak, kolaborazioak... bidali dituzuenoi, eskerrik asko.

Beste barik, nahikoa negar egin dugu eta. Orain daukagun zorra kitatzeari ekin beharko diogu. Horrek, dudarik gabe, eskuartean geneuzkan hainbat proiektutan eragin zuzena izango du, diru galera suposa diezaguketenak bertan behera utzi beharko baititugu (antzerkiak, berbalagun...). Moral aldetik ere nahiko jota gaude eta gure aurrera begirako bidearen inguruan hausnarketa egin beharra dugu. Argi daukaguna da administrazioaren aurrean eskale moduan ezin garela ibili, baita gizarteak ere euskararen inguruan konpromezu handiagoa hartu beharra duela.

Txarto esanak barkatu, ondo esanak kontuan hartu. Plazerra izan da. Beste bat arte.

ABARRAK EUSKERA TALDEA

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu