
Donostiako udaleko sustapen agentziak deitutako lehiaketa da Smartkalea. Ekimenaren premisa da iraunkortasuna, berrikuntza teknologikoa, energia-eraginkortasuna, herritarren parte-hartzea, hiriaren garapen ekonomikoa eta gardentasuna sustatzea, teknologia berritzaileak erabiliz.
Tira, Google baino, Alphabet Inc. da munduko enpresarik aberatsena une honetan, Googleri aterpea ematen dion enpresa. 2019ko bigarren hiruhilabeteko datuak aintzat hartuz, Apple gainditu du eta aberatsen arteko aberatsena bihurtu da, The Financial Times egunkariak argitaratu berri dituen datuen arabera. 117.000 milioi dolarreko erreserba dauka une honetan (Applek 102.000 milioi dolar).
Duela hilabete euskarazko Wikipediak estatistiketan emandako gorakadaz hitz egin genuen. Baina gorakada hori ez da bakarrik koantitatiboa. Kalitatean gora ari da euskarazko wikipedia: parametro neurgarriak daude hori adierazteko, eta are gehiago, gardentasunez Wikipediak bere burua neurtzen du puntu honetan.
Euskadiko liburutegi digitalak, eLiburutegiak, urteko lehen seihilekoan datuak argitaratu ditu. 30.206 lan mailegatu ditu (iaz epe horretan baino 3.955 gehiago), eta 3.162 erabiltzaile berri irabazi ditu, guztira, 32.899 erabiltzaile izatera helduz. 2019an, orain arte, eskaera handiena honako lan hauek jaso dute: John Anduezaren Larunbatean Bukowskin; María Dueñasen Las hijas del Capitán; eta Harkaitz Canoren Fakirraren ahotsa lanek. Gehien eskatutako 20 maileguen artean, hamar euskarazkoak dira eta beste hamar gaztelaniazkoak. eLiburutegiak eskainitako filmei dagokienez, eskaera gehien Asier Altunak zuzendutako Amama, eta Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak zuzendutako Loreak filmek izaten jarraitzen dute.
Gure aplikazio kuttunetakoa dugu Mendiak APP. Euskal Herriko 2.000 gailur nagusien informazioa biltzen du, informazio praktikoarekin, eta aplikazioari esker, euskal mendizaleek euren igoera guztiak markatu eta gordetzeko aukera dute, baita lagunekin partekatzekoa ere. Euskarazko aplikazioen artean arrakasta handiena izan duen aplikazioen artean dago. 2016an argitaratu genuenetik, 15.000 deskarga inguru izan ditu. Aplikazioaren bertsio berritua argitaratu dugu aste honetan, mapa berriekin, dominak lortzeko aukerarekin, eta abar. Prest duzu, doan eta euskaraz, Android eta iPhone gailuentzat.
Telefono-salmenten azken urteko datuak aurkeztu dituzte eta iPhoneek beherantz egiten jarraitzen dute. Merkatu osoaren %11.3-tik, %10.1-era igaro da. Apple-ren telefonoek behera egin duten bitartean, Samsungek, Huaweik, Realmek eta Xiaomik gorantz egin dute, batez ere lehenengo hirurek. Marka txinatarrek salmenta guztien %42 lortu dute azken 12 hilabeteotan.
Urte bete inguru falta da 2020an Tokion izango diren Olinpiadak hasteko, eta dagoeneko hasi gara ezagutzen xehetasunik gehienak. Besteak beste, Joko Olinpikoetan eta Joko Paralinpikoetan turista eta atletei laguntzeko sortu dituzten robotak aurkeztu ditu Toyotak. Atleten laguntzaile izango dira batzuk (edaria eramaten eta informazio lagungarria eskainiz, adibidez) eta baita turisten laguntzaile ere (informazioa emanez, norbere lekura lagunduz, mugikortasun-arazoak dituzten turistei lagunduz...). Japonian antolatutako Jokoetan... ezin bestela izan!
Netflixek 2019ko bigarren hiruhilebeteko datuak argitaratu ditu eta ez dira uste bezain onak. Hazten jarraitzen du, noski, eta 150 miloi harpidedunen langa gainditu du, baina uste zuenaren erdia hazi da azken 3 hilabeteotan. Azken 3 urteotako daturik kaxkarrenak izan ditu, eta badirudi dagoeneko hasi dela antzematen beste lehiakide batzuen indartzea.
2014tik bost aldiz egin izan da PySS (Python San Sebastian), Python programatzaileen topaketa Euskal Herrian, baina aurten ez da izango. Hala ere, antolatzaileak beste proiektu batean murgildu direlako da, eta topaketak beraz jarraipena izango du: EuroSciPy. Python Zientziarako Europan, horixe akronimoaren itzulpena euskaraz.
Google Translate web zerbitzua generoaren araberako termino bikoitzak ematen hasi da ordainak generoa duten hizkuntzetan ematerakoan, adibidez gure inguruko erdaretan (frantsesez eta gaztelaniaz). Baina bakarrik funtzionatzen du hizkuntza handi batzuetatik. Ingelesez 'red' jarri, eta 'roja / rojo' ordainak ematen ditu espainolez. Baina euskaraz 'gorri' emanda, bakarrik 'rojo'.
Material berritzaileekin, kimikarekin eta ingenieritzarekin zerikusia duten bi proiektuk irabazi dituzte Toribio Etxeberria ekintzailetza sariak, beraien 29. edizioan. Surphase enpresak irabazi du enpresa asmoa, eta Ekolber izenekoak "enpresa berria" egitasmoa. Eibarko Tekniker ikertegian egin den ekitaldi batean eman dituzte sariak gaur goizean.
Hegazti behaketa afizio interesgarria da, baina trebakuntza ere behar dezakeen jarduera da. Horretarako aukera bat, datorren uztailaren 27an (goizez), Errezun (Nafarroa), Aranzadi Elkartearen eskutik. Adi, 30 lagunentzako tokia dago, eta bete egin daiteke. Nagusiak 5 euro, eta haurrak doan, hemendik eros daitezke plazak.
Gure Robotika erakusketan zenbait euskal enpresak sortutako robotak ikus daitezke Donostiako San Telmo Museoan. Zehazki 'Gure_RBTK' deitzen da erakusketa, eta beste erakusketa handiago baten luzapena da ('Hello, Robot' nazioarteko erakusketa da hori).