Teknologia albisteak

Gero eta iPhone gutxiago saltzen dira

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-08-02 : 09:39

Telefono-salmenten azken urteko datuak aurkeztu dituzte eta iPhoneek beherantz egiten jarraitzen dute. Merkatu osoaren %11.3-tik, %10.1-era igaro da. Apple-ren telefonoek behera egin duten bitartean, Samsungek, Huaweik, Realmek eta Xiaomik gorantz egin dute, batez ere lehenengo hirurek. Marka txinatarrek salmenta guztien %42 lortu dute azken 12 hilabeteotan.

2017 amaieran hasitako joerak jarraipena izan du azken hilabeteotan, eta ondorioa garbia da: gero eta iPhone gutxiago saltzen dira munduan zehar. %15 jaitsi zen iaz eta beste %12 aurten. Ondorioz, azken 12 hilabeteetan mundu osoan saldu diren telefonoen %10.1 besterik ez dira iPhoneak izan. 41 milioi iPhone saldu ziren iaz, eta 36.4 milioi aurten. 

Izan ere, garai batean merkatuko telefonorik onenetakoak ziren iPhoneak. Garestienak ere bai, baina konpetentziako mugikorrak baino hobeak. Azkenaldian, ostera, beste edozein markak ere kalitate berbera (edo hobea) ematen dizu: pantaila bikainak, azkartasuna, berme teknikoa, APP aukera zabalagoa... Hori guztiori, gainera, prezio hobean. 

Horren ondorioz, Apple gailuek ozta-ozta eusten diote merkatuaren 3. postuari. Samsungek gora egin du azken hilabeteotan eta merkatuaren %21.3 dauka; Huawei ere hazi egin da (eta merkatuaren %15.8 dauka); eta laugarren postuan Xiaomi dago, %9arekin eta iPhone salmentetatik gero eta hurrago.

Samsung da, beraz, jaun eta jabe une honetan. Azken urtean %19tik %21era igo da, eta iPhoneen merkatu-kuotaren bikoitza dauka. Hala ere, marka txinatarrak dira gero eta indartsuago daudenak. Xiaomi, Huawei, OPPO, Vivo, Realme... guztien artean merkatuaren %42 daukate, sekula izan duten handiena.

Dena dela, smartphoneen merkatuan, oro har, geldialdi bat nabari da. Horren arrazoia bilatzeko orduan, bi arrazoi ematen dituzte adituek. Batetik, dagoeneko merkatua nahiko saturatuta dagoela; hau da, dagoeneko denok daukagula telefono bat. Azkenaldian Indiako eta Txinako merkatuek eutsi diote gorakadari, baina han ere hazkundea gelditzen ari da. Bestetik, azken urteotan ez dela izan aparteko berrikuntza teknikorik eta gaur egungo telefonoek ez dutela eskaintzen orain urte bete edo 2 urte erosi genuen gailuak ez duen ezer; ez behintzat berria erostera bultzatuko gaituen ezer.

Apple bera ere jabetu da bere mugikorrak une honetan duen txakalaldiaz. Diru-sarrera handienak, honezkero, wearableen salmentetatik eta sareko beste zerbitzu batzuetatik lortzen ditu. eta iPad salmenten gorakada txiki bati esker, 2018ko kontuak uste baino hobeak izan dira. Smartphoneen merkatuan ere lehiakor izateko bideak lantzen ari da, eta horretarako gailuen prezioa jaitsi beharko du. Irailean aurkeztuko omen ditu bere hurrengo hiru telefonoak. Orduan ikusiko dugu beherakada gelditzea lortzen duen, edo Android gailuen aurrean merkatua galtzen jarraitzen duen.

 

.............

Argazkia: Flickr.

Erantzun

Sartu