Euskadiko liburutegi digitalak, eLiburutegiak, urteko lehen seihilekoan datuak argitaratu ditu. 30.206 lan mailegatu ditu (iaz epe horretan baino 3.955 gehiago), eta 3.162 erabiltzaile berri irabazi ditu, guztira, 32.899 erabiltzaile izatera helduz. 2019an, orain arte, eskaera handiena honako lan hauek jaso dute: John Anduezaren Larunbatean Bukowskin; María Dueñasen Las hijas del Capitán; eta Harkaitz Canoren Fakirraren ahotsa lanek. Gehien eskatutako 20 maileguen artean, hamar euskarazkoak dira eta beste hamar gaztelaniazkoak. eLiburutegiak eskainitako filmei dagokienez, eskaera gehien Asier Altunak zuzendutako Amama, eta Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak zuzendutako Loreak filmek izaten jarraitzen dute.
Datu horiekin, eLiburutegia atariak —Estatuko liburutegi digital garrantzitsuena— hazten eta erabiltzaile berriak erakartzen jarraitzen du. Izan ere, 2019ko bigarren zatian mailegu-erritmo honekin jarraituz gero, atariaren marka onena gaindituko da (57.180 mailegu izan zituen iaz, beste inoiz baino gehiago). Urteko lehen seihilekoa kontuan hartuta, apirilean erregistratu zen mailegu kopuru handiena (5.408), eta otsailean txikiena (4.460). Halaber, urtarrilean hazi zen gehien erabiltzaile berrien kopurua (701 lagun erregistratu ziren doako plataforma honetan).
Urteko lehen erdian gehien mailegatu ziren bost lanetatik lau euskal egileenak dira; kasu honetan, John Andueza, Harkaitz Cano, Jon Arretxe eta Fernando Aramburu. Halaber, mailegatutako 20 lanetatik 11 emakume idazleen lanak dira.
Euskaraz gehien mailegatutako 10 liburuen artean John Andueza eta Jon Arretxe idazleen presentzia azpimarratu behar da, bakoitzak bi liburu baititu 10 horien artean. Era berean, gaztelaniaz gehien mailegatutako 10 lanen zerrendan Eva García Sáenz de Urturi gasteiztarraren arrakasta azpimarratu behar da: hiru lan ditu zerrenda horretan.
Filmen maileguak
Iazko uztailean eLiburutegia filmak mailegatzen hasi zen. Orduz geroztik gehien eskatutako filmen artean Asier Altunak zuzendutako Amama eta Jon Garañok eta Jose Mari Goenagak zuzendutako Loreak daude. Horien atzetik agertzen dira Max Lang-en eta Jakob Schuh-en El Grúfalo animazioko filma, eta Alberto Rodriguezen eta Nacho la Casaren Ozzy lanaren euskarazko bertsioa.
Liburutegi digital honek 15.000 film (aste honetan bertan 800 igo dira) eta 600 audioliburu inguru ditu, Daisy formatuan, eskaintzen ditu, baita 17.020 liburu ere (titulu diferenteak). eLiburutegia proiektua 2014ko azaroan sortu zen, egilearen eskubideak errespetatuko dituen eduki digitalen kontsumo antolatua eskaintzeko helburuarekin. Eusko Jaurlaritzak mailegu bakoitzeko kopuru bat ordaintzen du, erabiltzaileei kultur eduki digitalak doan eskuratzeko aukera emanez. Filmen kasuan, eFILM-ekin lortutako akordioari esker, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak mailegu bakoitzeko, batez beste, 50 zentimo ordaintzen ditu.
Liburutegi digital hau erabili ahal izateko, erabiltzaileak Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarearen (EIPS) liburutegi publiko batean alta emanda egon behar du. Era horretan, liburutegi-txartelaren bitartez, pertsona horrek erabiltzaile-izena eta sarbide-pasahitza izango ditu. Halakorik ez duen edonor EIPSaren liburutegi batera joan daiteke eskatzeko. Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareak ia milioi bat erabiltzaile ditu.
Erantzun
Sartu