Teknologia albisteak

Netflixek hazten jarraitzen du... baina uste baino gutxiago

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-07-31 : 09:09

Netflixek 2019ko bigarren hiruhilebeteko datuak argitaratu ditu eta ez dira uste bezain onak. Hazten jarraitzen du, noski, eta 150 miloi harpidedunen langa gainditu du, baina uste zuenaren erdia hazi da azken 3 hilabeteotan. Azken 3 urteotako daturik kaxkarrenak izan ditu, eta badirudi dagoeneko hasi dela antzematen beste lehiakide batzuen indartzea.

Munduko VOD (video on demand) plataformarik zabalena dugu Netflix, bere arerio HBO, Amazon Prime eta gainerakoen aurretik alde handiarekin. Hala ere, azken 3 hilabeteotako datuak ez dira izan uste bezain onak eta azken urteotako hazkundea gelditzen ari dela ematen du. Egia da 150 milioi harpidedunen langa gainditu duela aurrenekoz, baina harpidetza berrien joera ez da espero zena. Izan ere, 5 miloi harpidedun berri espero zituzten 2019ko bigarren hiruhilabetekoan, eta erdiak izan dituzte, ozta-ozta. 2.8 milioi ordainpeko harpidedun, zehatz esateko, eta okerrena, Estatu Batuetan harpidedunek behera egin dute, 126.000 gutxiago baitira.

Hartara, azken 3 urteotako hazkunderik txikiena izan da udaberri honetakoa eta burtsan ere nabari dute, Netflixen akzioek behera egin baitute.

Lehiakide berriak sarean

Jaitsiera (edo hazkunde txikiago) honen arrazoi nagusia ikusentzunezkoen industrian gertatzen ari den iraultza da. Sareko bideo-plataformarik ez zegoenean sortu zen Netflix eta hutsik zegoen eremu bat bereganatu zuen oso denbora gutxian, lehiakide izan zitezkeen enpresa handien eta ekoiztetxeen adaptazio faltarengatik. Gutxika-gutxika, baina, ikusentzunezkoen industria bera ere berregokitzen joan da. Internet eta sarea euren etsai gisa ikustetik, ezinbesteko tresna bezala ulertzera igaro dira, eta une honetan Netflixi lehia egiten hasi dira. Horrela, azkenaldian, streaming bidezko bideo-plataformak ugaritzen eta indartzen joan dira eta Netflixek hainbat lizentzia eta eskubide galdu ditu eta bere katalogoa murriztuz joan da, zaleentzat interesa galduz.

Batetik, HBO eta Amazon Prime, Netflixen "betiko" lehiakideak ere indartzen ari dira. Baina garrantzitsuena da, plataforma berriak ere sortzen ari direla, horietako batzuk oso indartsu izan daitezkeenak, batez ere Estatu Batuetako merkatuan. Besteak beste, datozen hilabeteetan Time Warner (AT&T) eta NBCUniversal (Comcast) handiek beraien plataformak argitaratuko dituzte. Applek ere aurkeztu ditu bere asmoak zein diren. Eta ziurrenik okerrena Netflixentzat: Disneyk bere plataforma berria aurkeztuko du udazken honetan, Disney Plus, eta orain arte Netflixek ematen zituen dozenaka pelikula eta serie entzutetsu Disneyren plataforma berrira igaroko dira. 

Une honetan, behintzat, badirudi Disney izan daitekeela Netflixen arerio gogorrenetariko bat. Kontuan izan behar da Disney konpainiaren parte direla, baita ere, Pixar, Marvel eta Star Wars saga osoa, orain arte Netflixen ikus zitezkeenak eta guztiak ere plataforma berrira eramango direnak (izan ere, dagoeneko desagertu dira Netflixen eskaintzatik). Okerrik ezean, azaroaren 12an aurkeztuko da Disney+ Estatu Batuetan. Disneyren aurreikuspenen arabera, 2024rako 60-80 milioi harpidedun lortu nahi dituzte.

Netflixeko ordezkariek aipatu dutenez, beste ekoizle horien katalogoa murriztea ez da derrigor euren kalterako izan behar, orain arte lizentziatan gastatzen zuten dirutza ekoizpen propioak bultzatzeko erabili ahalko dutelako, eta horixe da azkenaldian Netflix sustatzen ari dena, bere serie eta filmak ekoiztea.

Nahikoa izango ote da orain arteko hazkundeari eta nagusitasunari eusteko? Hori ikusteko dago. Horretarako ezinbesteko izan beharko du, halaere, mundu mailan hazten jarraitzea, Estatu Batuetako merkatuak bere goia jo duelako. Munduan barrena du lehia eta itxaropena, beraz, Netflixek eta, seguru asko, bide hori lantzeko test moduko bat da Indian atera berri duen eskaintza: mugikorrean bakarrik ikusi daitekeen harpidetza bat 3 euroren truke.

Beste galdera bat ere erantzun beharko dugu epe laburrean, ea merkatu gero eta zatikatuago hori erabiltzaileon onerako edo kalterako izango den. Konpetentziak prezioak jaistea ekar dezake, baina erabiltzaileontzat askoz zailagoa izango da asetuko duen plataforma bakarra aurkitzea, ekoizpenak oso atomizatuta egongo direlako. 

 

.............

Grafikoa: Statista.

Erantzun

Sartu