Material berritzaileekin, kimikarekin eta ingenieritzarekin zerikusia duten bi proiektuk irabazi dituzte Toribio Etxeberria ekintzailetza sariak, beraien 29. edizioan. Surphase enpresak irabazi du enpresa asmoa, eta Ekolber izenekoak "enpresa berria" egitasmoa. Eibarko Tekniker ikertegian egin den ekitaldi batean eman dituzte sariak gaur goizean.
Bi enpresek patentatutako teknologiak dauzkate. Surphasek ur-arazketako filtroetan gertatzen den degrazioa aurrez igartzeko teknologia propioa dauka, merkatuan daudenak baino hiru aldiz eraginkorragoak. Horrela, ur-araztegien mantentzean aurrerapen handia dakarren zerbitzua garatu dezakete. Donostiako Joxe Mari Korta berrikuntza zentroan daude (EHUren Ibaeta kanpusean).
Ekolber Bergaran dago baina unitate bat zabalduko du Eibarren laster (horregatik Eibarren garatuko diren proiektuentzako sari berezia ere eskuratu du). Kasu honetan kimikariak dira enpresaren oinarria, eta garatu duten produktua, "kolagenoan aberatsak diren abeltzaintzako hondakinetatik lortutako kautxu-termoplastikoa" lortzea. Zera esan nahi du berba-saltsa horrek: hiltegietako larruetatik eta beste abere-hondakin batzuetatik, plastikoaren ordezkoak garatzea. Ontzi eta zorroetan izan daiteke aplikazio bat, eta aurrerakuntza eutsigarria delako da interesgarria, produktuak bio-degradagarriak baitira. Eibarren ezarriko duten ikerketa-unitatean, gainera, osasungintzarako aplikazioak aztertuko dituzte: aposito eta beste material biomediko batzuk ere garatu daitezkeela uste dute, abereen hondakin horiek erabilita.
Sari hauek Bic-Gipuzkoa enpresa sustapeneko erakundeak bultzatzen ditu Eibarko Udalarekin batera. Eibarko Udalaren partea izaten da sarietan Iñaki Goenaga ohorezko oroigarria ere ematea. Kasu honetan BOJ enpresa eibartarrak lortu du bat (tresneria metalikoa egiten duen enpresa, munduan famatu diren kortxo-ateratzekoak barne), eta bestea 25 urte bete dituen Alimek enpresa, jakien segurtasunean aholkularitza ematen duen bulegoa, zeina Bic-Gipuzkoaren baitan jaio zen.
Sariei buruzko informazio gehiago, finalista izan diren beste proiektuen informazioarekin, hemen.
Erantzun
Sartu