Diamanteak eta sekulako harribitxiak izango dira, baina ez zait iruditzen Louvreko lapurretako objektuen balio historiko eta kulturala beste mundukoa denik. Portzentaia infinitesimala han dagoen aberastasunean. Museoetan lapurretak ohikoagoak dira beste norabidean, kanpotik museora. Euskal Herrian ere badira kasuak, batek daki nola (ez zen izango txiripaz) objektu miragarriak gure herritik kanpo joan direnak, Madrilera batzuetan, Chicagoraino ere bai beste batzuetan.
Esate baterako, San Nikasioren taula. Lizarrako eliza batean egon zen 500 urtez San Nikasio, serio eta tinko burua eskuetan zuela.
1895ean markes batek [itxura guztien arabera] lapurtu zuela esan daiteke. Horixe iradoki izan du Javier Hermoso de Mendoza historialari lizarrarrak.
1895. urtean, Espainiako aristokraten familia batek, Feriako markesgokoak, Arintzanoko markesgoa ere heredatu zuen eta horrekin ustez Eulate zelako familiaren kapera ere bai, Lizarrako Done Mikelen elizakoa, non erretaula hau zegoen. Orduko markesak, Manuel Cruzat Otxagabiak, elizatik atera atera Arintzanoko jauregira. Utzi egin zioten, eta urte batzuk geroago, Valencia de Don Juan Institutura (Madrid) iritsi zen, bertatik 1925 inguruan Madrilgo Arkeologia Museora eramateko. Batetik bestera, ze tratu egongo zen ez dakigu, baina Hermoso de Mendozak uste du agintariei dagokiela Nafarroara ekartzea eskatzeko.
Beraz, erretaula hori Madrilen dago Arkeologia Museo Nazionalean, baina ez dakit erakusketa publikoan ote dagoen.
Sei mende dituen beste euskal erretaula batKexaakoa da. Hau urrutiago dago, AEBetan, Chicagoko Arte Institutuan.
Kexaan egon zen marabilla hau, Araban, 1913 arte, eta legalki edo, handik irten zen eta Londresko arte-merkatari baten eskuetan egon zen, non 1925an erosi zuen aberats estatubatuar batek. 1928tik, horren dohaintzagatik dago Chicagon.
Kexaako komentua, 20. mendearen hasieran, Lizarrako kapera bezala, familia aristokrata bati lotua zegoen: Albako Etxeari. Espainiako lur-jabe eta aberats handienetakoak. Esaten digute 21. mendean Albako duke-dukesek ezer jakin gabe gertatu zela hura, eta gainerakoan Gasteizko elizbarrutiak legalki saldu zuela taula.
Sinetsi egin beharko dugu, bai, El Correok zabaldutako albiste horretakoa, Albako dukeen gogoaren kontra erbesteratu zela artelana. Aristokrata espainolak artelanen eta gurtza-tokien patroi edo oinordetza-jabe zirenean, museistika arpilatzaile inperialistaren aroan bete-betean 1900. inguruan... Zelako aukerak tentaldian jausteko ezta? Baina ez, kasu bakan bat izan daiteke Albako Etxeak jabetza bat galdu zuela deskuido batean. Tururu.
Bestalde, Louvren gertatutakoa, ikusgarria ezta? Infografia interesgarri batekin osatu dute BBCkoek informazioa.
Laburtuz, hauek dira ostutako objektuak:
Bitxia bada ere (barkatu hala esatea), apurtu zuren erakusleihoko objekturik ospetsuena, Régent diamantea, ez zuten ostu. Litekeena da handiegia delako, ezagunegia saltzeko, eta aldiz beste piezek banakako ehundaka harribitxi dituzten, banaka saldu daitezkeenak.
Eta beste objektu nabarmen bat, Eugenia enperatrizaren koroa, atera zuten museotik, baina badirudi bidean jausi zitzaiela, kaltetuta kalean aurkitu baitzuten.
Erantzun
Sartu