Teknologia albisteak

Txori behaketa: Ikastaro bat Nafarroan, eta tresnak

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-07-18 : 12:05

Hegazti behaketa afizio interesgarria da, baina trebakuntza ere behar dezakeen jarduera da. Horretarako aukera bat, datorren uztailaren 27an (goizez), Errezun (Nafarroa), Aranzadi Elkartearen eskutik. Adi, 30 lagunentzako tokia dago, eta bete egin daiteke. Nagusiak 5 euro, eta haurrak doan, hemendik eros daitezke plazak.

Hastapeneko tailerra da, Euskal Herriko mendi eta parkeetan dauden hegazti ohikoenak behatzen eta bereizten ikasteko oinarrizko teknikak ematekoa. Jakinmina duten pertsonak daude gonbidatuta, aurretiaz inolako ezaguerarik eduki gabe.

Lizarrerriko Errezu herrian izanfo da. Uztailaren 29an, larunbatarekin, 10:00etatik 13:00etara luzatuko da jardunaldia, eta osagarri hauek izango ditu.

1. Hegaztien ezaugarri orokorren eta identifikazioaren azalpen laburra.
2. Gure inguruko hegaztiak behatzeko irteera.

Antolatzaileak, Aranzadi Elkarteak, ornitologia sail propioa dauka. Besteak beste, Euskal Herrian txori behaketara dedikatutako Ornitho.eus webgunea mantentzen du. Boluntarioen behaketak erregistratzen dira Ornithin, eta urtean 100.000 inguru erregistro biltzen dituzte. Ornithin jasotzen den informazioa, espezie eta leku desberdinetako biologia, ekologia eta kontserbazio ikerketak egiteko, sentsibilizazio eta ingurune-heziketarako, eta natur-ondarearen zaintzarako erabiltzen da; besteak beste, EAEko Euskadiko Naturari buruzko Informazio Sistemari lotuta baitago.

Txori behaketetan erabil daitekeen beste tresna bat eBird aplikazioa da (Android, iOS). Estatu Batuetako unibertsitate batek sortua, txango batean zabiltzala aktibatzen baduzu, mapa bidez adierazten dizu inguruan zein txori ikusi diren, zein kantitatetan, ze tokitan... Pista horrekin espezie batzuk identifikatzera anima zaitezke eta, noski, txori bat behatu eta identifikatzen duzunean, hura markatzeko ere bai. eBird gaztelaniaz eta frantsesez badago, ez euskaraz. Hemen pantaila irudi batzuk:

Erantzun

Sartu