Urte bete inguru falta da 2020an Tokion izango diren Olinpiadak hasteko, eta dagoeneko hasi gara ezagutzen xehetasunik gehienak. Besteak beste, Joko Olinpikoetan eta Joko Paralinpikoetan turista eta atletei laguntzeko sortu dituzten robotak aurkeztu ditu Toyotak. Atleten laguntzaile izango dira batzuk (edaria eramaten eta informazio lagungarria eskainiz, adibidez) eta baita turisten laguntzaile ere (informazioa emanez, norbere lekura lagunduz, mugikortasun-arazoak dituzten turistei lagunduz...). Japonian antolatutako Jokoetan... ezin bestela izan!
Olinpiar Jokoak kirola baino askoz gehiago izaten dira. Hiri baten edo herrialde oso baten izaera eta gaitasunak ikustarazteko erakusleihorik eraginkorrena ere badira, noski. Eta Japoniak ere aukera hori profitatu nahi du urte bete barru izango diren Olinpiadetan, besteak beste, punta-puntako teknologia daukan herrialde baten itxura emateko: goi mailako instalazioak, munduko garraio-sistemarik aurreratuena, teknologiarik garatuena, eta abar.
Aste honetan izan dugu horren adibideetako bat. Olinpiadak babesten dituen Toyota enpresak zazpi robot aurkeztu ditu prentsa aurrean. Robot hauen helburu nagusia izango da laguntza eta informazioa eskaintzea turistei eta atletei.
Joan zen astean izan zen aurkezpena Tokion bertan, eta "Robot proiektua" izenez bataiatu dute Olinpiar Joko batean lehenengoz gauzatuko den "bolondres" robotiko hauen programa. Proiektuko kide eta ordezkari den Nobuhiko Kogak azaldu zuenez, Toyotak ia 20 urte daramatza mugikortasun gutxiko pertsonei laguntzeko robotak garatzen eta bidean ikasitako guztia erabili nahi dute Tokioko Joko Olinpikoetan eta Paralinpikoetan parte hartuko duten atleta eta turistei ahalik eta laguntza handiena eskaintzeko.
Olinpiar jokoen izaerarekin batera dago bolondresaren figura. Milaka eta milaka hiritar aurkezten dira laguntzaile lanak egiteko. Azken batean, atleta eta ikusleen eguneroko bizitza ahalik eta errazena egiten laguntzen diete bolondresek.
Tokioko Jokoetan laguntzaile "bolondres" horietako batzuk robotak izango dira. Mota horretakoak dira, adibidez, aurkeztu berri diren robotetako bi: Human Support Robot (HSR) eta Delivery Support Robot (DSR).
Lehenengoak, HSR delakoak, beso eta esku robotikoak ditu eta gauzak jasotzeko edo hartzeko gaitasuna dauka, gure aginduetara. Turistak jaso ezin duen zerbait, edo oso goian dagoen zeozer... eta turistak harrapatu ezin duena. Batez ere, mugikortasun-arazoak dituzten bisitari (eta atleten) laguntzarako dago pentsatuta. Gidari lana ere egin dezake, instalazio olinpikoetan barrena bidea erakutsiz bisitariei.
DSR-ri dagokionez, bere lanik handiena jan-edana zerbitzatzea izango da. APP baten bidez egiten da eskaera, eta DSR robotak zerbitzatuko dizu eskatutako janari edo edaria.
Miraitowa eta Someity roboten kasuan, Olinpiar Jokoetako maskotak dira. Hau da, panpin edo kopin itxurako ohiko maskoten alboan, Tokion maskota robotak ere izango ditugu. Bisitariekin solasteko entrenatuta daude, harrera-guneetan dauden bolondresen antzera. Turistei harrera egin, barretxoa bota,... harreman publikoak, azken batean.
Beste 2 robot irudiekin eta ikusentzunezkoen daude lotuta. T-HR3 robot humanoidea da guztietan ikusgarriena, bere itxuragatik. Besteak beste, atleten inguruan egongo da, eta ikusleei atletekin elkarreragiteko aukera emango die, horretarako soinu-audioa transmitituz. T-TR1 komunikazio-robotak, aldiz, kirol-ikuskizunak modu birtualean ikusteko aukera emango die.
Amaitzeko, FSR (Field and Service Robot) kirol-ikuskizunak arintzeko dago pentsatuta, kirolari eta antolatzaileen lanak erraztuz.
Erantzun
Sartu