Teknologia albisteak

Itzulpenetan generoa sartzen hasi da Google Translate

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-07-26 : 09:35

Google Translate web zerbitzua generoaren araberako termino bikoitzak ematen hasi da ordainak generoa duten hizkuntzetan ematerakoan, adibidez gure inguruko erdaretan (frantsesez eta gaztelaniaz). Baina bakarrik funtzionatzen du hizkuntza handi batzuetatik. Ingelesez 'red' jarri, eta 'roja / rojo' ordainak ematen ditu espainolez. Baina euskaraz 'gorri' emanda, bakarrik 'rojo'.

Horra kolore gorriaren ordainekin aurkitu duguna:

Ingelesetik ondo, baina euskaratik?

Zergatik ez euskaraz? Ez dakigu. Irudietan ikusten duzuen ohar horretan (LORTU INFORMAZIO GEHIAGO) klikatu dugu, baina ez dugu ezer argirik atera. Kontsolamendurako, finlandiera bezalako hizkuntza estatal batekin saiatu gara, hartan ere ez baitago generorik, eta berdina izan da emaitza:

Adjektiboez aparte, lanbideekin ere probatu dugu. Goiko adibidea, musikaria frantsesez... eta hemen beste bat italieraz:

Generoa duten hizkuntza erromantze guztiekin ez dabil, dena dela. Galizierarekin ez dabil, adibidez:

Eta ez zen hain zaila izango, ze portugesarekin asmatzen dute:

Genero gramatikalaren kontu hau interesatzen bazaizu, horra duela aste gutxi batzuk Reddit-en agertu zen mapa bat, Europako hizkuntzen sailkapena generoaren arabera:

Euskara berdez markatu duten arren, genero gramatikalaren oso adiera bihurriarekin egin dute hori. Gure aburuz urdin argia behar luke euskarak, ingelesaren edo finlandieraren eremuak bezala.

Izaki animatu/ez-animatu bereizketa hori deklinabideko kasu bakar batzuetan bakarrik gertatzen da, Non-Norengan eta Nondik-Norengandik kasuen bereizketan (etxetik vs etxe-jabearengandik). Nahiko azaleko ezaugarria dirudi genero gramatikalak hizkuntza erromantzeetan duen zentralitatearekin alderatuta.

 

 

Erantzun

Sartu