Teknologia albisteak

Google da munduko enpresarik aberatsena, uztailean Apple gainditu ondoren

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-08-05 : 12:10

Tira, Google baino, Alphabet Inc. da munduko enpresarik aberatsena une honetan, Googleri aterpea ematen dion enpresa. 2019ko bigarren hiruhilabeteko datuak aintzat hartuz, Apple gainditu du eta aberatsen arteko aberatsena bihurtu da, The Financial Times egunkariak argitaratu berri dituen datuen arabera. 117.000 milioi dolarreko erreserba dauka une honetan (Applek 102.000 milioi dolar).

2019 hasierarako zituzten aurreikuspenak gainditu eta 38.940 milioi dolarreko salmentak izan ditu Googlek azken 3 hilabeteotan. Horri esker, eta Appleren jaitsieraren ondorioz, zerrendako lehenengo postua erdietsi du Kaliforniako enpresak. Apple, berriz, beherako joeran dago azken urtean eta oso urrun geratu da 2017an zeukan 163.000 milioi dolarreko erreserba.

Enpresa aberatsena izan arren, baina, Google ez da oraindik enpresarik baliotsuena, burtsako balioaren arabera oraindik Apple baita nagusi. Amazonekin eta Microsoftekin batera, milioi bat milioiko balioa gainditu dutenen klubean daude hiru handiak. Googlek oraindik beste jauzi bat eman beharko du aurreko hirurak harrapatzeko.

Erantzun

Sartu