Teknologia albisteak

Wikipediaren kalitatearen neurketa, eta zer egin hobetu aldera

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2019-08-05 : 10:07

Duela hilabete euskarazko Wikipediak estatistiketan emandako gorakadaz hitz egin genuen. Baina gorakada hori ez da bakarrik koantitatiboa. Kalitatean gora ari da euskarazko wikipedia: parametro neurgarriak daude hori adierazteko, eta are gehiago, gardentasunez Wikipediak bere burua neurtzen du puntu honetan.


Artikulu garrantzitsuenen sakonera rankingean, bi urtetan, 11 postutan aurrera egin du euskarak. Hauxe da ranking hori, Wikipedia orok izan beharko lituzkeen mila artikulu konparatzen dituena.

Artikulu beharrezko horiek osatzen laguntzen baduzu, are gehiago igoko da euskararen maila.

Horrez gain, wikipediako artikulu bakoitzak bere kalitatearen neurria publikoki adierazten du. Izenburu bakoitzaren azpian ikusiko duzue ikonoa eta puntuazioa.

ORES sistema erabiltzen du euskarazko Wikipediak neurketa honetarako. Sistema ez da perfektua, baina eskaintzen dizkigu hainbat pista artikuluen kalitatea neurtzeko. Sistemak maila ezberdinak eskaintzen ditu artikuluen kalitatea sailkatzeko (Nabarmen, Oso Ona, B edo Ona, C edo Nahuikoa, Hasiera eta zirriborroa), puntuaketa eta kolore ikono batzuekin.



Kolore markak argia dira, gorritik horira, eta horitik berdera, hori da hobetzeko bidea, izarra lortu arte. Eta nola lortu hobekuntza. Wikipediak berak ematen dizkigu pistak:

  • Atalak ondo bereizi: paragrafo luzeak ez ditu maite ORESek. Saiatu testua ulergarri egiten, paragrafoka eta atalka banatzen, eta emaitza hobea lortuko duzu.
  • Erreferentziak jarri: erreferentziak maite ditu. Zenbat eta gehiago, hobeto. Emaitzaren zati handi bat erreferentzia kopuruan datza.
  • Irudiz hornitu: atal gehienetan irudiak egotea saritzen du. Saia zaitez artikulua irudiz hornitzen.
  • Kategorizatu: lineala ez bada ere, artikulua kategorizatuta egotea garrantzitsua da.
  • Gehiago idatzi: artikulua luzeagoa bada, emaitza hobea izango du, gehienetan behintzat. Baina aurreko puntuak kontuan hartu!


Erantzun

Sartu