Asteburu honetan, igandean, ilargi eklipse osoa izango dugu eta ilargiak kolore gorrixka hartuko du ekialdetik irtetean. 20:30etatik 21:00ak arte ikusiko da Euskal Herrian ondoen. Ilargi-eklipseak seguruak dira ikusmenerako eta ez dute inolako babes berezirik behar.
Euskal Herrian errefuxiatuta bizi den Fouad Baker palestinarrak (Nazioarteko Zigor Gorteko Abokatuen Elkargoko kidea) mezua zabaldu du Bilbon asteazkenean Vueltaren harira izandako herri-protestaren ondoren. Testuak Mastodon-eus-etik bueltatxoa eman du, eta euskaratuta dakargu hona. "Euskaldunak gure historiaren parte bihurtu direnean" da izenburua. Gernika Palestina herri ekimenak elkarretaratze eta burrunba-ekintzak deitu ditu Gazako genozidioa salatzeko gaur arratsalderako (19.00etan, ostirala hilak 5) Euskal Herriko udaletxeen aurrean. Agian horietan baten batek irakur lezake testua, nahi balu.
Osakidetzak Itzulbide aurkeztu berri du. Itzultzaile neuronal bat da EAEko osasuneko profesionalentzat, euskaraz egiten diren kontsulta medikoetako informazioa gaztelaniara itzultzen duena. Euskara lan-hizkuntza eraginkorra izateko baliabide gehiago eskainiko dizkie profesionalei. Elhuyarrek eta Hitz Zentroak hartu dute parte Itzulbideren ikerketa eta garapen-prozesuan, 200 profesional baino gehiagorekin batera.
Bart AEBetan epai garrantzitsua eman da jakitera, Googleren monopolio izaeraren inguruko auzi batean. Googleren lehiakide eta bazkideek beren tresnak erabiltzeko baldintzak eraldatzeko neurriak proposatu ditu Amit P. Mehta epaileak, baina egon zitekeen neurri latzena baztertu du: Googleren (edo Alphabet deritzon enpresa matrizearen) adar osoak enpresatik bereizteko agindua eman zezakeela uste zen, bereziki Chrome nabigatzailea edo Android saltzea edo enpresatik bereiztea, baina hori ez da gertatuko. Bereziki, zenbait enpresa teknologikok adierazi zuten Chrome erosteko interesa, hala nola Perplexity AAn oinarritutako bilzatzailea, OpenAI (ChatGPTren sortzailea), eta Yahoo (aspaldiko zerbitzua, bizirik daude oraindik?). Ba ez, ez dute Chrome erosiko.
2022ko urtarrilean ireki zen Laba Iruñean, 2021ean abiatze kanpaina bat egin ondoren. Euskararentzako eta kulturarentzako espazio eta topagune gisa sortu zen Iruñearen erdian. Sei hilabetez itxita egon da aurten, eta eraldaketa baten ondoren, larunbat honetan berrirekiko da.
Erosketa jasangarriagoa egiten laguntzen duen Eroskiko tiketak irakurtzen dituen aplikazioa sortu dute: Jakizu.eus. Eroski dendetako tiketetan janariari dagokion erosketak irakurriz funtzionatzen du zerbitzuak, eta 0Km eta 0Zabor bidean informazioa ematen dizu erositako jakien inguruan, eta konttsumo jasangarriagoa egiten lagundu dizu. Jakizu.eus-en garapenean ACEDE enpresa kontsortzioak, CodeSyntax enpresak (Sustatu egiten duenak) eta Eroskik berak parte hartu dute.
Edukia kudeatzeko sistema indartsu eta software librekoa da Plone, CodeSyntax edukia kudeatzeko premia duen erakunde eta enpresei gomendatzen dien softwareetako bat. Ikasturte berri honetan ere Ploneren nazioarteko komunitatean jardungo dugu, udazkenean Jyvaskylan (Finlandia) egingo den Ploneconf 2025 biltzarrera joanda. Eta uda aurretik, hain zuzen, Beethoven Sprint delakoan egon ginen, Bonn hirian (Alemania).
Duela bi aste argitaratu genituen Ingurune digital segurua sustatzeko gomendioen sorta osatzeko, Eusko Jaurlaritzak argitaratu duen gidatik, beste jakingarri bat: mugikorrak eta adin-txikikoak, zein adinekin zer egin.
Ikasturte berrira begira "Bideojokoen munduan barneratzen" izeneko ikas-egoera argitaratu du Euskal Wikilarien Kultur Elkarteak (EWKE, euskarazko Wikipediaren kudeatzaileak) Wikikasi bere proiektuaren baitan. Interesa duenak modulo hau aplikatzeko 2025-2026 ikasturtean idatz dezake hezkuntza [a bildua] wikimedia [puntu] eus helbidera, eta EWKEren laguntza jasoko dute.
Euskarazko eskolak emate hutsa baina gehiago erdietsi beharko lukete ikastetxeek euskararen normalizazioan, horixe pentsatu dute Arabako Aiaraldea eskualdean. Eta hain zuzen ere, ikasturte berrira begira, halako konpromiso bat sinatu dute Aiaraldeko hamabi ikastetxek, 2024ko urrian Hernaniko Ikastetxeek plazaratutako dekalogo batekin bat eginez (Gu Geok ekimena deitu zioten han). Hamar puntu haiei, beste proposamen batzuk gehitu dizkiote, eta "Euskara gabe ez gara" manifestua kaleratu ere bai (irakurri hori hemen).
Martxel Ensunza ingeniari, irakasle eta euskaltzain urgazlea abuztuaren 23an hil zen, 73 urte zituela. Besteak beste, zientzia eta teknologiazko euskarazko testuak idazteko baliabideak zabaltzeagatik nabarmendu zen. Formulazio matematiko-fisikoetarako irakurbiderako arau nagusiak euskaraz proposatzen aitzindari izan zen, Kepa Sarasola irakasle eta informatikariak nabarmendu duenez.
Dani Larrea Mendizabal atzo hil zen, abuztuaren 24an, 65 urte zituela, gaixoaldi baten ondoren. Antzuolarra jaiotzez, Arrasaten urte askoan bizi izan dajkoa. 1997an eratutako Emun kooperatibaren sortzaileetako bat izan zen.
UEUk eta BadaLabek ikertzaile gazteei zuzendutako diziplinarteko ikerketa-proiektuen beka deialdia egin dute. Irailaren 22ra arte egongo da eskabideak egiteko aukera.
Elkar Fundazioak Joseba Jaka bekarako deialdia zabaldu du, sormen lanak sustatu eta laguntzeko asmok. Iaz literatur lana sortzeko izan zen bezala, 2025eko deialdian eleberri grafikoa edo komikia egiteko proiektu bat sarituko da. Beka 10.000 eurokoa izango da. Iazko deialdian Josu Goikoetxeak jaso zuen beka, Hiltzailea eta beste ipuin batzuk izeneko lana proposatuta.
BizkaiaTech aldizkarian Euskal fedibertsoari buruz elkarrizketa egin diote Abaraska taldeko Mikel Gartzia Santamariari. Aukera interesgarria ezagutzeko Bizkaiko Foru Aldundiak 2021eko kaleratzen duen agerkari hau. Lau ale dira urtero, eta udakoan etorri da fedibertsoari buruzkoa.