Teknologia albisteak

Googlek ez du Chrome edo Android saldu beharko

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
gaur : 08:43

Bart AEBetan epai garrantzitsua eman da jakitera, Googleren monopolio izaeraren inguruko auzi batean. Googleren lehiakide eta bazkideek beren tresnak erabiltzeko baldintzak eraldatzeko neurriak proposatu ditu Amit P. Mehta epaileak, baina egon zitekeen neurri latzena baztertu du: Googleren (edo Alphabet deritzon enpresa matrizearen) adar osoak enpresatik bereizteko agindua eman zezakeela uste zen, bereziki Chrome nabigatzailea edo Android saltzea edo enpresatik bereiztea, baina hori ez da gertatuko. Bereziki, zenbait enpresa teknologikok adierazi zuten Chrome erosteko interesa, hala nola Perplexity AAn oinarritutako bilzatzailea, OpenAI (ChatGPTren sortzailea), eta Yahoo (aspaldiko zerbitzua, bizirik daude oraindik?). Ba ez, ez dute Chrome erosiko.

Mehta epaileak argudio hau eman du Chrome bereizi edo saltzea arbuiatzeko: nekez da produktu independentea eta Googleren azpiegitura guztiarekin lotuta dago, eta salmentak ez lieke erabiltzaileei onik ekarriko.

Hala ere, epaileak Googlek egiten dituen zenbait negoziotan baldintzak ezarriko zaizkio. Gaur egunean, Googlek akordioak egiten ditu bilaketa funtzioak, Chrome, Google Asistant edo Gemini AA integratzeko beste zerbitzu batzuetan, eta duen indarrarekin enpresa horiek behartu ditzake akordio horietan baldintza extrak sartzera, hala nola app erabilpenean diru-portzentaia handiago bat atera trukean. Halako praktikak monopolistikoak omen dira, eta aldatu beharko dituzte.

Bilatzailearen erabilpenari dagokionez, beste proiektu batzuek erabiltzeko baimena izango dute, baina baldintza aldaketak gertatuko dira, eta datuen partekatze zabalagoa egin beharko du Googlek partaide horiekin. Honi buruz protesta egin du jada bere lehen erreakzioan Googlek, aitzakia jarrita erabiltzaileen datuak arriskuan egon daitezkeela.

Beste praktika bat eztabaidatua izan dena da Googlek ordaintzea batzuei bere bilatzailea lehenesteko. Hau Apple edo Mozillarekin egin izan du urteetan Googlek: milioiak pagatu horiei Safari eta Firefox nabigatzaileetan bilatzaile lehenetsia Google izateko. Ba praktika honekin jarrai dezaketela erabaki du epaileak, zeren eta, bere iritziz, hori debekatzeak kalte gehiago egin lieke Apple eta Mozillari, Google monpolistikoari baino.

Irudia: Googleren nabigatzailea (Chrome), Google Play aplikazioen biltegian (Googlerena noski), Androiden (Googleren sistema eragile mugikorra) instalatzeko.

Erantzun

Sartu