Teknologia albisteak

Itzulbide jarri dute martxan Osakidetzan, euskarazko lan-hizkuntza eraginkorragoa izateko

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
gaur : 10:11

Osakidetzak Itzulbide aurkeztu berri du. Itzultzaile neuronal bat da EAEko osasuneko profesionalentzat, euskaraz egiten diren kontsulta medikoetako informazioa gaztelaniara itzultzen duena. Euskara lan-hizkuntza eraginkorra izateko baliabide gehiago eskainiko dizkie profesionalei. Elhuyarrek eta Hitz Zentroak hartu dute parte Itzulbideren ikerketa eta garapen-prozesuan, 200 profesional baino gehiagorekin batera.

Praktikan, Itzulbidek profesional bat pazientearen historia klinikora sartzen denean, eta bertan beste profesional batek euskaraz idatzitako informazioa jasota dagoenean, berehala gaztelaniara itzultzeko aukera ematen du. Jaurlaritzaren oharraren arabera, tresnak hainbat onura dakartza: alde batetik, kontsulta medikoak euskaraz egitea errazten du pazienteak aukeratutako hizkuntza bada – betiere arreta ematen dion profesionalak euskaraz badaki –, eta, bestetik, beste profesional batek informazio hori eskuratu nahi badu eta euskaraz ez badaki, testua erraz itzultzea ahalbidetzen du.

Tresnaren garapenean, hainbat espezialitate eta kategoriatako profesionalek gaztelaniazko testu klinikoak bildu eta euskarara itzuli zituzten, eta, horrela, corpus linguistiko elebidun bat sortu zuten, itzultzaile neuronalaren motorra elikatzeko.

Tesna fase pilotu batean erabili dute dute Donostialdeko ESIan. Osakidetzaren organigraman ESI bat da Erakunde Sanitario Integratu bat, zerbitzuen kalitatea optimizatzea helburu duena, integratuz erakunde bakar batean osasun zentroetako lehen mailako arreta. Donostialdeko ESIan, beraz, jada historia klinikoan euskaraz idatzitako testu klinikoak itzultzeko botoi bat badute jada. Urtea amaitu baino lehen tresna hori Osakidetzaren sare osoan erabilgarri egotea espero da.

Argazkia: Felix Zubia garapenean parte hartu duen medikua, Itzulbide aurkezten (cc-by, Irekia)

Erantzun

Sartu