Euskarazko eskolak emate hutsa baina gehiago erdietsi beharko lukete ikastetxeek euskararen normalizazioan, horixe pentsatu dute Arabako Aiaraldea eskualdean. Eta hain zuzen ere, ikasturte berrira begira, halako konpromiso bat sinatu dute Aiaraldeko hamabi ikastetxek, 2024ko urrian Hernaniko Ikastetxeek plazaratutako dekalogo batekin bat eginez (Gu Geok ekimena deitu zioten han). Hamar puntu haiei, beste proposamen batzuk gehitu dizkiote, eta "Euskara gabe ez gara" manifestua kaleratu ere bai (irakurri hori hemen).
Dekalogo nagusia hauxe da:
- Hizkuntza gaitasunak eta joerak lantzeko ikasgai guztiak eta ikastetxeko jarduera guztiak hartuko ditugu kontuan.
- Euskal hiztun aktiboak sortu nahi ditugu, ez dugu nahikotzat hartuko euskara irakastea.
- Euskararen soziologia emango diegu ikasleei, hots testuinguruan jarri.
- Kulturartekotasuna hizkuntza eta kultura gutxituen ardatzetik landuko dugu.
- Euskararen erabilera sustatu eta babestuko duten espazioak sortuko eta lanketa sistematiko eta sakona egingo dugu.
- Euskaldun izatearen harrotasuna landuko dugu.
- Curriculumean euskal dimentsioa jorratuko dugu.
- Euskararen Herria, Euskal Herria, kontuan hartzen duten baliabideak erabiliko ditugu. Euskal curriculuma erreferente izango dugu.
- Euskarazko kulturgintzaren zaleak sortzeko lan egingo dugu.
- Euskara hezkidetzarekin batera landuko dugu zeharkakotasunez.
Puntu horiez gain, familien inplikazioa "ezinbestekoa eta determinantea" dela nabarmendu dute, eta honako eskakizun zehatzak egin dizkiete familiei beraz:
- Seme alabek euskararekin harremana izatea bermatu eskolatik kanpo ere.
- Euskaraz kontsumitu: aisialdian, kulturan, hedabideetan...
- Euskararekiko interesa eta aldekotasuna azaldu.
- Euskararen aldeko ekimenak babestu eta parte hartu.
- Garrantzia eman etxean hizkuntzari eta euskarazko materialak izan bertan.
- Hizkuntza portaeretan gurasoak eredu izan behar dute.
Eta beste 10 konpromiso zehatz ere eskatu dizkiete udalei eta bestelako erakunde publikoei:
- Hezkuntzara bideratutako udal aurrekontua aurrekontu osoaren % 5 izatea.
- Euskara sistematikoki bultzatzea, helburu zehatz eta mailakatuekin.
- Euskara zehar-lerroa izatea Udalean, egiten den orok euskararen irizpidea presente izan dezan.
- Kanpaina puntualak ez dira eraginkorrak, iraunkorrak eta epe luzekoak behar dira.
- Helduen euskalduntzea guztiz doakoa izatea bermatzea.
- Euskarazko aisialdi doako eskaintza bat bermatzea eta kirolean entrenatzaileak euskaldunak izatea bermatzea.
- Etorri berrien euskalduntzean laguntzeko baliabide eta doako laguntza programa sendo bat eratzea ikastetxeekin elkarlanean.
- Etorri berrientzako harrera protokoloak eratzea euskararen ikuspuntutik.
- Haur, nerabe eta gazteentzako eskaintzak euskaraz izan behar du.
- Ikastetxeetara zerbitzuak edo ekintzak bideratzean, espazio euskalduna direla errespetatzea eta hori ez urratzea.
Guztiek beren partea beteko balute... Informazio gehiago hemen.
Erantzun
Sartu