
Datorren larunbat honetan, ekainak 17, Gazte Euskaltzaleen I. Topaketak egingo dira Aretxabaletan, Gazte Euskaltzaleen Sareak antolatuta. Lelo hau jarri zaio topaketari: "Luze zabalean errotu / harrotu dadin". Izena emateko aukera oraindik, hemen.
EHUk iragarri du bihartik aurrera bere barne komunikaziorako tresna gisa Office 365 Microsoft azpiegiturara migratuko dutela (abuztuaren 31a bitarteko trantsizio epe batekin). Besteak beste, telekonferentziatarako sistema ofiziala (derrigorrezkoa?) Microsoft Teams izango da, eta tresna batzuk zein besteak erabiltzeko, "“Teams eta M365eko gainerako aplikazioak erabiltzeko, beharrezkoa da posta elektronikoko kontuak plataforma horretara migratzea", abisatu dute. LAB sindikatuak eta Unibertsitateko hainbat irakaslek eta langilek protesta egin dute Microsoft derrigor erabiltzeko ekintza honen alde.
Zabalik dago 2023ko Euskara ala Ezkara jardunaldian izen emateko epea. Elgoibarko Izarra euskara elkarteak urtero antolatzen duen hausnarketa soziolinguistikorako topaketak literatura izango du ardatz 2023 honetan.
Sorionekuak plataformak euskararen aldeko mobilizazioa deitu du larunbat honetarako (ekainak 10) Iruñean. “Egun horretan euskaren aldeko taupada indartsu bat sentitzea nahi dugu Nafarroaren erdi-erdian. Irulegiko eskuaren aurkikuntzak zerbait erakutsi baitigu hori baita: Nafarroa da euskararen lurraldea. Euskara ez da inondik heldu, hemen zen eta izango da”, azaldu dute antolatzaileek.
Duela urtebete jaio zen (publikoki, aurretik lana egon baitzen) Ikusgela proiektua, Eusko Jaurlaritzak bultzatutako euskarazko Wikipediaren proiektua (hura kudeatzen duen EWKE elkartearen bidez), ikus-entzunezkoen bidez hezkuntza kurrikulumeko gaiak azaltzeko egitasmoa. Orain, katalanera salto egin du egitasmoak. Bideo eta eduki libreen abantaila, eta euskarazko proiektu fin baten esportagarritasuna agerian hemen.
Jakina da (komentatu izan dugu Sustatun abenduan eta urtarrilean) Googlek iaztik euskarazko eta katalanezko emaitzak diskriminatzen dituela. Katalanei agindu zien Googlek auzia aztertuko zutela. Ez dirudi aldaketarik gertatu denik. Aldiz, katalanek "Aliantza Digitala" osatu zuten bertako enpresa, erakunde eta talde teknofiloen artean, eta aliantza horren bulegoak lan bat kaleratu berri du, txosten bat demostratzen nola ari den eragiten Googleren emaitza-diskriminazioa.
Azpeitiko Dinamoa ekimenak antolatu IA DENA jardunaldia datorren ekainaren 17rako. Aurtengo CAF-Elhuyar sarien baitan sorkuntza beka jaso zuen ekimen honek, eta zera da horren emaitza: Adimen Artifizialaren (ingelesezko sigletan, IA) inguruko topaketa bat.
Euskal Kultur Erakundeak, Euskal Itsasbazterrak eta Euskal Idazleen Elkarteak antolatzen duten "Literatura sorkuntza egonaldirako" 2023ko deialdia irekita dago, ekainaren 10a arte. Bi txanda proposatzen dira, bata Abbadia Eremuko Nekatoenea baserrian; eta bigarren hilabeteko egonaldia da Pasai Donibaneko Hugoenea etxean.
UXcon Donostia izeneko topaketaren lehem edizioa ekainaren 8an egingo da, Donostiako Aquariumean, goizeko 5 orduko jardunaldi batea. UX edo User eXperience, Erabiltzaile Esperientzia, garapen eta diseinu teknologiko eta industrialean urrats inportantea da.
Bilbon kokatutako Euskararen Etxean egiten den Euskal Alien Nazioa ihes-gela berritu da, eta martxan izango da ekainaren 5etik aurrera, eten baten odnoren.
BiscayTIK Fundazioaren gaztetxoentzako udaleku teknologikoetan (UdaTIK udelakiak) parte hartzeko matrikula epea ekainaren 22a bitarte irekita da. 9 eta 14 urte bitarte dituztentzat da UdaTIK. Partehartzea doakoa da eta BiscayTIK Fundazioak Getxon duen egoitzan gauzatuko dute uztailaren 3tik 14ra bitartean, goizeko ordutegian. Ikastaroko komunikazioa euskaraz izango da, tresnak ingelesez landuko direlarik.
Su planeta eta Gar izarra izendatu berri dituzte, baina ez dira Lurraz gaindiko euskal adibide toponimiko bakarrak. Galdakao, Elkano, Ekhi edo Suge bezalako tokietan zehar bidaia grafiko bat egin dugu Twitcheko zuzenekoan.
Elhuyar Zientzia Azokak 3 egun iraungo du 2023 honetan, ekainaren 2tik 4ra, eta Bilboko Areatzan egingo da. 60 ikastetxetako 700 gaztek hartuko dute parte, eta 200 proiektutik gora egongo dira ikusgai. Euskal Herriko ikastetxeetako gazteez gain, Espainiako eta nazioarteko azoketako saridunak ere izango dira: 7 talde etorriko dira. Ekainaren 4an (igandea) egingo da sari-banaketa. Ikerketa-enpresetan egiteko egonaldiak, ikasketa-bekak eta Espainiako zein nazioarteko azoketarako bidaiak jasoko dituzte.
Hiru Damatxo ekoiztetxeak Karkarkar ekimena jarri du martxan. Stand-up edo bakarkako monologo komedikoen alorrean, open-mic deritzon saiakera euskaraz probatzea da koxka: . "Stand-up probalekua" deitu diote honi, eta litzateke lehen aukera bat eskaintzea, monologo landu bat zirkulazioan jarri baino lehen, materialak nola funtzionatzen duen ikusteko aproba bat. Bihar ekainak 1 izango da lehen txanda (sarrerak ia agortuta) Donostiako Dokan. Ekainaren 29an hurrengo saioa prestatzen ari dira.
Gari-soroak 20. mendean desagertu ziren Bizkaia eta Gipuzkoako gehienetik, non eta ordura arte nekazaritzaren oinarri ziren Euskal Herri osoan bezalatsu. 21. mendean, baserri gutxi batzuetan berreskuratu da zereal honen langintza, eta horietako bat da Sosola baserria Eibarren. Bertako baserritarrak, Enrike Gisasolak, "Ibilaldi didaktikoa garien artean" izeneko lau txango antolatu ditu, ekaineko lau larunbatetan (ekainak 3, 10, 17 eta 24an), plaza mugatuekin, gariaren eta ogiaren berri ezagutzeko (euskaraz, jakina).
Joan den asteko albistea izan genuen Su eta Gar, exoplaneta bat eta bere izarra, izendatu dituztela euskarazko izenekin ofizialki, Nazioarteko Astronomia Elkarteak hartutako erabakian. Ez dira espazioan euskal izena jasotzen dute lehen objektuak, baina bai eguzki-sistematik kanpoko lehenak. Hurbilago geratzen diren beste objektu euskaldunei errepasoa egingo diegu artikulu honetan.
Iaz sortu Zer Non Ikusi (ZNI) webgunea sortu da, Kataluniako Desdelsofa.cat delakoaren eredura, plataforma desberdinetan dauden euskarazko edukiak aurkitzen laguntzeko. Normalean "plataforma" terminoarekin Filmin, Amazon Prime Video edo Netflix badatozkigu gogora, Youtube ere horrela ikus dezakegu, eta hain zuzen ere ZNIk hori kontuan hartu du hasieratik, eta are gehiago aurtengo apiriletik, non Youtubeko atala bereziki landu zuten. Orain, Youtubeko informazio multzo hori, euskarazko hainbat edukirentzako sarbidea, aplikazio bilakatu dute; Androiden bakarrik oraingoz, baina hor da ZNI TB, gauza praktikoa benetan interesa duenarentzat.
Nazioarteko Ploneconf 2023 konferentzia Eibarren egingo da urrian. CodeSyntax Eibarko enpresak Udalaren lankidetzarekin antolatua, ekimenak mundu osotik etorritako 200 bat aditu elkartuko ditu, Plone software libreko plataformaren garapenaz jarduteko. Sustatu egiten duen enpresa da CodeSyntax, eta bideo hau prestatu dugu gure herria eta PloneConf aurkezteko.
28M Locales izeneko aplikazioa prestatu du Espainiako Barne Ministerioak gaurko Hego Euskal Herriko udal hauteskundeen emaitzak emateko. Euskaraz partzialki dago, erdipurdi lokalizatuta, baina tira, zeozer. Adi, Aldundietako foru hauteskundeak eta Nafarroako Parlamentukoak ez ditu ematen aplikazioak.
Euskararen etorkizunaz gogoetatu eta gazteei entzuteko jardunaldiak antolatu dituzte Kontseiluak eta Jaurlaritzak lankidetzan: "Zer behar dute gazteek?", galdera hori da leloa, eta horri erantzuten saiatuko dira ekainaren 1 eta 2an Bilboko BBK Kunan izango den topaketan. Doako topaketa da baina izena eman beharra dago, astelehenera arte (maiatzak 29).