Gari-soroak 20. mendean desagertu ziren Bizkaia eta Gipuzkoako gehienetik, non eta ordura arte nekazaritzaren oinarri ziren Euskal Herri osoan bezalatsu. 21. mendean, baserri gutxi batzuetan berreskuratu da zereal honen langintza, eta horietako bat da Sosola baserria Eibarren. Bertako baserritarrak, Enrike Gisasolak, "Ibilaldi didaktikoa garien artean" izeneko lau txango antolatu ditu, ekaineko lau larunbatetan (ekainak 3, 10, 17 eta 24an), plaza mugatuekin, gariaren eta ogiaren berri ezagutzeko (euskaraz, jakina).
Eta Kitto Eibarko aldizkarian Gisasolak adierazi duenez, badira hamar bat urte garia ereiten hasi zirela Sosolan, 60 urteko etenaren ondoren. "Ogia egiten dugunez baserrian gari-alea errotan ehotuz, egokia iruditu zitzaigun gariaren laborantza ere berreskuratzea". 2020. urtetil hona Errezilgo beste bi baserrirekin batera (Solaka eta Irure Txiki) aintzinako gari-mota zaharrekin dihardute lanean.
15 toki daude txango bakoitzerako, eta egun bakoitzaren bezperan da izena emateko azken eguna (ez badira tokiak bete). Prezioa 10 euro dira, gari mota zaharrekin egindako proiektua pittin bat finantzatzeko, baina umeek doan izango dute.
Izena emateko, whatsapp bidez hona idatzi: 686204738
Txangoa hasiko da larunbat bakoitzean Eibarko Arrajola baserrian, eta amaituko Sosolan, 10.00etatik 12.00etara.
10.00etan Arrajolan egoteko, aldez aurretik prestatu eta gomendatzen dute Eibartik oinez joateako. Kanpotik etortzekotan, Eibarren aparkatu, herritik iparralderantz dauden aldapetan gora joateko. Mapa-irudi honetan, 1.2km-ko bide bat marrazten da, Eibarko Errebaleko aparkalekutik (Coliseo antzokiaren ondoan), Arrajolaraino. Hasieran eskilara mekanikoak, baina gero aldapa erraz batzuk. Baina tartetxoa badago, kontuan izan, kilometro pasatxo. Ikus irudia handiago hemen.
Informazio gehiago, Eta Kitto aldizkariaren PDF ale honetan (16-17 or.).
Galburuen irudia, Enrike Gisasola Sosolaren twitter haritik
Erantzun
Sartu