Sorionekuak plataformak euskararen aldeko mobilizazioa deitu du larunbat honetarako (ekainak 10) Iruñean. “Egun horretan euskaren aldeko taupada indartsu bat sentitzea nahi dugu Nafarroaren erdi-erdian. Irulegiko eskuaren aurkikuntzak zerbait erakutsi baitigu hori baita: Nafarroa da euskararen lurraldea. Euskara ez da inondik heldu, hemen zen eta izango da”, azaldu dute antolatzaileek.
Aldarrikapen zehatz honekin egin da deialdiae: “Nafarroa osoko herritar, herri, zonalde eta eragileei dei egiten diegu, haien herrietako jai, berezitasun eta kultur egitasmoak egun horretan Iruñera ekartzeko: norberak bere herriko zapia ekartzeko, txaranga, mozorro, jantzi bereizgarri, kultur talde, aldarri edo dena delakoa”.
Sorionekuak plataforma zenbait herritar euskaldun eta euskaltzalek osatu dute. Duela hilabete batzuk aurkeztu zutenenen euren buruan, hemen itsasten dugun manifestuarekin egin zuten:
Euskaraz ikasi, jolastu, mintzatu, barre egin, fikzioa ikusi eta amets egin nahi dugun herritarrak gara. Ager landetan ekimenak antolatzen ditugu, euskaraz idazten dugu, euskara irakasten dugu, kultura egiten dugu, kirola euskaraz sustatzen dugu, injustiziei hordagoa botatzen diegu… Finean, Nafarroa osoko hainbat eremutatik eta bidetatik gatozen herritarrak gara, gaurtik hasita, euskaraz bizi nahi dugunak.
Hala ere, ez dira gutxi egunerokoan aurkitzen ditugun oztopoak. Hamaika dira aurrean ditugun trabak: euskara ikastea ez dago guztion eskura dagoen zerbait; kulturaren ozeanoan tanta txiki bat da euskaraz ekoitzi eta zabaltzen dena; administrazioan zerbitzuak euskaraz jasotzea ez da erraza izaten, eta hiztun moduan eskubide desberdinak ditugu Nafarroan, gure posta-kodeak definitzen ditu geure hizkuntza-eskubideak; atzerriko hizkuntzen azpitik puntuatzen da euskara ehunka lanpostutan; paisaia linguistiko elebiduna izateak, maiz, esfortzu, borroka eta lan handia eskatzen du.
Baina guk ez dugu euskara kezkarekin lotu nahi. Telebista piztu eta konturatu gabe geure burua euskaraz gozatzen harrapatu nahi dugu. Ez dugu ahaleginarekin bakarrik lotu nahi. Erosketak egitera joan eta kezkarik, beldurrik nahiz lotsarik gabe euskaraz mintzatu nahi dugu parekoarekin. Euskaraz blaituta bizi nahi dugu, akaso, euskarari buruz gehiegi hitz egin gabe. Zorioneko izan nahi dugu, 2023ko sorionekuak, etorkizunari segida eman nahi diogulako.
Hori delako koska: euskarak ez du misteriorik behar, etorkizunarekiko ikusmira baizik. Guk ez dugu mugarik nahi; guk geuk ez dugu mugarik. Izatekotan, muga bakarra gu geu gara. Hemen bildu garenok bide horretan erein nahi dugu geure alea: euskara historia luzea duen hizkuntza da, baina, batez ere, etorkizun oparoa edukiko duena. Erabil dezagun sorioneku bihurtu gaituen 2.000 urteko eskua etorkizunari ongietorria emateko.
Horregatik, pauso bat aurrera eman nahi dugu: gurekin batera urrats hori emateko prest zaudeten eragile sozial eta politiko orori deia egiten dizuegu, dinamikarekin bat egin dezazuen eta euskararen aldeko bidea batera egin dezagun. Euskara ez baita museoetan gordetzeko harribitxia, euskara etorkizuneko hizkuntza da, Nafarroakoa, nafar guztiona, denona.
Zentzu horretan ez dugu atzean geratzeko asmorik: ardura politikoak exijitzeko garaia da, ez bazterketa betikotzeko garaia; ez dugu bigarren mailako herritar izan nahi. Eskubide guztiak herritar orori bermatuak izan daitezen nahi dugu, fikziozko mugarik gabe. Euskarari bere lekua eta prestigioa emateko eskatzen dugu, dagokiona; izan ere, euskarak hiztunak behar ditu eta hiztunok, eskubideak. Bereizkeria eta bazterketa ez dira aukera bat: pertsona guztiontzako eskubide guztiak nahi eta behar ditugu. Herritarrok egiten ari garen moduan, har dezala administrazioak erantzukizuna bere gain.
Herritarron garaia da, euskararen garaia da, Nafarroaren garaia da. Urrats bat aurrera egiteko garaia dela uste dugu eta horretara goaz. Batu gurera.
Euskara denona delako, nafar guztiona. Herritar guztion eskubideon alde.
Etsitzea ez da aukera bat. Erakutsi dugu eta oraingoaren ere erakutsiko dugu: efemeride berriak sortu nahi ditugu, historiaren orrialde berriak idatzi, euskaraz. Sorionekuak gu.
Gorde ekainaren 10a, Iruñean herri mobilizazio historikoa egingo dugu. Ezinbestekoa zara bide honetan.
Artikuluko ilustrazioa, Sorionekuak taldearen Twitter kontutik.
Erantzun
Sartu