
Juan Mari Aburto Bilboko alkateak eta Leire Cancio Orueta, Elhuyarreko zuzendariak, atzo inauguratu zuten BIZILABE-BILBAO, Euskal Herrian gazteentzat abian jarritako ikerketa eta aisia adimenduneko lehenengo zentroa. Elhuyarrek eta Bilboko Udalak sustatutako ekimena da, 12 eta 17 urte bitarteko gazteak ikerkuntzaren, zientziaren eta teknologiaren mundura erakartzeko asmoz, aisia ardatz hartuta.
Orain arte ezagutzen den ardorik zaharrena aurkitu dute arkeologoek. Georgian izan da, Tbilisi hiriburutik 50 kilometrora dagoen Gadachrili Gora aztarnategi neolitikoan. 8.000 urte dituzten pitxer handi batzuen hondarren artean aurkitu dituzte ardoaren aztarrenak. Aurkikuntza berriarekin, 1.000 urte luzatu da ardoaren historia, orain arteko aztarnarik antzinakoenak duela 7.000 urtekoak baitziren, Iran iparraldean aurkiturikoak.
Hemen da Wolfram Deunaren jaia, euskal zientzialarion zaindari apokrifoa. Aurten ere Bergaran elkartuko gara, ekitaldi fisiko, kimiko, analogiko eta antologikoa egiteko, Bergarako udalak antolatutako ZTB jardunaldien barruan. Azaroaren 9an izango da, Zabalotegi aretoan, 19:30ean.
Espainiako Botiken Agentziak Essure izeneko antikontzeptiboa (Bayer) erretiratu du denboraldi batez. Erabakiak mahai gainean jarri du berriro antisorgailuen gaia, eta emakumeon osasunean izaten duten eragina (ondorio negatiboak gehienetan, gure osasuna arriskuan jartzen dutenak).
2017-2018ko ikasturtean, Elhuyarren Zientzia Azoka proiektuan izena emateko epea zabalik da jada. Izena ematea doan da, eta oso erraza: sartu webgune berrian eta segi jarraibideei. Irailaren 25etik aurrera izena emateko epea zabalik dago. Zientzia Azokaren festa Bilbon egingo da 2018ko apirilaren 21ean.
Zientziarekiko interesa pizteko komunikazioa ezinbesteko tresna da eta lan horretan bidelagunak aurkitzea eta askotariko esparruak uztartzea beharrezkoa. Uztarketa horren fruitua da irailaren 21etik 24ra (gaurtik igandera) Ondarroan, Getxon, Igorren eta Bilbon izango den ekitaldia: “Jakinduriek mundue erreko dau 2017” #bertsozientzia emanaldia.
Atzo jakin genuen Donostiako arazoaren berri. Donostiako ur zikinak biltzen dituen estolda-sistema buxatuta dago, eskuzapiek sortu duten tapoi handi baten erruarengatik. Baina Donostiakoa beste adibide bat besterik ez da. Komunetik behera jaurtitzen ditugun paper-zapi, kleenex edota eskuzapiek sekulako arazoak sortzen dituzte gure estolderietan. Izan ere, eskuzapi ustez biodegradagarri horiek ez baitira horren degradagarri. Urtero mlioika euro gastatzen dira paper-zapiek sortutako arazoak konpontzen.
Urte bitik behin egiten da Frankfurten munduko auto-azokarik handiena dena, IAA azoka. Badirudi, aurtengoan gai bat izango dutela hizpide bertara gerturatuko diren fabrikatzaile, zaletu eta kazetariek: auto elektrikoak. Izan ere, garai baten amaiera ikusten ari garela dirudi, erregai fosil bidez dabiltzan ibilgailuen azkenengo belaunaldia izango omen da oraingoa. Industriako zenbait sektorek jarritako oztopoak ere gainditu beharko dira, baina etorkizuna elektrikoa da. Azken albisteak: Txinak iragarri du erregai fosilen ibilgailuen fabrikazioa debekatuko duela epe laburrean. Eta Volkswagenek esan du 2030erako bere modelo guztiek bertsio elektrikoa izango dutela.
Ostiral honetan (irailak 8) abiatuko da Norteko Ferrokarrillaren denboraldi berria. Astero, Guillermo Roa Zubia Elhuyarreko komunikatzailearen gidaritzapean, Euskadi Irratiko uhinetan egingo du geldialdia: ostiral gauetan, 22:00etan, eta larunbat arratsaldetan, 15:00etan.
Bird Photographer of the Year lehiaketak jasotzen ditu urtero hegaztien argazkirik onenak. Duela egun batzuk eman zituzten aurtengo irabazleen izenak. Ederrak. BPOTY lehiaketak argazkilari txorizaleen maisutasuna saritu nahi du, bide batez naturaren ezagutza eta kontserbazioa sustatuz. Irudi onenak liburu batean jaso dituzte. Hona hemen zenbait kategoriatako irabazleak, tartean flamenko familia hauena, 2017ko argazkirik onenaren saria jaso duena.
4-8 urteko neska-mutikoentzako esperimentu-liburu berria kaleratu du Elhuyarrek. Esperimentu-liburu hau ez da denbora pasatzeko soilik. Liburu honek guraso eta irakasleak gidatu egiten ditu haurrek pentsaera zientifikoa gara dezaten. Bizitza errealeko esperientzien bidez, ume oso txikiak ere gai dira esperimentuak diseinatzeko, egindako aurrerapena dokumentatzeko eta behar bezala emateko beren aurkikuntzen berri.
Aldaketa klimatikoaren eraginak begi bistakoak dira edonon, basamortuetan, ozeanoetan, kostaldeetan,... Eta eragin hori glaziarretan da nabariena, inon nabari bada. Mundu osoko glaziarrak urtzen ari dira eta desagertu aurretik glaziarren laginak jaso eta gordetzen ari da Alpeetako Unibertsitatea Ice Memory izeneko proiektuaren bidez. Izotzaren Santutegi bat sortu nahi dute Antartikan eta bertan gordeko dituzte galzorian dauden glaziarretako izotz-puskak. Azken batean, glaziarretan gordeta dagoen informazio historikoa (garai bateko klimaren lekuko baitira) etorkizunerako gorde gura dute. Datozen belaunaldietako zientzilariek ere ikerketa gehiago egin ahal izatea da helburua, glaziarrak desagertuta daudenerako.
Nazioarteko 28. Kartografia Konferentzia ospatu da uztailean zehar Washingtonen. Bertan izan dituzten dozenaka jarduera eta ekitaldien artean, bereziki polita iruditu zaigu haurren artean egin duten mapen lahiaketa. Mundu osoko mapak jaso dituzte, hainbat kategoriatan, zein baino zen ederragoak. Hona hemen batzuk.
Duela egun batzuk aipatu genuen nola Frantziako Gobernuak neurri ausartak iragarri dituen Parisko Akordioa betetzeko eta aldaketa klimatikoa gutxitzeko. Besteak beste, gasolina eta diesel ibilgailurik ez da salduko 2040 urterako, energia berriztagarrien aldeko hautua sendotu nahi da, eta energia nuklearraren pisua ahalik eta gehien txikitu. Atzo bertan jardun zuen Trantsizio Energetikorako Ministro Hulotek azken gai horren inguruan eta zenbait datu ere aurreratu zituen: datozen 8 urteotan, 2025 urterako, Frantzia osoan 17 erreaktore nuklear ixtea ari dira aztertzen. Kopurua oraindik ez da behin betikoa, baina Frantziak bide berri hori hartzea azpimarragarria da, gehienbat Frantziako Estatua delako energia nuklearraren 2. ekoizlea mundu mailan (Estatu Batuen ostean), eta azken belaunaldietan energia nuklearrak izan duen babeslerik handiena.