Teknologia albisteak

Gasolinazko auto gehiagorik ez Frantzian 2040an

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2017-07-07 : 09:33

Frantziako Gobernuak jakinarazi duenez, 2040. urtetik aurrera ez da gasolina edo diesel auto gehiagorik salduko Frantzian. Atzo iragarri zuen neurria Nicolas Hulot ingurumen ministroak. Ez zen izan atzo aurkeztutako neurri bakarra. Izan ere, beste zenbait neurri ere aurkeztu zituen, guztiak ere klima aldaketa gutxitzera bideratuak: "Ekonomia berdearen 1. indarra izan nahi dugu".

Estatu Batuek klima aldaketaren aurka izenpetutako neurri guztiak deuseztu nahi dituen bitartean, Frantziak kontrako bideari ekin nahi diola iragarri du, "orain arteko helburua zen karbono dioxido isuriak %50 jaistea; baina gure helburua da 2050erako erregai fosilik ez erabiltzea. Atmosferak xurgatu dezakeen CO2 kopuruak bakarrik igortzea, ez gehiagorik". Nicolas Hulot ministro frantsesak atzo aurkeztu zuen Plan Climat delakoa. Parisko Klimaren Akordioa betetzea da plan horren helburu nagusia, horretarako energia fosilen erabilera ahalik eta gehien gutxitu nahi da (ia desagertarazi arte) eta ekonomia berderantz bideratu nahi du herrialdea. Europako herrialde handien artean horrelako neurriak iragartzen dituen lehenengoa izan da Frantzia, Suediaren ostean

Egia da, hala ere, neurri zehatzegirik ez dutela oraindik aurkeztu, eta gasolinazko kotxeen desagerpena ere, merkatuaren legeak berez ere bideratuko duela datozen 20 urteotan. Legeak lege, 20 urte barru Europako kotxerik gehienak elektrikoak izango dira ziurrenik. Etorkizuna elektrikoa da; hemendik gutxira ulertezin egingo zaigu kale artean diesel motor baten kea arnastea, autobus batean tabakoaren kea ulertezin egiten zaigun bezalatsu. Erregai fosilen garaia amaitu da, betirako. Batzuek luzatu egin nahiko dute, baina alperrik ariko dira. Merkatuan beharrezko diren zenbait ajuste txiki gertatzen diren unean, ez da egongo arrazoi bakar bat ere gasolinazko ibilgailu bat erosteko. Dena dela, merkatuaren berezko norabide horrei laguntzeko, ongi etorri bitez lege eta araudi berriak. Legislazioak horretarako bultzada ematea ere lagungarri da, noski, eta atzo aurketutako beste neurri batzuek ere itxaropen zantzuak dakartzate.

Gasolina eta diesel ibilgailurik ez 2040tik aurrera

Trantsizio Energetikorako Ministroak iragarri zuenez, neurri handi eta zehatzena petroleo bidezko ibilgailuena izango da. 2040. urterako ezingo da saldu gasolina eta diesel ibilgailurik Frantzian eta bide horretan beste zenbait neurri ere hartuko dira datozen urteotan, "trantsizio garaia" izendatu duten honetan: auto zaharrak ordezkatzeko diru-laguntzak, ibilgailu elektrikoak erosteko erraztasunak, eta abar.

Gogoan izan dagoeneko munduko hainbat hiriburutan debekatuta daudela (neurri batean edo bestean) konbustiozko ibilgailuak, eta beste hainbat hiriburutan datozen urteotan debekatuko dela gasolina eta diesel ibilgailuak erabiltzea (tartean Paris, ondo bidean, 2020rako). 

Duela urte batzuk horrelako neurri bat iragartzea ezinezkoa izango litzateke, besteak beste auto fabrikatzaile nagusien jarreragatik, baina badirudi garai-aldaketa garrantzitsu bat izango dugula oso epe laburrera. Izan ere, frantziako fabrikatzaile nagusi diren Peugeotek eta Citroenek erantzun dute eurentzat ez dela arazo, 2023rako euren produkzioaren %80 elektrikoa edo hibridoa izango delako. Gogoan izan, aste honetan bertan iragarri duela Volvok 2019tik aurrera bakar-bakarrik kotxe elektrikoak eta hibridoak ekoitziko dituela.

Energia berriztagarriak gorantz, energia nuklearra eta fosila beherantz

Beste zenbait neurri ere aurkeztu zituen atzo Hulotek, nahiz eta zehaztasun handirik eman ez zuen. Besteak beste, hauexek izan ziren iragarritakoak:

  • Energia berriztagarriak indartzeko neurriak handituko dira. Helburua da energia berriztagarrien pisu erlatiboa %32 handitzea 2030erako.
  • Erregai fosilen prospekzio gehiago egitea debekatu nahi da (gasa, petroleoa edo ikatza bilatzeko); horretarako lege proposamena aurkeztuko da udazkenean. Oraingo meategiak 2040rako agortuko dira eta hortxe bukatuko da erregai fosilen garaia, azken 200 urteotan bizi izan duguna.
  • 2022an itxi egingo dira ikatzetik elektrizitatea lortzeko martxan dauden zentralak (totalaren %5 sortzen dute).
  • Energia nuklearraren produkzioa ere jaitsi nahi da; 2025erako totalaren %50era jaitsi nahi da (orain %75 da). 

 

...............

Argazkia: Mike Roberts.

 

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago